Elizaren ondasunak?

2012ko irailaren 4a
00:00
Entzun
Maiz samar sumatzen da gai hau komunikabideetan. Elizaren ondasunen jabetzari buruz, alegia. Badira elizak erabiltzen dituen tenpluak, etxeak, baratzeak, denak herriarenak direla diotenak. Eta, urrats bat aitzinera eginez, ondasun horiek Udalenak direla. Eta eliza garbi-garbi lapurtzat jotzen dute. Bai, azken urteetan Elizbarrutiak Jabetzaren Erregistroan horrelako ondasunak inskribatu dituela eta, hainbatek lapurretatzat hartu du ekintza hori. Hala erran du, behinik behin.

Honetan, noski, bertze hainbat gauzatan bezala, ikuspegi desberdinak dira. Gainera, ikuspegiak azaltzean, zenbait izeni ez dizkiogu erranahi berdinak eskaintzen. Horregatik, hasiera batean, eta lehenbailehen, erabiltzen diren solas batzuen erranahia argitu behar dela uste dut nik. Bi aipatuko ditut: herria eta eliza. Zer da herria? Zer da eliza? Herria izena erakunde zibilari ematen diogu, izaera juridiko zibila duen eta elkarrendako zerbitzuak plantatzen dituen jende taldeari. Horren ordezkaritza betetzen duen batzordeari, berriz, udala edo udalbatza deitzen zaio gehienetan. Horrek erabiltzen ditu herriaren ondasunak; horrek egiten ditu bilkurak horretarako, eta akta eta kontu liburu berezitan idatziak gelditzen dira, bai bilkuren eta bai diru mugimenduaren gorabeherak.

Eliza bataiatu taldez osatutako elkartea da, gehienetan parrokia izena hartzen duten taldeek osatua. Talde horiek dira, neurri batean edo bertzean, Jesu Kristoren berri onaren testigu. Haiek jaso zituzten tenpluak beren bilkuretarako, eta etxeak ere beren zerbitzuetarako. Eta egin ondotik, horiek dituzte eraikuntzak zaindu. Gaur egun ere, nor jabetzen da, normalean, zaintze horien gastuaz? Gauza horien berri Parrokiak dituen bere liburu berezietan ikusten ahal da.

Bataiatu taldez osatutako elkarte honek baditu ardura bereziak bere gain hartzen dituzten elizgizonak, apezpikuak euren artean, hierarkia izenaz deitzen ditugunak. Eta, maiz aski, eliza erratean hierarkia adierazi nahi da, hierarkiak errana eta egina jotzen da elizak erran eta egina. Elizaren ondasunak ere hierarkiarenak bailiran egiten da mintzatu eta idatzi. Hau, ordea, ez da ulerpen eta adierazpen egoki eta zuzena, goian erranaren arabera.

Norenak dira, orduan, elizarenak erraten ditugun ondasunak? Ez apezpikuarenak, ez hierarkiarenak, ez. Ezta ere udalenak, parrokienak baizik. Parrokiarrak herritarrak dira, parrokiarekin zerikusi zerbait duten herritarrak, eta neurri batean bederen parrokiaren biziaren eta funtzionamenduaren ardura edo interesa hartzen dutenak. Udalbatzak ordezkatzen dituen herritarrak dira horiek ere, baina parrokiak udalak ez bezalako helburu, ardura eta funtzionamendua du. Eta baliabide propioak erabiltzen ditu, bere helburuak betetzeko, horien artean aipatu ditugun tenpluak eta etxeak.

Bai baina, gauzak horrela izanagatik, bertze modura ageri dira hainbatetan. Zera, errate baterako, parrokiarenak direnak apezpikuak bereak balira bezala erabiltzen ditu, berak erabakitzen etxeak saltzea, Jabetza Erregistroan diozesiren izenean paratu tenpluak, ermitak, etxeak. Moldatu edo zaharberritu behar direnean, ordea, ez zaizkizu apezpikutegitik lasterka joaten gastuak ordaintzera. Gero eta gehiago entzuten ari gara aspaldiko zenbait tenplu konpondu beharrean izanik, bertako jendeak ezinezko duela, gutxi direlako. Baina artzapezpikutegitik ere ez dute bere gain hartzeko asmorik, nahiz eta bere izenean dituen Jabetza Erregistroan inskribatuak. Jokaera hau onartezina da, eta azken urteetan gero eta eliztar eta ez eliztar gehiago mugitzen ari da apezpikutegiko ibilera alda dadin.

Parrokiei buruz errandakoa ez da, noski, berdin-berdin gertatu leku guztietan. Badira herriko familia batek eraiki edo zaharberritutako tenpluak. Edota bertze modura eginak. Aitortu behar da, gainera, zaintzeko lanetan erakundeek ere lagundu dutela, behin baino gehiagotan. Egiten ahal ez dena zera da laguntza horien izenean jabetza aldatu dela baieztatu, udalaren edo familiaren eskuetara, alegia. Prozesu hori bidezkoa balitz, herrietako anitz etxe, plaza, iturri gobernuarenak izanen lirateke, herriak eta jendeek gobernu horren diru-laguntzak jaso dituztelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.