Duela hilabete bat Rotterdameko Nazioarteko Jaialdian nengoela, ekoizle ezagun batekin topo egin nuen, eta, zinema garaikidearen egoeraz hitz egiten geundelarik, «formula magikoa» eskaini zidan: «Hemendik aurrera, emakume asko egongo dira nire lantaldean, ahalik eta diru-laguntza gehien lortzeko». Zur eta lur gelditu nintzen. Erantzun gisa, ia amodioaren formula magikoa ere ezagutzen zuen galdetu nion, eta, nire harridura aurpegiarekin, joan egin nintzen, kaleko -2 graduko tenperaturarekin ezustekoa pasatuko ote zitzaidan edo.
Goya sariak banatu berri dira orain dela pare bat aste, eta, izendapenak eta sariak ikusita, emakumeen presentzia gaur egun oraindik ere nolakoa den berriro gogoratu (eta aldarrikatu) dugu. Oscarretan ere ikusi besterik ez dago nortzuk diren sari nagusietako hautagaiak. Hori bai, sari banaketaren aurretik, benetako protagonistak emakumeak dira oraindik ere, beren diseinuzko «burka» partikularrarekin, alfonbra gorrian maniki hutsen rola besterik ez baitute jokatzen gehienetan. Askotan esaten dugu emakumeak, filmetako protagonista-objektua izateari utzi, eta sortzaile-subjektu bihurtu garela, zinemaren historian emakumearen presentzia (zuzentzen, ekoizten, muntatzen, arlo teknikoetan...) areagotu dela, baina falta den bidea hain da luzea... Sari banaketetan zein jaialdietan programatzen diren emakumezkoen filmak oraindik oso eskasak direla gogoratzea ez da ezer berria. Beti diskurtso berdina eta zaharkitua azaleratzen da, eta, gainera, neurri batean, biktimistegi plantatzen gara. Baina, zelan lortu emakumeen presentzia indartzea? Zein izango da benetako ekuazioa?
Emakume zinemagileekin hitz egiten dudanean, lehenengo eta behin hainbeste miresten duten Anna Serner aipatzen didate. Serner, 2011. urteaz geroztik Suediako Zinema Instintutuko zuzendaria da, eta finkatu zuen finantzaketa-sistema berritzaileagatik oso ospetsu bilakatu da. Izan ere, bi urte eta erdian, genero-berdintasuna lortu du, emakumeek zuzendutako filmen kopurua gizonezkoek zuzendutakoa berdinduz. 2014ko datuen arabera, ekoitzi ziren filmeen %50tan emakumeak zuzendariak ziren, %55tan gidoilariak eta %65tan ekoizleak.
Neurri horiek bere testuinguruan kokatu behar dira. Beste hainbat esparrutan ere hainbeste liluratzen gaituen herrialde horretan, diru-laguntzetan paritatea bultzatzeaz gain, bestelako neurri aktiboak ezarri ziren: emakumeen ikusgarritasun eta promozio estrategiak, heziketa-plangintzak... azken finean, gizarte balioen aldaketa kolektiboa sustatu behar zen, haiek oso kontziente izan ziren benetako aldaketa ez zela egun batetik bestera jazotzen, eta diru-kontuak ez zirela konponbide bakarra.
Gurean ere, emakume zinemagileek diskriminazio positiboa urgentziaz indartzea aldarrikatzen dute. Ez nago neurri horren kontra, baina, kontuz ibili behar gara kontu honekin askotan gure kontra ere joka dezake eta. Badakit hau aipatzean feministak, postfeministak, neofeministak (edo dena delakoak garela) haserretu ahal direla, baina, neure aburuz, hain sakona den zauriari tirita bat ipintzea baino ez da.
Diskriminazio positibo hori egiteko, batik bat, diru-laguntza publikoetan puntuazio gehiago izatea aldarrikatzen dute, eta ez nago horren kontra, jakina, baina ekoizleek (gizonezkoak kasu gehienetan) oso arin ikasi dute euren ekipo tekniko-artistikoetan emakume asko sartzea komeni dela puntu horiek lortzeko.
Bestetik, ez dugu ahaztu behar euskal zinemaren industria oso txikia eta endogamikoa dela, eta dugun sistemarekin oso zaila suertatzen dela izen berriak agertzea, eta are gutxiago, emakumezkoenak. Urtero entzuten dugu laguntza publikoak betikoek jaso dituztela. Gainera, ez dugu ahaztu behar, industriatik eta eremu komertzialetik at dauden emakume sortzaileak ere badaudela, eta horiek ez dute inolako babesik.
Zinemaren ekuazio perfektua bilatzen ari garenean, diskurtsoa diru-laguntzetara soilik bideratzen badugu, oso begirada murritza izango genuke. Arazoaren erroa beste leku batean kokatzen da.
Zineman berdintasuna lortzea nahi badugu, nahitaezkoa da gure testuingurua kontuan izatea. Oso postmodernotzat hartzen dugu geure burua, baina euskal gizartean tradizioz ezarritako genero desberdintasunak gure eguneroko bizitzan pairatzen ditugu. Eredu berriak behar ditugu. Sortu behar ditugu. Zelan aldarrikatu emakumezkoen presentzia handiagoa izatea gure artean, botere postuetan ia emakumerik ez badago, adibidez? Hain ezegonkorra den zinemaren munduan, zelan kudeatu amatasun baja bat? Zelan bermatu familia kontziliazioa etxetik kanpo egiten den lan-jardunaldi luzeak kontuan izanda? Ondorioa ezaguna da: askotan etorkizun profesionalari uko eginda, lan egonkorrago bat bilatuta eta zaintza familiarra norberaren gain hartuta. Bestela esanda, tamalez betiko rolak mantentzea gizonen mesederako.
Betiko rol tipifikatuen esklabo izateari utzi behar diogu, eta, horretarako, hezkuntza da gakoa. Ezbairik gabe. Gure alabei etxean, familian, eskolan erakutsi behar diegu zinemagileak, teknikariak, astronautak edota lehendakariak izan ahal direla.
Eredu berriak ezarri behar ditugu benetako aldaketa nahi badugu. Gure unibertsitate, master zein bestelako zinema eta ikus-entzunezko ikasketetan emakumeak gehiengoa dira gaur egun, eta horrek epe labur-ertain batean bere fruituak emango ditu. Behin eta berriro talentu berrientzat laguntza zehatzak behar direla aldarrikatu izan dut hainbat erakundetan. Etorkizuneko zinema emakumezkoena izango da, eta, talentu berri horiei babesa emanez, etorkizuneko emakume profesionalen presentzia bermatuko dugu. The future is female oihukatzen dugunean, ez da kapritxo hutsa.
Beraz, emakume zinemagileen ekuazioaren inkognita argitzea nahi badugu, heziketa eta talentu berriak ez ditugu ahaztu behar, ardatza baitira. Belaunaldi berrien fruituak uste baino arinago ikusiko ditugu, eta gazteek ere ez dute ahaztu behar, Nina Simoneren ahots zoragarriak esaten ziguna: «singing about a revolution, because we´re talking about a change, it´s more than just evolution (iraultzari buruz abesten ari gara, aldaketaz hitz egiten ari garelako, eboluzio hutsa baino gehiago da hori).
Emakume zinemagileen ekuazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu