Elkartasuna da erantzuna

2021eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Pandemiako hamabi hil hauetan, COVID-19ak gure bizitzak astindu ditu, bai Euskadin, bai Afrikako, Asiako, Erdialdeko Amerikako eta Hego Amerikako hainbat herrialde zaurgarriagotan ere. Izan ere, hango herrialde batzuetan, larrialdi hau baino lehenago arazo garrantzitsuak bazituzten ekonomia, ingurumen, osasun, hezkuntza edo gatazka armatuen arloetan. Baina larrialdi honek are gehiago agerian utzi ditu herrialde pobretuetako gabeziak eta zaurgarritasunak. Euskal lankidetzak herrialde horietan esku hartzen du, eta, hain zuzen ere, GGKE garapenerako gobernuz kanpoko erakundeok aspalditik ari gara egoera horiek salatzen. Herrialde askorentzat, beraz, egoera bidegabe hori desabantaila itzela da hain eragin larriak dituen mehatxu global honi erantzuna emateko.

Errealitate horren erakusle, Moussa dugu. Nekazari da Senegaleko landa-eskualde batean, eta izurriteak eragindako murrizketek uzta alferrik galtzea eragin dute, doi-doi saldu du eta. Bestalde, Luis Albertok goizero zukuak eta enpanadillak saltzen ditu Limako hiribide bateko salmahai batean, eta lortutako eguneroko diruarekin afaria erosten du familiarentzat. Hala ere, konfinamendua dela eta, egun askotan ezin izan du lanik egin, eta ez du diru-sarrerarik izan. Maria Txiapasen bizi da. Klaseak bertan behera geratu zirenean, abereak saldu behar izan zituen Internet konexiodun mugikor bat erosteko, haren seme-alabek hezkuntza etxetik jarrai zezaten, eta horrek familiaren egoera latza areagotu du. Are gehiago, beste familia batzuetan umeek lan egiteari ekin behar izan zioten. Hiru istorio dira bakarrik, baina argi eta garbi erakusten dute zenbaitzuk pauso bat atzerago kokatuta daudela pandemia honi aurre egitean.

Urte gogor honetan, txirotutako herrialdeetan lan egiten ohi dugun garapenerako GKEok gure ahalegin eta baliabide guztiak jarri ditugu pandemiaren aurka egiteko eta pertsona zaurgarrienei laguntzeko. Elikagaiak, ura eta gairik beharrezkoenak banatu ditugu lan egiten dugun komunitateetan, baita prebentziorako materiala ere, besteak beste, xaboia, gel hidroalkoholikoa, musukoak... Babes-neurriak ere ezagutarazi dizkiegu. Gainera, osasun-materiala, ekipamendua, sendagaiak edo tratamenduak ere banatu ditugu ospitaleetan zein osasun-zentroetan, eta baliabide teknikoekin lagundu dugu hezkuntza geldi ez dadin. Halaber, Euskadin egiten dugun lana indartu dugu; esaterako, pertsona zaurgarrienei lagundu, lankidetza instituzioei eskaini eta elkartasun-plataformetan parte hartu krisialdiaren ondorioak arintzeko.

Larritasun eta zaurgarritasun handiko lan hori guztia posible da euskal lankidetzaren ibilbide luzeari esker, betiere herri kalteberenei laguntzeko, komunitateak eta erakundeak indartzeko, giza eskubideak sustatzeko... GGKEei, erakundeei eta herritarrei esker lagundu dezakegu larrialdi honen ondorio lazgarriak baretzen. Baina, zoritzarrez, munduak bizi duen osasun-krisialdi honek mehatxatu egiten ditu lankidetzak hamaika urtez lortutako aurrerapenak. Izan ere, izurritea pobrezia eta desberdinkeriak eragiten dituen eragile argia da, bai pertsona aberatsen eta txiroen artean, bai herrialdeen artean, bai gizon eta emakumeen artean eta abar. Hori gutxi balitz bezala, lan egiten dugun pertsona askoren bizi baldintzak ere okertu ditu, dagoeneko nahiko estuak bazirenak; bereziki kolektibo jakin batzuetakoak, hala nola emakumeak, indigenak, haurrak...

Badirudi txertoek hasi dutela argi izpirik jartzen tunel ilunaren bukaeran, baina ez dezagun ahaztu erantzun eraginkor batek behar duela herrialde oparoenen konpromisoa tratamendu hori mundu osoan modu bidezkoan banatzeko eta bermatzeko herrialde txirotuetakoen eskura ere izango dela. Aurreikuspenen arabera, herri pobretu askok ezin izango dituzte bertako herritar gehienak txertatu 2023ra arte.

Laburbilduz, pandemia honek erakusten digu nazioarteko lankidetza, politika publikoa den heinean, epe ertain eta luzeko inbertsioa dela, eta pertsonetan eta beren ongizatean eragina duela. Baita euste-horma ere dela egungo antzeko larrialdien aurrean. Hori dela eta, herritarrei eta erakundeei eskerrak eman nahi dizkiegu hura posible egiten dutelako. Aitortzen dugu ere horien guztien elkartasun-esfortzua pertsona zaurgarrienak babesteko, baita urruneko beste herrialde batzuetakoak ere. Animatzen zaituztegu nazioarteko lankidetza laguntzen eta sendotzen jarraitzera; une zailenetan bereziki, elkartasuna izan behar da erantzuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.