Ernaiko kidea

Elkar gurutzaketaren tentsioaz, Donostiara

Jon Ormaetxea
2024ko irailaren 3a
05:00
Entzun

Nik ere sentitu nuen botaka egiteko gogoa uztail partean espainiar ereserkia entzun nuenean. Eta gero eta ohikoagoa da sentsazio hori azkenaldian ere Twitterren sartzean. Aldiz, ilusioa eta indarra sentitu nituen maiatzaren 30ean Ernaiko ehundik gora kidek Bilboko eskailera batzuetan EAEko Segurtasun Sailak gure aurka abiarazitako operazioaren berri eman genuenean, oker zebiltzala eta aurrera egingo genuela argi utzi genienean. Sentimendu bera izan dut azken asteetan, kaleak irailaren zortziko mobilizaziora deitzen duten kartelez beteta ikustean. Baita Bilboko Kaskagorriko konpartsako amaierarik gabeko torreta horretan ikurrina eta Palestinako ikurra ikusi nituenean ere.

Ziur asko, bi sentimendu horien elkar gurutzaketak eramango ninduen duela urte batzuk independentziaren aldera lerratzera. Alegia, zapaltzen eta inposatzen didaten horrekiko kontrakotasunaren eta inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria eraikitzeko grinaren arteko tentsio horrek.

Tentsio horrek bultzatuta jesarri nintzen Bilboko Plaza Eliptikoaren ondoko errepidean irailak 22 zituenean. Nirekin batera beste ia ehun lagun nituen alboan. Zer ez da ba izango tentsio horren materializazio ankerrenetarikoa, bi gazte independentisten atxiloketa ez bada? Ostiral goiz bateko lehen orduetan han geundela hortik mugiarazi eta identifikatu gintuzten bertan geunden guztiak.

Hilabeteak beranduago helduko zitzaidan ezohiko mezu bat mugikorrera Segurtasun Sailaren izenean. Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak bi egun lehenago eginak zirenez, aitortu beharra dut istant batez segurtasun sailburu izendatzeko Imanol Pradalesen proposamena ez ote zen izango pentsatu nuela. Baina ez, plazer hori beste bati egokituko zitzaion.

Isuna heldu zen. 2.500 euro. Bai bai, 2.500. Gehiegizkoa iruditu zitzaidan arren, hasieran, inoiz gertatu izan den bezala oraingoan niri egokituko zitzaidala (eta akaso beste pare bati) pentsatu nuen, protesta hura neure gain hartzeagatik ni izango nintzela isuna ordaindu beharko zuten gutxi horietako bat. Eta orduan hasi ziren deiak; lagun bat, bestea, alboko herrikoa, beste eskualde batekoa... Bata, bestea, albokoa; denoi jarriak zizkiguten isunak.

Oraingoan ekimenean parte hartu genuen guzti-guztioi jarri ziguten isuna, baita egun berean Gasteizen ekimena egin zuten beste 40 bat laguni ere. Gehiketak egiten hasi ginen, guztira 290.500 euro zenbatu genituen arte. Une horretan konturatu ginen hori ez zela ohiko egoera bat. Konturatu ginen isun horiek modu masibo, desproportzionatu eta arbitrarioan jarri izanak erabaki konkretu bati erantzuten ziola, eta intentzionalitate argi bat zegoela atzetik. Operazio horren bitartez Ernai desagerrarazi nahi zutela.

Eta berriz ere elkar gurutzaketa horren tentsioa. Berriz ere, nahi eta ukatzen didatenaren arteko talka, berriz ere betikoak betikoa egiten. Egin nizkion neure buruari galdera desberdinak: «zergatik hau?», «zergatik orain?», «zergatik Ernai desagerrarazi?», «nori egingo lioke onura gisa horretako egoera batek?»... Gerora, modu kolektiboan ondorio konpartitu batera heldu ginen.

Ez litzateke olatu hormarik existituko olatuek kostaldea kolpatu eta iraultzeko gaitasunik izango ez balute. Ba logika berdintsu bat dago egoera honetan. Ez lukete Ernairen aurkako operaziorik abiarazi nahi eta beharko Ernaik egoera iraultzeko eta ezer aldatu nahi ez dutenen proiektua inpugnatzeko gaitasunik izango ez balu.

Gero eta gehiago baikara tentsio horrek mugituta independentziaren aldera lerratzen garenak, gero eta gazte independentista gehiago gara. Ernaik, gero eta gaitasun handiagoa du espainiar proiektu zaharkituaren eskaintza inpugnatu eta inongo zapalkuntzarik gabeko Euskal Herriaren aldeko borrokan bultza egiteko. Horregatik idazten ditut gaur lerro hauek, horregatik jarri zizkiguten isunak eta horregatik mobilizatuko gara irailaren zortzian.

Dei egin nahi dizuet egoera bidegabe hau salatu nahi duzuenei eta tentsio hori zuen baitan inoiz sentitu duzuen guztiei irailaren zortzian Donostiako kaleetan mobilizatzera. Batzuek uste baitute gu prest gaudela edozein kolperen aurrean makurrarazteko, gure aldarrikapenek ez dutela balio eta gure aurka edozer egin dezaketela. Ba ez, irailaren zortzikoa guk etorkizunari begiratu eta independentzia baino ez dugula ikusten eta hau irabaztera goazela oihukatzeko zita izango da. Eta erakustekoa ez dagoela gu guztiok bat eginez sortu dezakegun olatua geldi dezakeen olatu hormarik.

Ez baitago Ernai desagerraraztea helburu duen operazio bati eman dakiokeen erantzun hoberik inoiz baino indartsuago agertzea baino. Irailaren zortzian Donostiara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.