Irakurri berri dut Joseba Sarrionandiaren liburua, Munduari bira eman zion ontzia. Eta harritu egin nau, liburuan hainbat hausnarketa sakon eginda, Elkanoren bidaian euskarak izan duen eragina aztertu ez izanak. Hiru edo lau pasartetan aipatzen du Elkano euskalduna zela eta Sevillara joanda, hain zuzen ere, bere hizkuntza erabiltzen zuten pertsonen artean egoten saiatu zela. («Ahaideak edo herrikideak fidagarriagoak zirelakoan, jatorri eta hizkuntza berdinekoak elkartzen ziren»), eta hausnarketa orokorrak egiten ditu, hala nola historian zehar euskaldunon egoera baztertua izan den, Elkano lekuko. Baina ez du inolako hausnarketarik egiten hizkuntzak bidaian duen eraginari buruz.
Hasteko, ohartu behar gara bidaia oso multilinguistikoa edo eleaniztuna izan zela. Espedizio hartan portugesez eta gazteleraz hitz egiten zen, eta indiarren hizkuntzen itzultzaileak ere egon ziren. Kronikari italiar bat ere egon zen espedizioan, Antonio Pigaffeta, Leon XIII.ak jarritakoa interes politikoekin. Hark italieraz idatzi zuen bidaiaren kronika (Relazioni in torno al primo viaggio di circumnavigazione). Talde euskaldun mardula ere egon zen, Elkanok bere lagun euskaldunak aukeratuko zituen bidaian laguntzeko, ziur. Normala da pentsatzea hizkuntzek eta hitz egiteko modu desberdinek eragina edukiko zutela bertako talde-dinamikan.
Gainera, Sarrionandiak dioen bezala, Elkano bere haurtzaroan eta gaztaroan Getariako astilleroen artean ibiltzen zen bere aitarekin, eta halako ontziola batean eraiki ziren erabili zituzten itsasontziak. Beraz, Elkanok gaztetatik jakingo zuen itsasontzi baten zirrikitu, zati eta bazter guztiak euskaraz izendatzen. Neuk ezagutu dut bermeotarrek erabiltzen zuten hiztegi idatzia txalupen alde guztiak bereizteko, gazteleraz aurkitu ezinezko hitz asko erabiliz.
Ikuspegi horretatik, Elkanoren historian tresna bereziena zein izan zen iragarri genezake. Mundu guztiaren inguruan lehenengoz bidaiatu zuenaren historian, euskara izan zela gakoa baiezta daiteke. Kantauri inguruko itsasgizonak trebeenak ziren arrantzan eta enbatak gainditzen. Bizkaiko golkoa munduko itsasorik zakarrenetakoa dela badakigu. Eta itsasalde honetako marinelak mendeetan ibili izan dira bertan lanean, euskaraz hitz egiten. Euren arteko hizkera euskara izan da, bai harremanetarako eta bai lanerako ere. Jakina da itsasoan lan egin nahi zuten etorkinek 100 egun baino gutxiagoan ikasten zutela euskara. Neu izan naiz horren lekukoa 1960ko hamarkadan, Ondarroan.
Hiztegi oso aberatsa izan da euskaraz itsasontziko alde guztiak eta eginbehar guztiak bereizteko. Itsasontzi bateko taldekideek, euren arteko harremanetan eta lanean euskara erabili izan dute, era oso efektiboan. Beraz, zalantzarik gabe baiezta daiteke Elkanoren taldea euskararen bidez gai izan zela munduari bira emateko. Euskara baliagarria eta ezinbestekoa izan zen Elkanorentzat eta bere taldekoentzat bidaia guztiaren oztopo eta enbatak gainditzeko, mundu guztiari bira emanez bizirik. Hizkera berezi bat behar zuten horrelako ekintzetan. Hizkera da lan egiteko ezinbesteko tresna. Beraz, Elkanok eta bere lagun euskaldunek inork baino hobeto ezagutzen zituzten itsasontzi haiek, itsasontzi haietako bazter eta zirrikitu guztiak izendatzeko gai baitziren.
Eta, normala denez, euskara ezinbesteko tresna zen ez bakarrik itsasontzi haietako bazter guztiak bereizteko, baizik eta maniobrak egiteko era eta egoera desberdinetan ere. Elkano oso marinel trebea zen, euskaldun asko bezala, Kantauri itsasoan, munduko itsaso arriskutsuenetariko batean. Gaztetatik jakingo zuen nola saiatu galerna eta enbata guztietan, nola mugitu eta erabili itsasontziak, euren mastak, oihalak, estatxak eta alde guztiak, ez bakarrik lema eramatea batera edo bestera, baizik eta oihalak batu edo zabaldu, edo era batera edo bestera jarri kordelak, estatxak eta abar. Gainera, eurekin zebiltzan marinelek ere arin ikasiko zuten hizkera hori.
Elkano kapitaina izan zen espedizio hartako bidaiaren erdian baino gehiagoan, eta berak idatzitako izkribu guztiak desagertu dira. Ez da izango euskaraz idazten zuelako ( gutxienez zati garrantzitsuenak ) eta bai kronikariak eta bai autoritate espainolek baztertu egin zutela euskararen eragina bidaia hartan? Elkano euskaldun ezezagun eta bigarren mailako pertsonaia baztertutzat hartu izan da bostehun urtean. Azken urte hauetan berreskuratu dugu, baina bere nortasunaren alderik sakonena ez dugu aurkitu. Boterea saiatu da, hainbat urtean, Elkano baztertzen, eta orain berreskuratu duen arren, ez du Elkanoren benetako gogoa erakutsi, munduari bira eman zion gogoa.
Elkano euskaldunaren eragina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu