Pierre Nola historialari frantsesak, 1984tik 1992ra, oroimenaren lekuen ideia definitu zuen hiru liburukiko Les Lieux de memoires idazlanean. Zer da herrialde baten ondarea? Badira ondare materiala eta ez-materiala. Hor kokatu behar dira oroimenaren lekuak, herri oroimenaren erreferentziazko mugarriak, objektiboak ez direnak. Euskaldunok, baina, ez ditugu gureak definitu, aldameneko historiografia ofizialek eta utzikeriak ospeldurik. Egungo euskal autoestimu kolektiboaren gainbeheran eta autonomismoaren goraldian, nahiago dugu geure burua zigortu. Kontrako aldean, euskal kanal ofizialetan, ipuinen moduko kontakizunak entzun-ikusten ditugu gehiago, goxatuak, ia eztiak.
Bete dira 500 urte, heldu da Elkanoren mundubiraren efemeridea, eta hauts batzuk ere harrotu dira. Elkano ez da modakoa euskaldun askoren artean. Baskoen artean beharbada bai lasaiago, zeinek (autonomista, espainiar nazionalista edo euskal abertzale izan) erreka bere errotara ekarriz, baina zail egiten zaigu euskaldunoi Elkano aldarrikatzea. «Ze gaiztoak izan ginen» kontakizunaren beste atal bat. Jan ote dugu Elkano inperialistaren amua?
Historikoki anglosaxoiek Francis Drake jo izan dute lehen mundubiraren protagonistatzat. Mito hori baztertuta, Magallaes bihurtu zen mundubiraren protagonista Pigaffeta ontzikidearen egunerokoan oinarriturik, Magallaes Filipinetan hil zuten arren. Espainian, berriz, Elkano aintza inperialez jantzi zuten gaur arte. Nazioartean Elkanoren protagonismoa argitara etorri denean eta haren irudiaren zabalkundea inoiz baino gehiago gure eskuetan dagoenean, Elkano larrutzeari ekin diogu.
Bitartean, ordea, zaila dugu testuinguru batzuetan esatea Elkano euskalduna zela ere (kantabriar naziokoa, bizkaitarra, XVI. mendean esaten zenez). Ingelesezko Wikipedian, aspertzeraino luzatzen dira edizio borrokak, ez gutxitan Espainia marka hedatzen duten soldatapeko erabiltzaileek hauspotuak. Duela mende erdi baino gehiago, Jose Artetxek, 1936ko estatu kolpera lerratuak, separatista akusazioak jaso zituen Elcano El Cano ez zela azaltzearren. Hargatik, egun, badirudi gehiago nahiago dugula haren eta haren espedizioaren gaizki eginak nabarmentzea. Ahaztu dugu akaso espainiar zibilizazio katolikoaren izenean eta baldintzapean eta hura zabaltzeko espedizioa izan zela?
Hargatik, bere bihurrian, Elkano eta espedizioa gure historia dira. Amaiurko Gazteluaren Setioa (1522ko uztailean) oroimenaren leku dugu, Juan Iturralde Suitek XX. mende hasieran ongi identifikatu zuenez; aldi berean, berriz, espainiar monarkiak muntaturik, Elkano buru zuen Espezieriaren Espedizioa heltzen ari zen San Lucar de Barramedara, Nafarroako independentzia gerrak puri-purian zirela. Espainiar monarkia kolonialarentzako propaganda aukera itzela izan zen, Hondarribia setiaturik zutela. Hargatik, Elkano, espedizio hori (bere itsasontziak tartean) gure oroimenaren leku dira. Euskaldunon pertsonaia eta gertaera historikoak nekez dira soilak edo tolesgabeak, gehienak konplexuak, bihurriak dira,historikoki herri okupatu gisa egokitu zaigun bezala. Ez, gehienak ez dira argitsuak, grisak baizik: gogotsu aldarrikatuko ditugu Amaiurren 1522an gotortuak, argitsuak dira; ekimen kolonialetan parte hartu zuten euskaldun asko grisagoak dira. Gero, ilun beltz batzuk ere badira. Merezi ote du, esate baterako, Blas Lezo militarrak zirrikitu bat gure herriaren oroimenaren leku gisa? Argi eta garbi, ez.
Nazio orok behar ditu bere oroimenaren lekuak, eta dudarik gabe Elkano eta mundubiraren espedizioa, hain luze nazioartean gutxietsiak eta Espainian manipulatuak, dira horietako bat, ezinbestean. Elkano arroztu digute luzaroan, eta orain irudi du, barrutik, berriz arroztu nahi digutela Elkano, oraingoan antikolonialismoaren gorabeheran. Aldiz, horixe eskain dezake euskaldunen historiografiak: heroitasunaren kontrako diskurtso poliedrikoa, argiak eta itzalak dituen herrien historiaren irudi kritiko bat, kontraesankorra eta bihurgunez (oinazez) betea, baina gurea eta munduan toki bat merezi duena.
Elkano, oroimenaren leku
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu