Idazlea

Eltzea erdi hutsa ikusteak

2024ko abenduaren 17a
05:00
Entzun

Nire ustez, ulergarria da gaur egun —azken hamarkadetan bezala— agintea eskura izateak itsutu lezakeela edonor; baita luzaroan gauza bera egiteak baldarkeria eta nagikeria —neurri batean— nagusitzea ere. Hortik aurrera, hainbat eta hainbat zabarkeria kontroletik at gorde behar izatea ere bai, ulertzen dut. Hori dena ulertzen dut, baina, besteak, Legebiltzarra betetzen duten beste horiek gutxiestea ez dut ulertzen. Jarrera hori ez da onargarria, ezta —garai bateko— adimenaren ispilu ere.

Nire ustez, ez da bide zuzena; baina egia da, urteak daramatzagu ontzat ematen ofizialtzat hartzen den diskurtsoa, egungo estatu eredua mantentzeko, hain zuzen, berak eraikitakoa. Diskurtso honen bitartez berezko konpromiso etengabea eszenaratzen dute hartu dutenek. Zertarako eta, egungo estatua legezkotzeko asmoz.

Diskurtso amarruti honen bidez nahi dute beste diskurtso baten gaurkotasuna estali, zaharkituta eta agortua balego bezala, baina errekuperatu egin behar dugu, bera baita sustraiei lotzen zaiona, arazoaren muinari alegia. Gakoa ez baitago Estatua legezkotuko lukeen nazioaren gabezian, baizik eta bere baitan dauzkan estatuarekiko arrotzak sentitzen diren nazio ugariak izatean.  

Horregatik ez da harritzekoa, urteen poderioz, eta esperientzia pilatzeko aukera izana baliatuz, zentzu politikoan, gaur egungo sistema demokrazia formal gisa definitzen denean, batzuek bekozko iluna jartzea, haserre, gutxiesgarritzat jotzen dutelako.

Aldiz, nik ez dut uste gure gizartea hain demokratikoa denik. Benetako gizartea, zatitu gabeko eta hierarkikoki klasetan sailkatu gabeko herritarrak, boterean modu eraginkorrean aritzea baldin bada demokrazia, argi dago demokraziatik urrun gaudela.

Agerikoa da, era berean, klase-diktadura erregimen baten bizi garela, indarkeriaren bidez inposatzen den klase boterearen pean. Baita indarkeria horren tresnak instituzionalak eta konstituzionalak badira ere. Eta hori hain maila handian gertatzen denez, nekez inork aldarrikatzen ahal du hemen benetako demokraziarik dagoenik.

Horregatik —eta hauteskunde guztietan bizitzen dugun bezala— arbitrariotasuna, bidegabekeria edota burokraziaren ustelkeria salatzen bada estatuaren boterea aipatzen dugunean, esan nahi du administrazioa, polizia, armada, finantza taldeak eta estatuaren aparatua deitu ohi den gauza zehaztugabe eta usain txarreko horretaz ari garela.

Garrantzia eman beharrean gaude, askotan, botere politikoa itxuraz harekin inolako zerikusirik ez duen erakunde batzuen bitartez gauzatzen baita. Independente plantak egiten dituzten baina ez diren erakundeen bitartez. Izan ere, botere politikoa batzuek uste duten baino askoz ere sakonagoa da.

Botereak euskarri gune eta puntu ikusiezinak eta ezezagunak dauzka. Hala, gutxien pentsatzen dugun lekuan dago haren benetako indarra eta iraupena. Ez da nahikoa gobernuaren, Estatuko aparatuen atzean klase menderatzailea dagoela esatea, jarduera eremuak kokatu behar dira, hau da, menderatze hori gauzatzeko lekuak eta tresnak.

Menderatze hori ez denez zapalkuntza ekonomikoaren adierazpen politikoa bakarrik, haren tresna baizik —zapalkuntza hori posible egiten duen tresna—, lehena desagerrarazi nahi badugu, bigarrena sakonki ahuldu beharrean gaude. Ez dago beste biderik.

Hortik aurrera, sistemako eragileek —batez ere espainiar nazionalismo soziologikoa osatzen dutenek— hartzen dute esku, behin eta berriro Sabin Etxean sortzen dituzten itunek erakusten duten bezala. Sistemarentzat nahitaezko aktoreak dira, haiek gabe aurretik aipatutako menderatze ekonomikoa asko ahulduko bailitzateke. 

Hamarkada luzez horrelako egoeran murgildurik bizi garela eta norberak bere kabuz ezer gutxi lor dezakeela ikusirik, urrats berriak eginez beldurrak eta nagiak baztertzeko egunak heldu direlakoan nago. 

Askotan irakurri eta entzun izan diet belaunaldi desberdinetako erakunde abertzaleetako buruzagiei, euren helburua Euskal Herriaren askatasuna dela. Zalantzan jarri ezin badut ere konpartitzen dudan helburu horren aldeko jarrera, ordea, ez dakit nola egin daitekeen jomuga horren alde, gaur egun egiten ari direnarekin.

Izan ere, historia errepikatu egiten da, eta bizitza politikoa batzuetan oso zaila dela frogatzen du. Dirudienez, behin eta berriro beren izaera politikoa aldarrikatzera behartuta daudenek ez dute ikusten estatu espainiarraren indarkeria ez dela erantzuna, hau da, indarkeria hori iraunkorra dela eta bere interes estrategikoak inposatzeko erabiltzen duela.

Beti defendatu izan dut inori ezin zaiola koherentziarik eza leporatu, denboraren poderioz ikuspuntuak moldatzeagatik. Eta hori pertsonen kasuan onargarria bada, alderdi politikoekin zer esanik ez.

Alabaina, nire ustez, zenbait kasu jakin heltze naturaletik urrunago ikusten ditut. Zenbait jarrera erabat aldatu izanak —hain modu nabarian— gaitzespena edo arbuioa bereganatzea, ez litzake harritzekoa izango.

Dena alde izanik, sistemaren babes osoarekin, nagusien ildoari jarraituz, eta hala ere mahai gainean eltzea erdi hutsa ikusteak, agian hausnarketarako beta eman dezake. 

Historiak egiaztatzen du, duela lau hamarkada bezala, gaur ere norbaitzuk hasieran aldarrikatzen zituzten definizioak moteltzen ari direla. Begiak ireki eta aurrera begiratzea da bide bakarra. Herria, beren herria, denen herria, dute zain. 

Bizitzaren erlojuaren orratzak ez baitira gelditzen, bere taupadak ez dira aldatzen, gu gara egokitu beharrekoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.