Berriki, politika orokorrari buruzko eztabaida egin da Eusko Legebiltzarrean. Prezioen igoerak eragindako egoerari aurre egiteko epe labur eta ertaineko neurriez gain, beste titular nagusia herri-itunak egiteko beharra izan da. Horretarako, Urkullu lehendakariak bost arlotako itunak proposatu dizkie gainerako taldeei: aurrekontuak, energia, demografia, hezkuntza eta lehen mailako arreta.
Oposizioko taldeen erantzunak ikusita, ez dirudi lan erraza izango denik itun horiek sinatzea. Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundetik, nazioarteko lankidetzan lan egiten duten 84 gobernuz kanpoko erakunde biltzen dituen saretik, ahalegin hori egitera animatzen ditugu indar politikariak, haien emaitzak, zalantzarik gabe, merezi izango baitu. Gainera, herri-itun gisa beste akordio bat sartzea proposatzen diegu: elkartasuna.
Euskadi eta, zehazki, Bilbo aukeratu berri dute 2030erako Tokiko Koalizioaren Idazkaritzaren egoitza izateko. Nazio Batuen erabaki horrek garapen iraunkorrerako 2030 Agendaren arloan euskal gizarteak eta erakundeek egindako ibilbidea aitortzen du, eta etorkizuneko proiekzioa ere bultzatzen du. Baina, era berean, horren arabera jokatzera behartzen gaitu. Horregatik, ez da nahikoa eskoletan eta unibertsitateetan Garapen Jasangarriaren Helburuak irakastea, edo gure enpresek hamazazpi helburu horietan nola laguntzen duten azaltzen duten txosten ez-finantzarioak argitaratzea. Beste urrats bat egin behar dugu, eta herri eta gizarte gisa elkartasun iraunkorraren alde egin, inor atzean ez uzteko.
Elkartasun iraunkorra arlo sozialean. Ezin baitugu onartu desberdintasun gero eta handiagoak dituen mundu bat, gosea pasatzen duten 850 milioi pertsona baino gehiagorekin eta edateko ura eskuratzeko aukerarik ez duten ia 800 milioirekin. Bost urte bete gabe hil diren bost milioi haur baino gehiago dituen mundua, edo gatazken eta indarkerien ondorioz migratzera behartutako 70 milioi pertsona baino gehiago dituena.
Elkartasun iraunkorra arlo ekonomikoan. Mundua gaur egun aberatsagoa delako, baina inoiz baino desberdinagoa. Biztanleriaren %10 aberatsenaren batez besteko diru-sarrera, gutxi gorabehera, %10 pobreenarenarena baino 9,5 aldiz handiagoa da. Aberastasunaren desberdintasuna are nabarmenagoa da. Diru gehien duen gizartearen %10 aberastasun osoaren erdiaren jabea da, eta txirotutako pertsonen%40k ondasun horren %3 baino ez du. Baina desberdintasun horiei sexuaren, generoaren, adinaren, desgaitasunaren, arrazaren, jatorri etnikoaren, erlijioaren edo legezko estatusaren araberako diskriminazioa gehitzen badiegu, pertsona, gutxiengo eta talde askok erabat baztertuta jarraitzen dute.
Eta elkartasun iraunkorra ingurumenari dagokionez. Argi baitago planeta hondatzen ari garela eta gure ama lurrarekin amaitzen ari garela. Aurtengo udako beroaz eta euri faltaz kexatzen gara, baina, hala ere, ezer gertatuko ez balitz bezala bizitzen eta kontsumitzen jarraitzen dugu. 2022an, munduan 26.500 milioi tona CO2 baino gehiago isuri ditugu, hiru milioi hektarea baino gehiago deforestatu dira eta zortzi milioi baino gehiago desertifikatu dira.
Joan den irailaren 6an Elkanok munduari egindako itzuliaren 500. urteurrena ospatu genuen, jaieguna barne. Herritarrak, enpresak, kooperatibak, gizarte-eragileak, hirugarren eta laugarren sektoreko eragileak animatzen ditugu, eta agintari eta administrazio publikoei eskatzen diegu, gurea den gizarte aurreratu gisa —aberastua ez esatearren—, Elkanok nabigatu zuen mundu hori turismorako edo lehengaien erauzketarako lekutzat bakarrik ez dezagula har. Ez bakarrik gure produktuen salmentarako edo ikasteko eta lan egiteko, bertako biztanle guztien etxe komun gisa ere, bizitzak ematen digun lekua.
Horregatik, Lankidetza eta Elkartasunari buruzko Euskal Lege berriaren aurreproiektua prestatzen ari garen honetan, Diputatuen Kongresuan Garapenerako Lankidetzari eta Elkartasun Globalari buruzko Lege Aurreproiektuari zuzenketak izapidetuko zaizkigun honetan, 2023rako aurrekontuetan pentsatzen ari garen honetan, Eusko Legebiltzarrean herri-itunez hitz egiten ari garen honetan... egin dezagun herri-itun bat elkartasun iraunkorraren alde. Koka dezagun pertsonen eta herrien arteko elkartasun hori bizitzaren erdigunean, behingoz 1970. urteko Nazio Batuen konpromisoa betez, esaterako, herrialdeko errenta gordinaren %0,7 lankidetzako politiketara bideratuz, Euskal Lankidetza Legeak ere dioen moduan, eta, orduan bai, euskal gizartea elkartasun erreferente bilakatu.
Elkartasunaren aldeko herri-ituna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu