Josu Juaristi.

Elkartasunari ateak itxita

2016ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Europar Batasunak askotan eta askotan egin ditu hanka-sartzeak, ezin esan aspaldi honetan fin dabilenik, baina errefuxiatuen kontuan marka denak tapatu behar dituela esango nuke. Oso era hipokritan, gainera, eta arriskutsuan. Martxoko goi bileran estatu eta gobernuburuek Turkiarekin berretsiko duten akordioa errealitatetik at dago, erabat, eta zentzugabea da. Arriskutsua da Europarentzat, baita herri kurduarentzat eta Ekialde Hurbil osoarentzat ere.

Oso bitxia izan da Europako Parlamentuko osoko bilkuran aste honetan gertatu dena: errefuxiatu hitza bera ere desagertu egin da Kontseiluaren eta Batzordearen diskurtso ofizialetatik. Hennis-Plasschaert Herbehereetako Defentsa ministroak (Kontseiluaren izenean) eta Valdis Dombrovskis Batzordeko presidenteordeak migratzaile hitza aipatu zuten etengabe, behin ere ez errefuxiatu hitza, Turkiako itsasertzean Europara etortzeko zain dauden pertsonak guztiek goizetik gauera errefuxiatu izaera galdu izan balute bezala.

Akordio hori onartezina da, ez soilik Turkiarekin sinatu duelako Europar Batasunak, baizik eta, edonondik begiratuta ere, katastrofe bat delako, hondamendia, batez ere eta bereziki, jakina, pertsona migratzaile eta errefuxiatuentzat. Pertsona horiez ari baikara, pertsona horien oinarri-oinarrizko eskubideez. Turkiak bere administraziopean dagoen lurraldean bertan populazio zibila (kurduak, alegia) bonbardatzen duela? Turkiak oinarrizko eskubideak egunero bortxatzen dituela? Ba bestaldera begiratu eta listo.

Akordioak helburu nagusi bat du: Europar Batasuneko mugak ixtea. Akordioa aplikatzen hasi aurretik, Greziako uharteetan dauden errefuxiatu guztiak hortik ateratzeko exijitu dio Ankarak Europari, eta une horretatik aurrera hasiko lirateke aplikatzen akordioa. Hortik aurrera, esan bezala, Europar Batasunak kanporatzen duen migratzaile bakoitzarengatik beste bat bidaliko dio bueltan Turkiak. Dirua zuritzen den moduan, baina pertsonekin, lotsagabe, Turkiak eskatuta eta Europak onartuta: «Nik (Europar Batasuna) legez kanpoko migratzaile bat bidaliko dizut (kanporatu) eta zuk (Turkia), ordainetan, legal bat bidaliko didazu, siriarra, jakina». Horrela, hitz horiekin, ari dira Batzordea, Kontseilua eta Europako Alderdi Popularra eta eskuin muturra.

Atearen giltza ofizialki Turkiari emateaz gain, Europar Batasunak bisadoen liberalizazioa bizkortu (turkiarrentzat; kurduentzat ere izango ote da?) eta klubean sartzeko negoziazio prozesua (adhesioa, alegia) azkartuko du. Trukean, Ankarak beste 3.000 milioi euro jasoko ditu. Trukean, bere muga ondoko Siriako lurraldean «gune seguru» baten kontrola emango zaio, formalki errefuxiatuentzat edo desplazatuentzat kanpamenduak sortzeko, edonork badaki ere jihadistak entrenatzeko erabiliko direla, gero kurduen aurka edota Sirian borrokatuko dutenak. Edozeinek dakien bezala, bestalde, Turkiako Gobernua errefuxiatuak erabiltzen ari dela nahi duenean, komeni zaionean, Europar Batasunari presio egiteko, nahi duena lortzeko: dirua eta kontrola. Eta, bide batez, kurduen aurkako errepresio izugarriaren aurrean Europar Batasunaren isiltasuna bermatzeko. Berez, Turkiako Armada eta indar bereziak kurduen aurka egiten ari direna edozein negoziazio bertan behera uzteko nahiko arrazoi izan behar zuenean.

Estatu kideek eta Batzordeak aste honetan esan eta errepikatu dutenez, akordioarekin pertsonen trafikatzaileen negozioa moztu nahi dute. Ezagutu nahi ez duenak errepikatzen omen du historia. Lesbosera, Lampedusara edota Balkanetako bidera joan eta errefuxiatuekin eta gobernuz kanpoko erakundeekin edo boluntarioekin hitz egin duen edonork (edota, bidaiatu gabe, zentzuduna den edonork, jakina) esango dizu mafiak txaloka eta algaraka hasten direla Europar Batasuna mugak ixten hasten den bakoitzean. Jakin badakitelako jendeak mugitzen jarraituko duela, jakin badakitelako gerratik eta miseriatik ihesi atera beste irtenbiderik ez dutela, eta ateak ixten badizkiete mafiei ordaindu eta bizitza arriskatu beste aukerarik ez dutela. Eta hori da errealitatea, aspalditik. Sinplea bezain izugarria.

Estatu kideek hartaka edo hontaka atea itxi nahi dute, etorrera moztu, hori da lehentasuna, bakarra. Gainontzeko guztia hitzak dira. Bide legaletatik bakarrik iritsiko direla bermatu nahi omen du Europar Batasunak, hori dio. Eta hara, bide legala Turkia da! Genevako Ituna ere betetzen ez duen Turkia totalitarioak izango du Europako giltza, berak erabakiko du zein den legala eta zein ilegala, nor sartuko den eta nor ez Europar Batasunean.

Akordioa indignoa da; lotsagarria; erabat injustua; elkartasun printzipio guztien aurkakoa; Genevako Itunak propio ukatzen dituen kanporaketa kolektiboak ekarriko dituena; ia galdu den asilo eskubidea lurperatuko duena; pozoitutako akordioa da; eskuak garbitzeko sortua; 6.000 milioi euro ordaindu eta bestaldera begiratzeko erabiliko dena; milaka eta milaka eta milaka familiari bizitza ukatzen diena; hipokrita eta nazkagarria ahoa Europako balioekin eta giza eskubideekin betetzen dutenean; porrot morala; lege humanitario eta lege internazional guztien aurkakoa; eta kurduen exodo berri bat bultzatuko duena akordioak Turkiako errepresioaren aurrean Europako isiltasuna dakarrelako.

Europar Batasuneko estatu kideek errealitate paraleloa sor dezakete paperean, 6.000 milioi euroren eta milaka lagunen bizitzaren truke, aldi baterako hor bizi daitekeela ere irudika eta sal dezake, baina horrek ez du esan nahi errealitatea haren asmo edo nahi ezkutuetara egokituko denik. Ekuazioa, beti, alderantziz doa.

#refugeeswelcome
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.