Hiru printzipio hauetan oinarritu beharko litzateke, nire ustez, errefuxiatuei eman beharreko erantzuna: elkartasuna, erantzukizuna eta legea. Erabiltzen dudan ordena ere ez da deskuiduan egindakoa; legea betetzea bidezkoa bada, are zentzuzkoagoa delako dagozkigun erantzukizunak gure gain hartzea eta, zer esanik ez, denen aurretik, euren herrialdeetan sufritzen ari diren biolentziari ihes egin eta Europara babes bila sartzen ari diren pertsonekin erakutsi behar den gizatasuna dago. Honako hau ez da errefuxiatuen krisia, errefuxiatuta dauden pertsonek sufritzen duten bidegabekeria baino.
Aipatutako hiru konpromiso horiek Europako Batasunaren DNAn ageri dira; zein da batasun horren zentzua eta helburua, bestela. Halere, Ekialde Hurbiletik Europara etortzen ari den jende andanari ematen ari zaion erantzuna ikusita, hiru konpromisoei huts egin die Europako Batasunak: huts egin dio elkartasunari, Giza Eskubideekiko eta euren herrialdeetatik alde egin eta sufrimendu gehiago aurkitzen ari den jendearekiko; huts egin dio erantzukizunari, Batasuna osatzen duten 28 estatuei dagokielako sufrimendu eta bidegabekeria honi aurre egitea; huts egin dio legeari, ez Batasunaren Itunak, ez Genevako Batzarrak, ezta Giza Eskubideen Batzarrak diotena ez duelako betetzen.
Aurreko asteetan Europako Batasunak eta Turkiak errefuxiatuen inguruan lortutako akordioak hiru oinarri horiek hautsi zituen; harridura, mina eta ezintasuna sortu dit horrek. Zorionez, asteon elkartu den Europako Batasunerako Batzorde mistoan hartu ditugun erabakiekin Gobernuak Nazioarteko Zuzenbidearekin bat datorren jokabidea har dezan adostu dugu Gorteetan ordezkaritza dugun alderdi guztiok. Honenbestez, errefuxiatuen kanporatze masiboak eragotziko dira, nahiz eta Turkiara egin ahal izango diren, betiere zenbait berme ematen direnean. Hain zuzen ere, asilorako txosten indibiduala egin ostean hartu beharko litzateke erabaki hori eta, bestalde, Turkiarekin egiten diren akordioek nazioarteko legedia, Europako asilo legea tartean, eta giza eskubideak bete beharko lituzkete.
Legea aipatu dut. Eta Europako Batasunean lege bateratua izatea oinarri-oinarrizkoa da. Berdin gertatzen da babes bila kanpoko herrialdeetatik datozen pertsonei eman beharreko arreta arautzeko ere. Horregatik eskatu zuen EAJk Batzorde Mistoan asilorako sistema komun europarra gara dezan eskatu diezaiola Gobernuak Europako Kontseiluari, eta horrela jaso da adostu dugun testuan. Asilo politikaren «komunitarizazioa» lortu behar dugu, politika europar komuna bilakatzea lortu behar dugu.
Erantzukizuna ere aipatu dut. Eta errenkadan sartzen ari diren milaka eta milaka errefuxiaturi berehalako laguntza eman behar diegu Europar Batasuneko estatuek. Horregatik, asilo eskaerak egin bitartean, errefuxiatuei, dauden lekuan daudela, bizitza baldintza duinak eskaini ahal izateko larrialdiko neurri ekonomiko eta materialak emateko beharra dago, eta Espainiako Gobernuak bere egin du, baita ere, guk egin diogun eskari hau. Eta errefuxiatuei lekua bilatzeko lan egiten duten erakunde eta elkarteekin elkarlanean aritzeko konpromisoa ere hartu du eginkizun horretarako. Biak ala biak EAJren eskaerari jaramon eginez.
Elkartasuna ere aipatu dut; lehenengoa ordenan, nahiz eta azkenerako utzi dudan. Giza legezkoa delako sufritzen ari diren pertsonei laguntza ematea; asko dakigu euskaldunok horretaz, urte askoan hainbat eta hainbat herrikidek alde egin behar izan zutelako gure lurretatik, batez ere gerra zibilari eta ondorengo diktaduraren errepresioari ihes egiteko; ondo dakite Europako hainbat herritarrek ere, Ameriketara bizitza berri eta hobe baten bila edo bigarren mundu gerraren eraginez babes bila erbestera joan behar izan zituztenek.
Denok dakigu arazoa konplexua dela; denok dakigu Europako Batasuna ekonomiaren errentagarritasuna baino ez zuela izan helburu bere sorreran; denok dakigu herritarrek zintzotasunez agertu duten sentsibilitatea eta babesa erakustea baino zailagoa dela 28 herrialde eta milioika biztanleren interesak asebeteko dituen akordio legal eta eraginkorra gauzatzea... baina guri dagokigun eginbeharra da. Batasunaren oinarri moduan dugun legearengatik; agintari moduan dugun erantzukizunarengatik; giza legez erakutsi behar dugun elkartasunarengatik.
Elkartasuna, erantzukizuna eta legea errefuxiatuekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu