Ordainketa-balantzan eta Barne Produktu Gordinean zentratutako ikuspegi ekonomizista batetik begiratuta sailkatu ohi dira Filipinak Asiako garapen eremuko herrialdeen (tigre eta dragoien) arteko herrialde «arrakastatsu» bezala.
Baina naturak berriro ere errealitatea ekarri digu begien aurrera: pobrezia orokortua eta bazterkeria, aberastasunaren banaketa bidegabea (40 familiaren eskuetan biltzen da herrialdeko aberastasunaren %70), etxebizitzen baldintza txarrak, garapen demokratiko eskasa, garapenkeriak eragindako klima aldaketaren ondorioak… horiek guztiak izan dira Yolanda zikloiak Filipinetan sortutako hondamendi humanitarioaren oinarria.
Herrialde pobretuak beste guztiak baino askoz ere makalagoak dira honelako hondamendi naturalen aurrean. Egungo ordena ekonomiko globalak eragotzi egiten du gizarteak baldintza berdin eta inklusiboetan garatzea, eta ezinezkoa egiten du pertsona guztiak babestuko dituen mundu mailako gobernantza bat izatea. Ezin da, beraz, hondamendi naturalez mintzatu elkarrekin lotu gabe hondamendi horiek eta mundu mailako sistema bidegabe eta berdingabe honetako baldintza ekonomikoak, sozialak, instituzionalak eta ingurumen arlokoak.
Garapenerako lankidetzak aurre egiten die pobrezia eta desberdintasunak eragiten dituzten arrazoiei, eta lagundu egiten du gizarteak egituratzen eta garatzen. Bizkitartean, helburu horretara bideratutako funtsetan egin diren murrizketa handien ondorioz, erakundeek ezin dute eman premien araberako erantzunik. Gauzak horrela, kezka handia sortzen digu elkartasun politika publikoen etorkizunak, eta beldur gara karitatezko kolpe mediatikoekin ez ote diren ordezkatuko.
Euskadiko Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeak aitortzen du Eusko Legebiltzarreko taldeek badutela gaiarekiko sentsibilitatea eta ematen diotela beren babesa gure gizarteko nazioarteko lankidetza ereduari; dena den, ezinbestekoa da Legea betetzea eta Lege hori Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan islatzea, ongintza ez dadin izan egoeraren araberakoa, horrek ez baitauka zerikusirik nazioarteko elkartasunarekin.
Lehen orduak igarotakoan, Filipinetan lankidetza eta laguntza humanitarioa garatzen duten eta tokian bertan esperientzia duten euskal GKEk mobilizatu egin ziren kaltetutako biztanleen aldeko ekintzak burutzeko. Koordinatuki hasi gara premiak aztertzen eta lehentasunezko helburuak markatzen, zeren honelako hondamendietan dugun esperientziak erakutsi digu ekintzak batzeak eta koordinazioa hobetzeak eragin positibo handiagoa duela biztanleen artean.
Hala, lehentasunezkotzat joko dugu biztanleriaren kalteberatasun egoera murriztea eta horretarako laguntza emango diegu biztanle pobreenen artean eragin handiena izan dezaketen alderdiei, hala nola, hezkuntzari eta oinarrizko osasunari, saneamenduari eta ur edangarriari, etxebizitzari, ekonomia berreraiki eta indartzeari, eremu kaltetuak ekologikoki berreskuratzeari, eta abar. Arreta berezia eskainiko diogu haur eta emakumeen babesari, bereziki kalteberak direlako, eta ezin dugu ahaztu zein garrantzitsua den herrialde hauek hobeto prestatzea era honetako hondamendiei aurre egin diezaieten eta hainbesteko kaltea eragiten duten egoera hauetatik lehenbailehen suspertu daitezen. Era berean, ezinbestekoa da baliabideak bideratzea pobrezia desagerrarazteko, sektore kalteberenak lehenestea eta baliabideak kaltetutako zonaldeetara iristen direla bermatzea, baina ingurumen sostengarritasuneko eta genero berdintasuneko printzipioak ahaztu gabe noski. Azkenik, herrialde emaileen arteko koordinazioa ere indartuko da hartzaileek markatutako lehentasunen arabera, eta balioan jarriko dira tokiko biztanleen gaitasunak eta beren ekintzak.
Euskal gizartea berriro erakusten ari da larrialdi egoera hauen aurrean ez dela besoak gurutzaturik gelditzen, eta Lurreko pertsona pobreenekiko elkartasuna dela gure nortasunaren ezaugarrietako bat. Dena dela, nazioarteko lankidetzaren esparruan lanean dihardugun garapenerako GKEok esan nahi dugu ez dugula nahikoa laguntza humanitarioaren hasierako fasearekin, ezta ere epe ertain eta luzera eremua berreraikitzeko eta garatzeko hain beharrezkoa den lanarekin. Gure ustez, baliabideak eta ahaleginak bideratu behar dira gizakiok hondamendi naturaletan dugun erantzukizunari aurre egiteko. Gure munduak aurrera egin behar du giza garapen sostengarri eta berdin bateranzko bidean, honelako hondamendiek ez dezaten halako eragin desproportzionaturik izan pertsonengan.
Nazio Batuek duela gutxi adierazi dute zuzeneko harremana dagoela klima aldaketaren (neurri handi batean gizakiok eragina) eta hondamendi naturalen artean. Tifoi, lehorte, urakan eta bestelako fenomenoak jasateko arriskua gero eta handiagoa da. Muturreko fenomeno meteorologiko horiek ondorio larriak izan dituzte 2012an, eta milaka pertsonaren heriotza eragin dute. Nazio Batuek Post-2015 Garapen Agendari buruzko Txostenean dioten bezala, «ondorioei aurre egitea baino askoz merkeagoa da orain zerbait egiten hastea».
Elkartasuna eta Filipinak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu