Emakumea eta lengoaia

2019ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Hitza menderatzaile handia da, zeinak gorputz txiki txikiaz eta ia ikusiezinaz, lan garrantzitsuak burutzen dituen (...). Zeren diskurtsoak, arima limurtuz, hitzetan fede izatera eta ekintzekin ados egotera bideratzen duen» Gorgias, Elenaren goraipamena.

Lengoaia, besteekiko erlazioetan nahi duguna lortzeko tresna da. Beraren bidezko mezua egiazkoa, faltsua edo gezurrezkoa izatea egoerak baldintzatuko du.

Lengoaiaren bidez norberaren boterea adierazten da, eta mezuaren esanahia inposatzeko gaitasunak botere horren maila jakitera ematen du. Politika arloan erabiltzen diren mezuak aurrekoaren adibide garbiak dira. Ontzat ematen da alderdi politiko ezberdinak daudela, baina denok hitz antzekoak erabiltzen dituzte (demokrazia, herria, askatasuna, justizia, eta abar), horien esanahiak ezberdinak edota kontrajarriak izaten direlarik. Hitz potolo horien esanahia gizarte mailan inposatzeak, herriaren borondatea kontrolatzea suposatzen du, hein handi batean, zeren eta horri ailegatuko litzaizkiokeenak (komunikabideen bidez eta heziketaren bidez, besteak beste) bere pentsamendua eratuz joango dira.

Hori dela eta, borroka ideologikoa lengoaian ere islatzen da, eta borroka horren garaileak izango dira galtzailearen kontzeptuen esanahiak desagerraraziko dituztenak, haiek eraldatuz, bere nahierara egokituz, demoniokeria bilakatuz edota alboratuz.

Lengoaiak genero erlazioak ere adierazten ditu eta, gainera, baloreen isla da. Horregatik, eta orain arte, lengoaia matxista izan denez, transmititu diren baloreak ere matxistak izan dira, genero erlazioak diren bezalakoxeak. Matxismoa desagerrarazteko lengoaia ere eraldatu beharko da, baina ez maiz gertatzen den bezala, hots, emakumeek gizonezkoen keinuak, hitzak, irudiak, tonuak, irainak eta abar erabiliz, zeren eta, horrela, balore matxistak zabaltzen dira. Ez, egin beharrekoagizonek emakumezkoen baloreak bereak bihurtzea da, eta horretarako emakumezkoen lengoaia garaile atera beharko da leia ideologikoan.

Ongi egon da, arestian aipatutako bidean emakumezkoen atzizkiaren alde borrokatzea, baina, ez da atzizkietan bakarrik matxismoak lengoaian izaten duen eragina, izenetan eta aditzetan baitago koska.

Zein da bizitzaz, demokraziaz, justiziaz, plazerraz eta abarrez emakumezkoen lengoaia? Zein lan egiteaz, jarduteaz, jolastuaz, maite izateaz…?

Balore guztien «birbaliotzea» da helburua, baina ez Nietzscheren modura, emakumezkoen modura baizik. Eta, horretarako, erreprimitua izan dena agerian jarri behar da, emakumeen artean gorde den komunikazio ezkutua plaza guztietara eramanez, denon altxorra bihurtzen delarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.