Emakumeak aurrera

2011ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Emakunden aukeratu dugun lemak 2011ko martxoaren 8a ospatzeko hiru errealitate islatzen ditu, aspaldikoak izanik ere, gaur elkarri loturik daudenak. Lehenengoa, egunaren ospakizunaren mendeurrena da, ehun urte igaro baitira Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzen hasi zenetik, 1911n. Ondoren, Nazio Batuen Biltzar Nagusiak 1975ean ezarri zuen martxoaren 8aren eguna. Egun baten mendeurrena da, baina ehun urte baino gehiago daramagu borrokan, eta hor dago lehenengo lotura: «Emakumeak aurrera» lemarekin, emakumeen aldarrikapenak berreskuratzen ditugu, askatasun, berdintasun eta duintasunaren aldeko aldarrikapenak, hain zuzen ere. Esate baterako, XIX. mendeko mugimendu sufragista gogoratzen dugu, eta Espainiako 1931ko Konstituzioan emakumeen botoa sartzea lortu zuten emakume errepublikazaleak ere gogoratzen ditugu: beste urteurren bat, 80 urte betetzen baitira.

Bigarrenik, «Emakumeak aurrera» diogunean, emakumeak besteak beste gobernu, instituzio, enpresa eta unibertsitateen burutzan egotearen beharra adierazten dugu nagusiki, erabakiak hartzen diren organoen burutzan emakumeak egotearen beharra, azken batean. Borroka feminista luzean, emakumeek beti aldarrikatu izan dute espazio publikoan parte hartzea, eta horri dagokionez, asko egin dugu aurrera. Baina ez da nahikoa parte hartzea, beharrezkoa da erabakimenean eragitea, eta hori lortzeko modurik eraginkorrena erabakiguneetan egotea da, eta agenda politiko, ekonomiko, kultural, akademikoetan eta abarretan eragitea.

Zergatik ez dugu ikusten emakumerik Estatuen burutzan, enpresa handien administrazio-kontseiluetan, unibertsitateen eta akademia zientifikoen burutzan? Emakume trebaturik ez egotea ez da arrazoia; izan ere, badaude, eta asko gainera. Soluzioa, beraz, ez digu denboraren joanak emango. Hautapen-mekanismoetan aurki dezakegu erabakimen-eremuetan emakumerik ez egotearen arrazoi nagusia. Zein mekanismo dira horiek? Kontua ez da curriculumak eta merituak hotz-hotzean balioestea; konfiantzako pertsona bat hautatzea da, maila goreneko kudeaketan arduraren zati bat erabat haren esku utzi ahal izateko. Beraz, hautapen-mekanismo informalak eta subjektiboak baliatzen dira. Laburbilduz, gizonek gizonak hautatzen dituzte.

Emakumeak aurrera lema entzutean, hirugarren elementu bat ere gogora ekar dezakegu. Emakumezko tunisiar, egiptoar eta libiarrez ari naiz, herrialde horietan iraultzaren «aurrealdean» dabiltzan emakumeez. Hausnarketa eta azterketa gutxi egin da emakume horiek krisialdi honetan eta abagune eta aldaketa-une honetan izango duten zeregin eta etorkizunaren inguruan. Oso gutxi erakutsi da iraultzetan izan duten zeregina, Tahrir plazan izan duten presentzia, adibidez. Hala ere, hor daude, bi aldiz zapalduak, erregimen politikoa eta ohitura misoginoak tarteko. Beren herrialdeen askatasunaren alde borrokatzen diren emakumeak dira, sistema demokratikoak ezartzearen alde borrokatzen direnak. Emakumeek borrokan dihardute, «aurrealdean» daude, baina eredu politiko berria erabakitzen duten alderdi politiko, mugimendu eta elkarteetan ere «aurrealdean» egon behar dute. Zeren eta ez estatu islamiko batek, ez gobernu militar batek, ez dute bermatuko emakumeen askatasuna nahiz aukera-berdintasuna. «Aurrealdean» ez badaude, beste iraultzabatzuetan beste emakume batzuek izan duten zorigaitz bera izango dute: borrokan aritu ondoren, ahanzturan geratu ziren, zokoratuta eta menderatuta.

Jaso dezagun 100 urte lehenagoko emakumeen espiritua eta egungo emakume askoren indarra, eta aldarrika dezagun justizia, aldarrika dezagun beharrezko dugula emakumeak aitzinean ere egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.