Emakume kirolaria komunikabideetan

Patxi Juaristi.
2011ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Otsailaren 10ean eta 11n, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Bilboko Udalak eta BBK-k antolatu zituzten Genero Berdintasuna Eraikitzen jardunaldian parte hartzeko aukera izan nuen. Bi egunotan, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko bizitzako arlo desberdinetan eman behar diren pausoei buruz hitz egin genuen, formatu berritzailea erabiliz.

Aurreko asteetan, parte hartzaileek Internet bidez aukeratu zituen aztertu nahi zituen gaiak, eta gero, otsailaren 10ean eta 11n, gehien agertu ziren gaiak landu ziren; adituen mahaian lehenengo eta guztiok batera biharamunean. Besteak beste, komunikabideetan, enpresa munduan, ekonomian edota gizartean gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lortzeko dauden oztopo, arazo eta bideei buruzko diagnostikoa egin genuen, eta aurrera begira lan egin behar diren arlo, jarrera eta joerak zehaztu.

Atera ziren ondorioen artean, oso interesgarriak iruditu zitzaizkidan emakume kirolariek eta emakumeek egiten dituzten kirolek komunikabideetan duten presentziari buruzkoak. Kirol ikuskizunek, kirol prentsak eta kirolari lotutako berriek gure eguneroko bizitzan duten garrantzia kontuan hartuta, zer pentsa asko sortu didaten gogoetak eta datuak azaleratu ziren.

Gaur egun, emakume kirolari «idolo» gutxi dago gure artean. Eta horren arrazoietariko bat da emakume kirolariak gizon kirolariak baino gutxiago agertzen direla komunikabideetan. Puntako emakume kirolariak badaude, marka handiak egiten dituzten andrazkoak badira han eta hemen, baina presentzia txikia dute telebistetan, prentsa idatzian edota irratietan, eta agertzen direnean, emaitza itzelen ostean izaten da, ia beti (Roland Garros, Wimbledon, domina olinpikoak, Tourra eta Giroa, hamalau zortzimilakoak…). Batzuen ustez,gizonezkoen lorpenak balira, emakumeak agertzen diren baino askoz gehiago agertukolirateke. Gainera, taldean egiten diren emakumeen kirolak ia ez dira agertzen, nahiz eta emaitzak oso onak izan. Badirudi komunikabideei, interesatzekotan, emakume kirolarien bakarkako arrakastak interesatzen zaizkiela bakarrik.

Gutxi agertzeaz gain, kasu askotan, publizitateak emakume kirolariak morbo erotikoarekin lotzen dituzte, albo batera utziz arlo teknikoak edota kirol markak. Emakumearen gorputza edertasunaren eta erakarpen erotikoaren sinbolo garrantzitsuenetarikoa denez, ugariak dira emakume kirolarien gorputzak edo hauen gorputzen atalak erabiltzen dituzten iragarkiak; sarritan, kirolarekin zerikusirik ez duten produktuak saltzeko. Era honetako iragarkiek igortzen diguten mezu ezkutua zera da: edertasuna dela emakumeak gizartean arrakasta lortzeko duen arma bakarra; alegia, baloratua izateko kirol markak baino garrantzitsuagoa dela gorputz eder bat izatea. Modu honetan jokatuta, jendeari zera ahantzarazten zaio: ez da deusgai edertasuna, lagun ez badu ontasuna.

Azkenik, hau guztia borobiltzeko, kirol kroniketan, hizkuntza sexista nagusitzen da, eta emakumeei eta gizonei buruz modu estereotipatuan hitz egiten. Eta horrek mentalitateak aldatzea galarazten du, eta gizon eta emakumeen arteko desberdintasunak mantentzen.

Kazetari batzuek diote emakume kirolariak gutxiago agertzen direla era honetako kirolak gutxiago saltzen duelako, eta oinarrian komunikabideen helburua saltzea delako, eta ez genero desberdintasunak egitea. Beste batzuek diote emakume kirolariak komunikabideetan gutxiago agertzeko arrazoia ez dela horrenbeste emakumeen kirol markak nahita ezkutatzen direla, baizik eta fut-bolak beste kirol guztiak ezabatzen dituela, baita gizonezkoek egiten dituzten beste kirol batzuk ere.

Iritzi hauek arrazoi parte bat izan dezaketela onartuta ere, badirudi benetako arazoa dela, oraindik ere, komunikabideak gizonezkoen sentsibilitate eta interesen arabera egituratuak daudela nagusiki eta oro har emakumezkoen lorpenak, baita kirol arloan egiten dituztenak ere, ezkutuan gelditzen direla. Kirol erredakzioetan zein, oro har, komunikabideetako erantzukizun postuetan emakume kazetari gutxi egoteak ere eragin handia du horretan.

Mentalitate aldaketa bat behar dugu gizarteko arlo guztietan, eta, bereziki, komunikabideetan. Eta, horretarako, emakume gehiago behar dira kirol erredakzioetan, kirol prentsan zein komunikabideetako goi-karguetan. Horrekin batera, ezinbestekoa da emakume kirolariei eta emakumeek egiten dituzten kirolei laguntzea, prestigio soziala lor dezaten eta euren lorpenak ere ager daitezen. Azkenik, garrantzitsua da kirol aniztasuna bultzatzea. Futbolak beste kirol guztiak alboratzen dituela kontuan izanik, bigarren mailan gelditzen diren kirolen ikusgarritasuna lortu behar da.

Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna kirol prentsan emakumeek duten presentzia baino haratago doa, baina arlo honetan ere aurrerapausoak ematea ezinbestekoa da. Kli klok, gaur ez nauk ikusi, bihar ikusiko nauk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.