Elkartasun internazionalista, ezinbesteko txertoa

Izaskun Goienetxea Díez eta Xabier Lasa Arrizabalaga
2020ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Urte berriarekin batera, mende honetako krisirik sakonena bizitzen ari gara. Oraindik goiz da krisi honek utziko dituen ondorio zehatzak jakiteko, baina hasi gara dagoeneko albo-kalteak geure azaletan bizitzen. Garbi dago, ordea, ez direla herri langilearen onurarako izango, krisi honen gidaritza bere gain hartzen ez badu behintzat.

Parametro geopolitikoetara jotzen badugu, Txinak AEB ekonomikoki aurreratu duela erakusten dute datuek, baita AEB eta EB dekadentzia azkartu batean sartu direla ere. Aurretik bazetorren joera hori birusak areagotu besterik ez du egin. Errusia eta Txina krisi honetatik indartuta aterako direla ematen du, eta erdigune inperialista Pazifikora mugi daitekeela. Kapitalaren birkonfigurazio bat dagoela gutxik ukatuko dute ezinbestean. Baina aipatutako aldaketa hauek, borroka inter-burgesen ondorioak dira soilik.

Dena den, ez diogu birkonfigurazio honi garrantzirik kendu behar, mundu mailan gertatzen diren aldaketek eragin zuzenak baitituzte guregan. Munduko hainbat alderditan askotariko formak hartuko ditu krisiarekiko erantzunak, baina zeintzuk izango dira birkonfigurazio horren eragin praktikoak Europako herri langileontzat? 2008ko krisi ekonomikotik hona, dominazio sistema honek berezkoak dituen ezaugarrien gogortzea ikusi dugu etengabe: ipar eta hegoaren arteko arrakala, autoritarismoa, eskuin muturraren indartzea, lanaren prekarizazioa, langileen eskubideen kontrako etengabeko erasoa, mugikortasun askearen etetea, biolentzia matxistaren sakontzea, arrazakeria, kontrol soziala, Estatuen zentralizazio prozesua, Donbass, Libia eta Siriako gerrak...

COVID-19aren pandemiak prozesu hori azkartu besterik ez du egin; finean, etekinen metaketarako jazarpen-mekanismo berriak prestatzeko aitzakia izan da. Shock doktrina erabiliz, estatuak, nahitaez sortuko den herri langilearen erresistentzia ekidin nahian, neurri erreakzionarioak aplikatzen saiatuko dira. Aspaldi aurreikusten genuen krisi ekonomikoari erantzuteko kapitalak berregokitzeko duen estrategia da gure azaletan hemendik aurrera pairatuko duguna, kapitalak atera ez duen etekina herriaren kontura berreskuratzeko. Horrela, astez aste, gogortzen joan den gerra politika baten bitartez, pandemiaren aitzakia aprobetxatu dute langileon eskubideak are gehiago mugatzeko: pribatutasuna (geolokalizazioaren bidez), lantokietan grebarako eskubidea kolokan jarri, lan osasunerako eskubidea, polizia indarkeriaren areagotzea...

Dominazio sistema kapitalista-inperialista-heteropatriarkalaren aurrean, guk burujabetza sozialista, internazionalista eta feminista dugu jomuga. Tamalez, jakin badakigu bide luzea dugula egiteko eta soilik borrokatuz lortuko dugu gailurrera heltzea. Bide horretan, guk argi dugu internazionalismoa ezinbesteko tresna dela; izan ere, herrien arteko elkartasunean eta sostenguan oinarritu gabe ezinezkoa izango baita sistema iraultzea. Ziurgabetasunez beteriko momentu zail hauetan, inoiz baino garrantzitsuagoak diren hiru elementu jarri nahi genituzke mahai gainean:

Lehenik, munduko herri langileok elkarrengandik ikasteko beharra azpimarratu nahi dugu. Munduan, eta historian zehar, kapitalismoaren basakeria ahalbidetzen duten hamaika forma ikusi ditugu. Baina, era berean, hamaika dira ere kapitalismoaren aurrean antolatu diren herri botere esperientzia eta erresistentziak (Venezuelako komunak edota Grezia eta Argentinako fabrika berreskuratuak, esaterako). Horietatik ikastea ezinbestekoa izango da gure herriaren eta gainontzeko herrien defentsan antolatu beharko ditugun erresistentziak aktibatzeko.

Bigarrenik, elkartasun internazionalistaren aldeko apustua egiten jarraitzea dagokigu. Eredu gisa, balioa aitortu nahi diogu beste behin Kubako herriak antolatu duen elkartasun uholdeari. Ahaztu gabe elkartasun horren hartzaileen artean Kuba bera blokeatzen duten estatuak ere badaudela (EBren parte den Italia, adibidez). Herrien arteko elkartasunaren arloan behin eta berriz irakaspenak ematen dizkigu Karibeko uharteak.

Hirugarrenik, aliantza eta estrategia komunen beharra azpimarratu nahi dugu. Inperialismoak, bere lehia inter-burgesaren gainetik, herri langilea zapaltzeko estrategiak konpartitzen ditu. Dominazio sistemaren iraunkortasuna eta erreprodukzioa bermatzeko egitura ekonomiko, politiko eta ideologikoak jartzen ditu haren zerbitzura, horretarako behar diren aliantzak egonkortuz. Modu berean, ezinbestekoa da herri langileon arteko aliantzak josi eta estrategia komunak garatzea. Batez ere, eta gurera ekarrita, sistema antolatzen den egituren aurka borrokatzeko: estatuak, transnazionalak, EB, NATO, EBZ...

Hiru elementu horiek izango dira, gure herri eta auzoetako askatasunaren aldeko eguneroko borrokarekin batera, beste agertoki batera heltzeko ezinbesteko elementuak. Ez ditugu emaitzak bat-batean nabarituko, baina, horiek gabe, ziur gaude ez dugula zapaltzen gaituen sistema hau garaitzerik izango; ez gurean, ezta munduan ere.

Inoiz baino argiago geratu da haien dominazio sistemapean soilik bi aukera ditugula zapalduok: haien interesen arabera jardunez, gure bizitza egoera ankerretan luzatzea onartzea edo egoera onartu ez eta iraultzea. Rosa Luxemburgek sozialismoa ala basakeriaz hitz egiten zigun XX. mende hasieran. Justo de la Cuevak, berriz, komunismoa ala kaosa aipatzen zuen 90eko hamarkadan. Egun, mugimendu feministak kapitala ala bizitza kontrajartzen dizkigu. Denbora igaro ahala, gure aukerak murrizten doaz. Beraz, ez al dugu ordua erabaki bat hartzeko? Egin dezagun, behingoz, gure askatasunaren aldeko hautua. Kubak ondo baino hobeto irakatsi digu elkartasun internazionalista dela herriok nahi ala ez behar dugun txertoa. Guk argi daukagu: aberria ala hil! Irabaziko dugu!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.