Militarrez jantzi dute. Elcano jarri zioten ontzi militarrari, frankistek maitea dute eta Felipe VI.ak loratzen du. Nola ez ulertu Elkanoren arbuioa? Ingurura begiratzea aski da gaur-gaurkoz Elkano haiena dela jakiteko, militarrena, monarkikoena, ebanjelizatzaileena eta Espainiako kaspa inperialarena. Pelaioren anaia, España Imperial okagarriaren sinbologia atzerakoiena indartzeko bandera bihurtu dute. Elkanoren arbuio dekoloniala zentzuzkoa egiten zaigu. Epaiketarik ez diogu egin, ez da behar izan, begi-bistakoa egin zaigu. Badakigu. Eurena da. Guk kondenatua dugu Elkano.
Elkano auzia horrela topatu genuen duela hiruzpalau urte, kondenatu kartela lepotik zintzilik zeramala. Eta hemen gatoz gutako batzuk esatera agian azkarregi epaitu dugula, benetan ezer gutxi dakigula berari buruz, datu okerrak eman dizkigutela eta jatorrizko testuek Elkanoren beste argazki bat osatzen dutela. Konbentzimendu orokortuaren aurrean ez da batere erraza izan haien Elkano inperialista frankismoaren asmakizuna dela esatea ere.
Irakasten den historia inperialismoak asmatua dela denok onartzen dugu. Elkanori buruz ikasitakoa ere hala dela ohartaraztea, ordea, zaila egiten ari da. Elkano haietakoa da, Francok plazaren erdian jarri zigunetik gortesauz jantzitako estatua. Gehiago ikertu ahala, ordea, gero eta nabariagoa da kontrakoa: Elkano gutakoa zela. Matxinoaren morala zuela eta, pentsamenduz zein ekintzaz, antikolonialista izan zela. Elkano mundu-biratik ezabatu zuten aurrena, eta gero, XIX. mendetik aurrera, bihurrituta berreskuratu, propaganda inperiala egiteko, Navarretek, Canovasek eta, batez ere, frankismoak. Eta guk ere haietakotzat hartu genuenez, epaitua eta kondenatua genuenez, utzi egin diegu Elkanorekin euren propaganda egiten jarrai dezaten.
Egoera kuriosoa da. Kolonialistek Elkano inperialaren mitoa baliatu dute azken 150 urteetan euskal abertzaletasuna ahultzeko. Eta hemengo Black Lives Matters bertsionatuak ere berdin, azken 11 urteetan mito bera helburu berarekin erabili du, euskaldunak zapalduak bainoago zapaltzaileak garela froga inkuestionable gisa. Modu akritikoan jaso dute Elkanori buruzko diskurtso kolonialista, eta emaitza ustekabekoa da: programa politiko berari jarraitzen diote betiko kolonialistek eta gure arteko zenbaitek.
Dena dekolonializatu nahi dute, Elkano inperialaren mitoa izan ezik. Herria eta historia barrutik husteko azazkal, mazo eta zerrak mito horretatik hartzen dituztelako. Mitoa behar dute hustuketan jarraitzeko, eta etsaiari hartzen diote maileguan. Halaxe, beldur naiz, dekolonizatua dekolonizatu nahiaz ez ote duten bukatu kontrakoa egiten. Beren arrazoiketan oinarrizko akatsak eraman ditu, nahigabe, mito espainola defendatzera. Del Cano gabe ez daukatelako Legazpi edo Blas de Lezo besterik, inork ezagutzen ez dituen bi izentxo, eskasegi, ez dutenak inor xaxatzeko ematen. Del Cano behar dute Elkano ospatzen duen herria aztoratzeko. Pentsatzen jarrita, praktika kolonialista tipikoa imitatzen da, apaizena eta: gailentasun morala erabiltzea herria lotsarazteko.
Herri-lotsa
Elkano inperialaren mitoa inperialistek sortu zuten XIX. mendean, euskaldunak lotsatzeko, «Nola ospatzen duzue Elkano bere antzik ez duzuenok». Bera garaikur jarrita, arrakastaren pertsonifikazioa, euskaldun onaren ezaugarri guztiak proiektatu zizkioten: erregearen laguna, Gaztelaren morroi leiala, esanekoa, kristau debotoa eta militarra. «Elkano ospatzen duzuen euskaldunok, zergatik ez zarete bera bezalakoak?». Mundu bira ospatzen dugun bakoitzean garenaz lotsatzea nahi dute.
Gure herriko sektore minoritario batek ere berdin-berdin Elkano inperialaren mitoa erabiltzen du mundu bira ospatzen duen herria lotsatzeko. «Elkano ospatzen duzue bere antz handiegia duzuelako, kolonialista tapatuak, kalbarioa ospatzen duzuen bihozgabeak». Ez dute horrela esaten, baina hori da tonua eta erein nahi duten kulpa sentimendua.
Mitoak kutsu erlijiosoa gehitzen dio auziari. Bientzat gara herri amorala. Del Canoren mitoa jartzen digute ispilu, antz txikiegia edo antz handiegia daukagula leporatzeko, aldi berean bi muturretatik, gure buruaz lotsa har dezagun. Mito bera, programa askatzaile bera: lotsatu zaitezte zaretenagatik.
Elkano inperialistaren faltsutasun historikoa jarri nahi izan dugu agerian, pertsonara iristeko. Elkanoren pentsamendu politikoa antiinperialista izan zitekeela erakusten saiatzen garenean, gure asmoa ez da Elkano inperialistaren mitoa ordezkatzea Elkano antiinperialistaren mitoaz. Gure asmoa ez da mitoak sortzea; harrokeria litzateke eta inozokeria, mitoak nola sortzen diren ez jakitea. Gure asmoa da guk egitea gure historia, dauzkagun ebidentzia sendoenen gainean. Modu kritiko eta kontzientean, dekolonialismotik, kontraesanez betetako Euskal Herritik, herrien mundutik. Asmoa da Elkanoren inguruko muntaketa inperialista desmuntatzea, ispilua puskatzea, inor ez dadin hartaz baliatu; inor ez, ezta gu ere, gure nortasun ustez kritikoaren gozamenerako. Da pertsonari justizia egiten saiatzea, Juan Sebastiani, munduari bira eman zion getariarrari ahotsa itzultzea. Euskaldun izateagatik ebatsi zitzaion ahotsa itzultzea, eta Magallaesen itzaletatik ateratzea berari dagokion meritua behingoz aitortzeko.
Gauza asko lortu dira azken hiru urteetan. Ezagutza pilatu dugu eta herri kohesio sendoa eratu da. Lehorreratzean 250 getariarrek hartuko dute parte. Etxeko lanak eginda iritsi gara, baina etxeko lanak egiteke. Orain hobeto ezagutzen dugu Elkano, haien Del Cano baino sendoagoa, egiazkoagoa, hamaika bider erakargarriagoa dena, baita benetako ikuspegi dekolonial eta antiinperialista batetik ere, baina bitartean denbora eta energia asko galdu dugunez gure artean, berandu iritsi gara gure Elkano errelato historikoen erdigunera eramateko. 2022 zen horretarako urtea, baina ez ditugun gure heroiak zein gorrotagarri diren eztabaidan entretenituta harrapatu gaitu.
Elkano inperialaren mitoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu