Elkarbizitzaren marrak mehetzen

2011ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Egia esaten hasita, arrazoi asko daude oraingo udal eta foru hauteskunde hauek azkenaldian ohituta geundenen aldean ezberdinak direla esateko, oso ezberdinak. Edozein direlarik ere hauen emaitzak, esan beharko da, bai eta ere, ezberdintasuna hoberako ezberdintasuna dela, elkarrekin askoz ere gehiago konpartitzekoak direla, elkarbizitza harmonikoagoan igarotzen ari direla. Ez da gutxi.

Aurrez ezin dezakegu jakin jendeak zein klabetan emango duen boza eta zein izango diren emaitzak, baina hautes prozeduran bistaratu zaizkigun faktore berriak nabarmenak direla uste dut.

Berritasun bat aipatzekotan ETArena aipatuko nuke. Lozorrora eraman du bere burua eta badirudi herritarroi geure auziak konpondu eta eztabaidatzeko ahaleginetan libre uztea erabaki duela, probisionalki bederen. Jendeok politikarekiko dugun pertzepzioa guztiz aldatzen digun faktorea da hau. Posibleago da larru arriskurik gabe norbere asmoak pentsatu, azaldu eta zabaltzea, behin-behinekotasunez izanda ere, ez da gutxi, ez eta aski.

Baina lozorroa lozorro deneino, eta ez ezinbesteko diodan behin betirako galtzea, alderdi edo koalizioen legeztatze eta ez legeztatze auziaren zilegitasun politikoa—gauzak okerrago ala zuzenago egin, justuago edo injustuago— hor izango dugu beti. Barcina andrearen Basaburuko mitina behatzeko ikuspegi ezberdinak, guztiz kontrakoak, hor egongo dira. Nik neuk ezin baitut ukatu Iñaki Galdos jaunak behin baino gehiagotan hain egoki kalifikatu duen alderdien beste legea. Zenbat herri daude PSE eta PPren bozak beste hauteskunde esparruetan ezker abertzalearen adina izanik zenbaitetan, eta hainbeste ez izanik ere kontuan hartzeko moduko kopurua izanik, herriko jendez zerrendarik osatu ezin dutenak? Jendeak politikarekiko dituen errezelo gehiegietatik baino armen eta indarkeriazko jazarpenetik hurbilago dauden esplikazioak daudela uste dut horretarako. Esan dezadan pasadizoz orri hauetako iritzi emaile batek baino gehiagok Basaburuko argazkiari egindako komentarioak arinkeria bidegabe samarra iruditzen zaizkidala, edo gutxienik aldaketa politikorako garaiak direla esaten duten tenore honetarako desegoki samarrak.

Baina Bildu hor dago putzu politikoaren zurrunbiloaren erdian murgildurik, behin-behineko askatasuna duenaren legez. Behin-behinekoa auzitegiek azken orduan irekitako zirrikituei esker eta behin-behinekoa, kasu honetan beste guztion legez, lozorroan daudenak betiko lora joan direla esaten ez duten bitartean. Hala deitzea zilegi bazait, «doako publizitatearen bultzada» ukatu gabe ahalegin politiko neurrigabea eta elkarbizitza saio eskertzekoa egiten ari da. Pena izan dela uste dut eta aukera galdu bat Sortulegeztatu ez izana Euskal Herriko panorama politikoaren argitasunaren eta definizio zehatzago baten aldera.

Gero eta konfiantza handiagoa daukat armen kontrol politikotik ihesi doan indarra dela eta horrek ni bezalakook zenbat pozten gaituen gaitza da esplikatzen, eta gaitzago sinetsi nahi ez duenari edo komeni ez zaionari, tranpatiaren arrazoi matematikoaren argudioa darabilenari, mundu osoa kontra behar duenari. Hori, elkarbizitzarako irabazi duguna. Hori guztiok adi jarri gaituena edo jarri behar gintuzkeena. Indar politikoen harreman berri batzuk susmatzen dira, ez dakigu zein epetarako.

Gaur gaurkoz Sortu ezkertiar bat ikusten genuenok nekezago bistaratzen dugu hori, edo nekezago bereizten ditugu lastoa eta alea Bildu independentista horretan. Ohitu egin beharko dugu, askotan besteokin bezalaxe, Donostiako zezen plazaren hitzarmen urbanistikoa burutu eta sinatu zuena eta kontrakoak, errausketaren kontrakoak eta intzineradorarako lur eskaintza egiten zuena, apostatak eta prozesiozaleak zerrenda berean eta talde politiko berean bizitzen ikusten, abortuaren kontrako ezkertiarrak irudikatzen. Denbora horrexetarako izango dugu guztiok, geure posizio politikoak definituago, zehaztuago eta berrituago edukitzeko.

Garbiegi esaten du norbaitek ezker-eskuin dialektika horretan bien artean dagoen muga horrek existitzen ez ote duen edo egunetik egunera lausoago ez ote den, ez ikustera behartzeraino edo ez ikustea eskatzeraino. Garbiegi ikusten du nazionalista eta abertzale askok —hitzok bereizten ere ikasi egin beharko dugu eta independentistarekin zer diferentzia duten, baldin badute, erabaki— inongo nazionalista eta abertzale ez garenok, nahiz gure ekintza politikoek ere kontraesanetik libre ez egon, abertzale eta nazionalista garela, edo hala behar gaituela sentitzen du. Bien artean marra badagoela eta politika egoki egiteko egon egin behar duela, eta ez dagoenetan pintatu, asmatu, Murtziako lurrikara estranjerian gertatu dela sinetsarazteraino.

Marra hori azken urteotan loditu egin dela esango nuke, kalterako loditu dela gainera. Irudipena dut herritarrok geure elkarbizitza ahalbidetzeko marra hori lausotzea eskatzen dugula, nik bai behintzat, gutxienez udal hauteskundeak direla aprobetxatuz oinarrizko eta eskubidezko zerbitzu eta prestazioaz aritzerakoan. Zaila da hori Espainia eta espainiarrak aipatzerakoan Interconomía, Veo 7, Jiménez Losantos, Davila eta enparaua besterik ikusten ez dituenarentzat. Euskal Herriaz eta euskaldunaz aritzerakoan mutil armatuak, kaleborrokalariak eta seminarista alferrak eta euskalgaiztoko hitzak besterik ikusten ez dituenarentzat bezain zaila. Hori ere ikasi egin beharko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.