Emakume presoen bizia eta osasuna zeharkatzen dituzten bortizkerien aurka

Libertad Frances eta beste
2021eko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Joan den azaroaren 8an, emakume preso bat hil zen Iruñeko kartzelan. Albisteak erreakzio anitz eragin zituen: nabarmendu zuten hagitz larria zela kartzelan jendea hiltzea, eta azalpenak eskatu zituzten, jakiteko nola jokatu zuten instituzioek eta osasun zerbitzuek kasu jakin horretan. Haatik, biharamunean, komunikabideek arreta bertze zerbaitetan paratu zuten berehala, eta alde batera utzi zuten presoek, eta bereziki emakume presoek, jasaten duten egiturazko utzikeriaren eta abandonuaren salaketa.

Etengabeko eta askotariko bortizkeriek zeharkatzen dute emakume presoen bizia eta osasun fisiko eta mentala babestearen inguruko auzia, eta kartzelan sartu aitzinetik hasten da auzi hori. Emakumeok gizarte misogino honetan jasan behar dugun indarkeria etengabearen erakusgarri, berriki egindako ikerketa batek dio kartzelan dauden emakumeen %70-75 genero indarkeria larriaren biktima izan direla. Hala eta guztiz ere, CPT Torturaren Prebentziorako Europako Batzordeak duela gutxi kaleratutako txostenaren arabera, emakume bat kartzelan sartzen dutenean ez zaio arretarik eskaintzen arazo espezifiko horri: ez da ematen informaziorik, ez da egiten osasun azterketarik sexu bortizkeria izandako kasuetan, eta ez da eskaintzen inongo laguntza psikologikorik, nahiz eta Bangkokeko Arauek, zeinek askatasunaz gabetutako emakumeak babesten baitituzte nazioartean, betebehar horiek ezartzen dituzten.

Kartzelan sartzen dituztelarik, hango bizi baldintzek preso guzien osasuna okertu bertzerik ez dute egiten. Emakumeen kasuan, gainera, bortizkeria jakin batzuk gehitu behar zaizkio horri, eta, noski, bortizkeria horiek are gehiago okertzen dute osasuna. Delitu egitean jasan behar duten estigma da, ezbairik gabe, emakumeen osasunari kalte egiten dioten elementu horietarik bat; izan ere, gaizkileak eta emakume txarrakizatea leporatzen diete, ez baitute bete emakume obeditzailearen rola, ez emakume ez-bortitzarena, ez eta zaintzailearena ere. Horixe da delituren bat egin duten emakumeei ezartzen zaien zigor bikoitza, eta indarkeria bikoitza.

Gainera, emakume presoen ehuneko txikia —preso guztien %7 inguru dira— eta espetxe sistemaren antolaketa patriarkala direla medio, emakumeak ikusezin bilakatzen dituzte, eta baztertuta gelditzen dira; hori dela eta, kartzela are latzagoa da haientzat. Normalean, gizonentzat egindako kartzeletan sartzen dituzte emakumeak: zehazki, espetxeari erantsitako guneetan egon ohi dira, eta, emakumeentzako espetxe gutxi daudenez, maiz baldintza bereziki gogorrak onartu behar izaten dituzte —halaxe gertatzen da Iruñeko kartzelan: hango emakumeen modulua errespetu modulu bat da—, eta euren bizilekutik ehunka kilometro urrundu. Elementu horiek bortizkeria handiagoa dakarkiete emakume presoei, eta larriki erasaten diote haien osasun fisiko eta mentalari. Hain zuzen, jakina da suizidio tasa handiagoa dela presoen artean populazio orokorrean baino; bada, emakume presoen artean, are handiagoa da.

Nahiz eta emakume presoak bereziki zaurgarriak diren osasunari eta bizi kalitateari dagokienez, osasun arreta guztiz negargarria da Espainiako Estatuko kartzeletan. Hamaika kritika egin daitezke horren inguruan. Hasteko, mediku arretan ordena eta segurtasuna lehenesten dira osasun irizpideen gainetik, eta, bertzalde, osasun langileak falta dira; izan ere, zehaztutako lanpostuak ere ez dira betetzen, eta, ondorioz, ez da osasun arreta egokia ematen ahal.

Funtsezko bertze arazo bat, hauxe: buru osasunari eskaintzen zaion arreta eta suizidioen prebentziorako protokoloen funtzionamendua. Espainiako Estatuko kartzelak buru osasuneko arazoak dituen jendez beteak daude: zenbaitek kartzelan sartu aitzinetik bazituzten, eta bertze batzuek, berriz, zigorra betetzen ari zirela garatu dituzte. Kartzelaldiak sufrimendu psikologikoa handitu bertzerik ez du egiten; hainbertzeraino, non ohikoa izaten den presoek beren burua zauritzea, eta suizidatzen saiatzea. Hala ere, ez dago ia modurik buruko nahasmenduak dituztenek arreta psikiatriko egokia izan dezaten, eta, presondegietan, aitzinetik aipaturiko ordena eta segurtasunagatik eta baliabide faltagatik, zigorren bidez erantzuten zaie gertaera horiei, bide terapeutikora jo beharrean. Zenbaitetan, diziplinazko zigorrak ere ezartzen zaizkie, Torturaren Aurkako Batzordearen txostenean salatzen denez.

Norbaitek bere buruaz bertze egiteko asmoa duela sumatu eta suizidioen prebentziorako protokoloa abiarazten denean, neurri nagusi bat —eta, batzuetan, bakarra— hartzen dute: bertze preso bati agintzen diote zaintzale lanak egiteko, itzalarena egiteko; hots, 24 orduz kideari lagun egitea eta hura zaintzea dagokio. Neurri hori zentzugabea da: arazoak dituenari ez dio eskaintzen behar duen arreta profesionala, eta itzalarena egiten duen presoari ezartzen zaio —maiz aski, derrigorrez— egoera ezin konplexuago horri erreparatu eta eusteko ardura; beraz, horrek guztiak kalte egin diezaioke zaintzailearen osasun mental eta fisikoari. Praktika horrek desagertu egin behar du, eta, bertze behin, Torturaren Prebentziorako Batzordearen txostenean gomendatutakoari jarraikiz, behar bezala prestatutako osasun langileek arduratu behar dute halako egoerez.

Gure asmoa ez da testu honetan biltzea emakume presoek pairatzen dituzten bortizkeria guziak, horien larritasuna, eta espetxeratutakoen osasunean eta bizian duten eragina. Ezinezkoa litzateke.

Gure asmoa da laguntzea arreta behar den lekuan jartzen berriz: nork babesten ditu emakume presoak espetxe sisteman jasaten dituzten askotariko bortizkerietatik?, nola betetzen du estatuak emakume presoen osasuna eta bizia bermatzeko zeregina?, zer eginen du Nafarroako Gobernuak? Kartzeletako osasun zerbitzuari dagokion eskumena bere gain hartu ondotik, Iruñeko kartzelan preso daudenen osasuna eta bizia zaindu behar ditu. Gizarte zibileko kideok adi egon behar dugu, eta aldarrikapenak egiten segitu. Horrexegatik, azaroaren 25ean eta bertze egun guzietan, emakume presoak ere kontuan hartu behar ditugu emakumearen aurkako indarkeria salatzen dugunean. Nafarroako Salhaketako kideok ez diogu utziko oihukatzeari: Ez gaude denok, emakume presoak falta dira!

ARTIKULU HAI HONAKO HAUEK ERE IDATZI DUTE: Lorena Alemán, Irati Jiménez, María Rodés, Maje Martínez, Ruth Martínez, Claudia Velasco, Ana Berruezo, June San Millán eta Manuel Ledesma.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.