Pasa den asteburuan Itaiatik jardunaldi nazionala burutu genuen Hernanin. 1.000 pertsonatik gora bildu ginen emakume langileon zapalkuntzaren inguruan hausnartu, eztabaidatu eta horri erantzungo dion proposamen politikoaz jarduteko. Urteko lanaren emaitza izan zen jardunaldia. Hitzaldietan hainbat auzi jorratu genituen: zapalkuntzak kapitalismoan duen formaz, egun emakumeon zapalkuntzak dituen joerez eta prozesu politikoan emakumeok dugun parte hartzeaz eta horretarako gaitasunak eskuratzeaz aritu ginen.
Kapitalismoak berezko ditu zapalkuntzak. Kapitalismoaren aurretik sorturiko zapalkuntzak kapitalismoak bere egin ditu, bere interes ekonomikoak bermatzeko baliagarri zaizkiolako. Emakumeon egoerari dagokionez, ikus genezake lan baldintzak okerrera doazela, gero eta pobreago garela eta, ondorioz, instituzio burgesekiko dugun dependentzia handiagoa dela: bizi baldintzak bermatzeko gero eta beharrezkoago ditugu Administrazioaren ogi apurrak. Gainera, gaur egungo joera kultural sexualizatuek emakume langilea oraindik gehiago azpiratzen dute. Testuinguru ekonomiko-kultural horrek emakumeon antolakuntza politikoa zailtzen du.
Egoeraren analisiak aukera ematen du ulertzeko zapalkuntzaren amaiera forma berau betikotzen duen sistema kapitalistaren gainditzeak soilik ekar dezakeela. Zapalkuntza horiek lekurik izango ez duten gizarte antolaketa berri bat gaurdanik eraikitzen hastea beharrezkoa da. Horregatik, emakumeon antolakunde sozialistaren sorreratik emakumeon zapalkuntzari aurre egiteko bitarteko eta borrokak abiarazteari ekin diogu, emakumeon ahalduntze politikoa garatzearekin batera.
Zapalkuntza egiturazkoa dela aitortzeak, egitura hori amaitzea eskatzen du. Horregatik, emakumeon askapena Estatuaren baitako aitortza formalera eta aberastasunaren itxurazko banaketara mugatzen duen proposamen feminista ez da nahikoa. Diskurtso feminista gizarteko esparru askotan zabaldu da: hezkuntzan, zuzenbidean, ekonomian... Horren adibide esanguratsuena dugu Espainiako Estatuko politika feminista. Emakumearen aitortza sozialean aurrerapausoak eman direla ezin dugu ukatu. Hala ere, horrek ez du ekarri emakume langilea bere kateetatik askatzea: kapitalaren eta estatuaren momentuko gaitasun ekonomikoen eta interes politikoen araberakoak direlako aldaketa horiek, eta, gainera, aldaketa formalek ez dutelako zapalkuntzaren erroa zalantzan jartzen.
Emakume langileon askapena gauzatu ahal izateko proposamen ezberdinak eztabaidatu behar direla uste dugu, baita feminismoarenak ere, norabide egokia hautatzea baita helburua. Feminismoa ideologia gisa eta emakume langilearen askapenerako proposamen komunista bi proposamen ezberdin izan dira beti: lehenak emakumeen arteko klase interes antagonikoak aparte utzita subjektu banaezin gisa hartzen du hori; bigarrenak, aldiz, emakume langilearen askapena proiektu komunistaren baitan eta bertan emakume zein subjektu zapaldu ororen askapenerako edukiak integratuta soilik etorriko dela galdegiten du. Komunismoaren baitan kritika horiek emakumeok askatzeko proposamen eraginkorrak gauzatzeko egiten dira, eta ez gizonen gailentasuna mantentzeko. Langileriaren izenean hitz egiten duten baina emakumeon auziak gutxiesten dituzten proposamenak ere badaude, baina uste dugu horiek gutxi dutela komunistatik eta asko erreakzionariotik, eta horregatik borrokatu behar direla. Komunismoa gizatasuna askatzeko proposamen integrala delako, eta horrek ezin duelako bazterrean utzi jendarte honek eragiten duen zapalkuntza bat bera ere. Horrek guztiak elkarren ideiekiko zintzotasuna eskatzen du, karikaturak eta aurreiritzietan oinarritutako kritikak aparte utzita.
Itaiatik komunismoaren hautua egiten dugu emakume langileon askapena bere muturreraino eraman nahi dugulako. Lanean ari gara emakume langileok zein subjektu zapaldu orok egunerokoan bizi ditugun zapalkuntzei erantzuteko tresna eta borrokak martxan jartzeko eta gero eta emakume langile gehiago antolakuntza politikora batzeko.