Joan den uztailaren 27an, Grezian, Tesalonikako hirian, poliziak hiru eraikin hustu zituen. Hustutako hiru espazio horiek Greziak blokeatuta, Europara aurrera egin ezinean, dauden milaka pertsonatako batzuk bizi zitezen berreskuratu zituen mugimendu sozialak. Etxe-husteen momentuan eraikinetan zeuden pertsonek tratu ezberdindua jaso zuten: Europaz kanpoko etorkinak errefuxiatu-esparru militarizatuetara eraman zituzten eta greziarrak eta europarrak zirenak atxilotuak izan ziren. Haien artean, Zabaldi kolektibo internazionalistako bi kide. Iragan ostegunean, urtarrilak 26, zuten hitzordua, beste laurogei bat ekintzailerekin batera, epaitegian, okupazioa eta eraikinari kalte materialak leporatzen zitzaizkielarik.
Eraikin horietan garatutako hiru proiektuek, Orfanotrofeio, Nikis eta Hurriya, mugen ixtea eta gobernuen xenofobia ezaugarri dituen testuinguru europarrari erantzun bat ematen diote. Nikis, urtetan funtzionatzen zeraman gune soziala zen eta, egoerak bultzatua, etorkinak hartzea erabaki zuten. Orfanotrofeio, aldiz, espresuki horretarako okupatua izan zen 2015eko abenduan eta bertan ehun bat pertsona bizi ziren. Hustearen ondoren eraikina bota zutenean, hondakinen artean lurperatuta geratu ziren botikaren sendagaiak, janari biltegia eta bildutako material guztia. Hurriya hiruretan gazteena zen, egun batzuk besterik ez zeraman okupatua eta hamarna lagun zebiltzan konponketa eta garbiketa lanetan murgilduta. Elkarbizitza eta borroka proiektua zen, non, autogestioa oinarri, etorkinak eta bertakoak bizitzen hasiak ziren.
Banku mundiala, Nazioarteko Diru Funtsa eta Europar Batasuna beraren eskutik Europan hamarkadetan ikusi ez dugun eraso neoliberala pairatu duen Greziar herriak kalean borroka egin du, grebak, alternatibak eraiki, gauzak aldatzeko instituzioak irabazi eta frustrazioz beteta bere lurra nola saltzen den ikusi. Eta oraindik ere, bere herria utzi duten milaka pertsona iritsi, eta Grezian blokeatuak izan direnean, elkartasun eredugarriaz erantzuteko indarra atera dute. Hiru eraikin horietan islatzen den herrien arteko elkartasuna ulertzeko moduak muzin egiten die, ez bakarrik gobernuei, baizik eta GKE handiei eta ACNUR bezalako erakundeei: pertsonen mugimendu askatasunari uko egiteko orduan konplize eta kasurik onenean errefuxiatu etiketa ipini eta bizitza errespetatzen ez duten errefuxiatu-esparruetan jendea pilatzeko ezinbesteko laguntzaile, etiketa hori irabazten ez dutenak baztertu eta bigarren maila batean kokatzen dituztelarik.
Greziako hainbat hiritan, joan den udan deuseztatu zituzten hiru proiektu horien antzeko okupazio proiektuetan, bertakoen eta etorritakoen artean erlazioak elkarlanean garatzen doaz. Batak bestea ikusi, onartu, ezagutu egiten du, etsai berdinaren aurrean elkartzen dira; esplotatzen gaituztenak, gudak sortzen dituztenak, hedabideen botereaz kontrolpean eta itsu mantendu nahi gaituztenak berdinak baitira. Horizontaltasunetik, bereizten gaituzten harresi faltsuetan arrakalak irekitzen dira. Gu salbatzaile eta haiek biktima gisa aurkezten gaituen asistentzialismoaren erabat kontrako prozesua da.
Eta horrek molestatzen du. Horregatik, Tesalonikan, helburua ez zen ia ehun ekintzaile auzipetzea, baizik eta mugimendu soziala bera erasotzea. Proiektu horiekin batera, hiri honetako mugimendu sozialak azken bi urtetan lehenetsitako lana suntsitu zuten. Gainera, husteak eta Atenaseko Pireoko kanpamentu ez-ofizialaren eraispena batera egin ziren, kezko hesi moduan.
Aipatu bezala, Zabaldiko bi kide egun haietan proiektu ezberdinak bisitatzen ari ziren Tesalonikan, brigada internazionalisten prestakuntza lanen barnean, eta Hurriyako etxegabetzean atxilotuak izan ziren. Epaiketa atzeratua izan da defentsaren eskaeran eta hurrengo ekain arte ez dugu jakingo noraino izango den zigortua oraingoan elkartasuna. Zabalditik prozesu judizial hau errepresioaren adibide bat gehiago dela salatzen dugu. Elkartasuna gobernuek ezarritako parametroetatik irteten denean, zilegitasun osoz pertsonek bere kabuz ekiten dutenean, erasotua eta zigortua dela. Hots, Mikel eta Begoren kasua edota Askapenak jasandako jazarpena.
Elkartasuna ezin delako otzandu, aldarrikatu eta defendatu behar den ezinbesteko tresna dugu desobedientzia.
Elkartasuna eta desobedientzia berriz ere kriminalizatuz
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu