Euskal gehiengo sindikalaren ordezkariek eta unibertsitateko irakasle-talde batek manifestu bat sinatzeko deia egin dugu http://www.activism.com plataforman, urriaren 1eko Kataluniako erreferendumarekiko elkartasuna adierazteko, U-1ekin BAT lelopean (Elkartasuna Kataluniako erreferendumarekiko/ Apoyo al referéndum de Catalunya).
Manifestuan adierazi dugu erakunde katalan hautatuek legitimitate demokratikoa dutela Kataluniako herriak erabaki dezan, berariazko erabakiaren bidez, «Katalunia errepublika moduan Estatu independentea izatea» nahi duen ala ez.
Demokrazia batean herriaren norakoa herri burujabearen esku uztea bezalako une gorenik ez da, eta eliteen jokoa eteten da erabaki popularraren aldiari lotzean. Aurrekari hurbilak ditugu Quebec eta Eskoziako galdeketak.
Are gehiago, lau oinarri hauen legitimitateak sostengatzen du erreferenduma. Lehena, Estatuko botereekin negoziatzeko saioak porrot egin du, Estatuak une oro ukatu egin duelako nazio-gatazka bazela, 2000ko hamarkadan Estatutu Politikoarekin eta Ibarretxeren Gobernuaren galdeketarekinegin moduan. Bi, erakunde demokratikoki homologatu batek eta bertako gehiengoak sostengatzen du, eta horretarako, legalitatearen interpretazio legitimo eta egokia egin du, Estatuaren lurralde-antolaketan erakunde-egitura batetik besterako iraganbide politikoa egiteko. Hiru, galdera argi bat zehaztu dute. Lau, datu guztien arabera, auziari buruz galde diezaioten nahi du Kataluniako jendartearen gehiengoak —galderaren erantzuna bai zein ez izan—.
Erreferendumari hainbat kritika egin zaizkio, eta horietariko batzuen inguruan arituko gara jarraian.
Lehena, ez da legitimoa «aldebakarreko deialdia izateagatik». Iritzi horrek ez du oinarririk, kontuan harturik aldebikotasunean aritzeko saio orok Estatuaren ezezkoa jaso duela; ez du negoziatu nahi izan, ez dio heldu nahi izan sakoneko auziari. Beraz, aldebakartasuna Estatuaren erabakia da, ez Kataluniarena. Eskoziako bidea ezinezko egin du PPren ezezkoak, eta estilo autoritarioari eutsi dio, talka bat sortuz U-1ean erabakitzeko eskubidea gauzatu nahi duten Kataluniako herritarren artean eta hori eragotzi nahi duen Estatuaren artean.
Katalunia behartu du erabakitzeko eskubide demokratikoa sezesio-eskubide modura formulatzera, ondorioen inguruan erreferendumaren ostean negoziatzera, Kanadako Gorte Gorenak egin bezala, adierazi zuenean Quebec-ek ez zuela aldebakartasunean bereizteko eskubiderik, baina Kanadako Gobernuak negoziatu beharko zuela baldin eta Quebeceko herritarrek bereizteko borondate argia adierazten bazuten. Kataluniako herriak norabide bataren zein bestearen alde egiteak erakundeek (Estatukoek zein nazioartekoek) kontuan hartu beharreko egoera sortuko luke.
Bigarrena, «Katalunia zatitzen du». Iritzi horrek ere ez du oinarririk. Egoera berriak sortuko dituen edozein erabaki hartu behar denean gertatu bezala, batzuentzat besteentzat baino gustukoagoa izango da, erabakia ez hartzea ere batzuentzat besteentzat baino gustukoagoa den moduan. Gehiengo batek eskatzen du, antza denez, eta hala denean, zentzuzkoena auzia gehiengoen bitartez askatzea da edozein ekintza demokratikotan egin bezala, prozedurak hitzartzeko betebeharrari ere eutsi behar zaiola. Batari (ekintzari) zein besteari (prozedurari) ezezkoa ematea gutxiengo baten xantaia antidemokratikoa da, bakarrik instituzionalitate demokratikoaren bitartez gaindi daitekeena, inor baztertu gabe eta herritar guztien giza eskubideak (gaurkoak zein etorkizunekoak) inola ere urratu gabe.
Hirugarrena, «ez da legala». Ez da egia. Ahalegin handiak egin dira oinarri sendoak eraikitzeko bai erreferendumari begira, bai balizko deskonexio bati begira, zalantza juridikoak eta estatus zalantzak uxatuko dituen legalitate baten bitartez, baita trantsizio-aldirako ere, erreferendumak independentziaren aukeraren alde egin zein ez.
Laugarrena, «segurtasun-gabezia juridikoa dakar». Kritika partziala da oso, aldaketa politikoek ezinbestean segurtasun-gabezia sortzen duten arren, garrantzitsuena segurtasun demokratikoari eustea baita, betiere segurtasun-gabezia juridikoa gutxitzeko urratsak eginez. Arrazoizkoa da oso, eta premiazkoa, erreferendum baten aurreko legeak balizko efektuak aurreikustea erreferenduma egikaritu aurretik; batetik, horror vacui-aren xantaia saihesteko, herritarrek askatasunez erabaki dezaten, eta bestetik, segurtasun-gabezia juridikoa saihesteko independentziaren hautua gailenduz gero.
Post-egia horiek gainditurik ere, egia izan bada Rajoyren Gobernuak erreferenduma eragotzi nahi duela PSOE eta Ciudadanos alderdien laguntzarekin, Estaturik gabeko nazio bati erabakitzeko eskubidea ukatzeko, ez arrazoi legalengatik, baizik eta demokraziari beldur diolako, aurrekari bat izan daitekeelako, eta batik bat, balizko emaitzari beldur diolako.
Publiko egindako idatziak Kataluniaren aldeko gure elkartasuna adieraziz jarraitzen du, aldi berean, bi jarrera deitoratzen ditugularik. Batetik, «hitzez herrien autodeterminazioaren alde egonik ekintzez erakusteko aukera agertzen den1 honetan, Estatuak eragindako berme ezaren erantzukizuna demokratei leporatuz, atzera egiten duten horien koherentzia eza» eta, bestetik, Kataluniako herriarekiko Eusko Jaurlaritzaren elkartasun eza, onartezina, «Rajoyen gobernuarekin egindako akordioak PPko gobernua sendotu eta Kataluniako instituzio demokratikoak ahultzen dituztelako».
Horregatik guztiagatik, «erreferendum horren alde deituko diren mobilizazioekin bat» eginez bukatzen dugu agiria: Bartzelonan bertan, irailaren 11ko Diadako deialdiarekin eta, bereziki, hemen gure artean Gure Esku Dagok irailaren 16rako Kataluniaren erabakitzeko eskubidearen alde Bilbon deitutakoarekin.
ARTIKULUA HONAKO HAUEK ERE SINATZEN DUTE:
Petxo Idoiaga (EHU), Helena Franco (EHU), Pedro Ibarra (EHU), Ane Larrinaga (EHU), Iñaki Lasagabaster (EHU), Francisco Letamendia (EHU), Mila Amurrio (EHU), Txiki Muñoz (ELA), Garbiñe Aranburu (LAB), Ana Pérez (Steilas), Biktor Galarza (Hiru), Alazne Intxauspe (Etxalde) eta Txejo Ortega (Esk).
Elkartasuna Kataluniako erreferendumarekiko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu