Elkartasun ateak

2017ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Nik artikulu hau idatzi eta zuek irakurtzen duzuen bitartean, ehun euskal gazte munduko hainbat txokotan daude, behar duenari babesa, arreta eta maitasun pila bat eskaintzen. Oporretan atseden hartzen dudan bitartean, besteei laguntzen ari dira eurak. Senegal, Bolivia, Mozambike edo India bezalako herrietan ateak irekitzen dituzte, gazteak bertaratu, eta arazoen konponbidearen parte izan daitezen. Euskal gazteriak urteak daramatza ate horiek zeharkatzen, eta herrialde horietan elkartasun —eta humanitate— arrastoa uzten. Guztiok balioa onartzeko modukoa da.

Injustiziaz betetako eremuetan ekitea erabaki dute gure gazteek. Gehienentzat ezezagunak eta zailak diren lekuetan dihardute, eta bertakoen bizi-baldintzak hobetzeko borrokan ari dira.

Dominique Lapierrek Pozaren hiria liburuan esaera indiar bat jaso zuen: «Eman gabekoa galdu egiten da». Barrenak mugitzeko esaldia. Guztiok daukagu okerren dagoenari zer eman, zer eskaini. Dirua, arropa, janaria edo hain materialak ez diren balioak: laguntasuna, maitasuna, errespetua edo elkartasuna. Askotan uste dugu gure ekarpena harri-koxkorra dela basamortu zabalean. Baina harri-koxkor horiek gabe, ez legoke basamorturik. Inguruarekiko jarrerak gure izaera definitzen du, eta bizimoduan eragin. Emanez gero, jasoko dugu; eman ezean, galduko.

Neska-mutil horiek beren denbora, ezagutza, lana eta elkarlanerako gogoa ematen dituzte. Eta, ordainetan, sari ederra jasotzen dute: esker ona adierazteko irribarrea, edo malkoak, eskerrik asko esateko. Eskerrik asko mundu justuagoa, toleranteagoa eta alaiagoa egiten laguntzeagatik. Eta nik gaineratuko nuke: eskerrik asko gure herriaren enbaxadore onenak izateagatik. Elkartasuna gure gizartean sakon sustraitutako balioa da, gure izaera definitzen duena. Eskerrik asko balio hori Hegoaldeko herrialde horietara eramateagatik. Harro eta hunkituta nago, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programak jasotako eskaerak eskainitako lekuen bikoitza baino gehiago direlako.

Euskal gazteriak bere komunitatearekin duen konpromisoa adierazten du horrek; lankidetza-jarrera, hemen eta hemendik milaka kilometrora ere gizarte hobeak eta inklusiboagoak eraikitzeko. Jarrera eredugarria da, eta, lerro hauen bitartez, zoriondu egin nahi ditut erronken aurrean egindako lana, ardura eta ahalegin saiatuagatik.

Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa 1993an jarri zuen abian Eusko Jaurlaritzak. 22 eta 30 urte arteko gazteei zuzenduta zegoen, udako oporretan, hegoaldeko herrialdeetan bolondres joan zitezen. Ia 25 urte pasa dira, eta, denbora honetan guztian, 2.100 pertsona inguruk parte hartu dute lankidetza ekintzetan. Agerikoa da hartzaileen interesekoa dela, eta mantendu beharreko ekimena dela. Hortaz, justua litzateke aitortzea Jaurlaritzak egiten duen aurrekontu-ahalegina: krisi ekonomikoa pairatuta ere, bere horretan eutsi dio nazioarteko boluntariotzarekiko apustuari. Eta halaxe aitortzen dugu. Beste horrenbeste, proiektuan parte hartzen duten GKEekin.

Esfortzuak borondatea eskatzen du, eta hori argi geratu da. Elkartasuna inbertsioa ere bada; bere emaitzak gizarte osoaren onerako dira. Ikas dezagun solidario izaten, halaxe lortuko baitugu mundu duinagoa eta bizitzeko egokiagoa. Gure gazteak ate horiek igaroarazten jarrai dezagun, gure gizarteak funtzionatzen segi dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.