Tere Maldonado.

Elizaren monopoliotik kanpo

2023ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Joan den mendetik aurrera bi gauza hasten dira posibletzat jotzen Mendebaldean: bata, laikotasunaren proposamenpolitikoa (grosso modo: Estatuaren eta Elizaren/elizen arteko banaketa, Estatuaren neutraltasuna herritarren sinesmenekiko eta kontzientzia-askatasuna); bestea, jainkoen existentziari buruzko ukazioa edo zalantza (hau da, ateismoa eta agnostizismoa aukera pertsonal gisa). Baina luzaroan, ateoak eta laizistak (ez datoz bat beti bi baldintzok pertsona berengan) deseroso eta nahasturik ibili gara, zer egin ez genekiela, erritual kristauak nola ordezkatu jaiotzaren edo heriotzaren aurrean, adibidez.

380. urtean eman zuen Teodosio erromatar enperadoreak Tesalonikako Ediktua, nizear kristautasuna Erromatar Inperioaren erlijio ofizial bihurtuz. Hortik aurrera, erlijio kristauak Mendebaldeko igarotze-errituen monopolioa bereganatu zuen. Monopolio hori pitzadurarik gabe indarrean egon zen bitartean, bataio, ezkontza eta hileten gisako garrantzi sozial eta pertsonal handiko uneak oso egituratuta zeuden: denek zekiten zer egin, non kokatu, zer koreografia jarraitu, zein keinu agertu eta zer tonu erabili zorionak edo doluminak emateko garaian.

Behin laikotasuna eta erlijio-sinesgabetasuna agertuta, inperialismo erlijiosoari uko egin nahi izan genion, baina arinegi agian, ordezkoa prest eduki aurretik. Berehala onartu behar izan genuen beharrezkoa dela liturgia sozial laikoa, ez dela nahikoa inprobisazioa eta bat-batekotasuna. Gutako asko hileta laikoetan egon gara, ezen zer egin ez jakiteak asaldura eta estutasuna eransten baitzizkion tristurari.

Gure unerik ikonoklastenetan eta nerabeenetan erritu egituratuak eta zeremonia solemneak arbuiatu genituen; ezjakinean egiten genuen, protokolo horiek heldulekuak direlako, ezinbesteko laguntza egoera berezi eta sentikorretan. Dena dela, kontu hau apurka-apurka zuzentzen joan da: gaur egun ehorztetxe gehienek badute zer eskaini hileta erlijiosorik nahi ez dutenei, eta ezkontza zibilak leku politetan ospatzen dira.

Liturgia sozialez gain, badira beste eremu batzuk non Eliza katolikoak ere bere boterea hedatu duen denboran zehar. Errua, errukia edo damua bezalako emozio jakin batzuen sustapen eta administrazioan ari naiz pentsatzen. Mendebaldean, zein sentimendu eta emozio (noiz, non, nola) esperimentatu, agerian utzi edo ezkutatu, neurri handi batean Eliza katolikoaren irizpide pean egon da IV. mendetik. Erruari dagokionez, kristau hegemonia ia absolutua izan da. Errua eta erruduntasuna kontzeptu-konstelazio desberdinei eragiten dieten hitzak dira, zuzenbideari edo emozioen psikologiari kasu, konektatuta badaude ere: erruaren ikuskera kristauak, izatez, erromatar doktrina juridikoa eransten du neurri handian, Agustin Hiponakoaren bidez, adibidez. Kontua da Erru judeokristauaz aritzen garela eta, inplizituki, onartzen dugu ez dagoela beste modurik erruduntasun sentimendua ulertzeko eta bizitzeko. Horregatik, Eliza sentimendu horien administrazio esklusibotik kanporatu beharrean, gu gara haiengandik alde egin nahi dugunok. Horrela jokatzean ahaztu egiten dugu erruaren edo damuaren kudeaketa modu esklusiboan esleitu zenean, Elizak gizateriaren ondare bat usurpatu eta lapurtu zuela beretzat. Baina ez genioke erruari eta damuari muzin egin beharko; aldiz, errebelatu egin beharko ginateke Eliza haiek maneiatzen dituen bakarra izatearen kontra. Ontzat ematen ari gara, bestela, mendeetako usurpazioa. Immatrikulazioak ez bezala, hauek haserrea eta protesta eragiten baitigute, usurpazio hori hain da zaharra, non ez baitugu jada berrezagutzen, abenduaren 25eko ospakizunek bezala, jatorriz kristauak direla ematen baitu.

Gaur egun, emozioei buruzko katixima berri batek hegemonia erlijiosoari aurre egiten dio. Esparru batzuetan nagusi da jada. Dotrina berriaren arabera, orokorrean, komeni da emozioak adieraztea, niaren adierazpena baitira eta gure garaiak lehentasun osoa aitortu dio niari. Baina badira baztertu eta ezabatu beharreko emozioak ere, ñabardurarik gabe txarrak direlako, antza. Eta txarrak dira nia berretsi beharrean, nolabait, zalantzan jartzen dutelako, erruak eta damuak egiten duten bezala. Erruduna naizela aitortzeak, egin dudan zerbaitez damutzeak, hobeezina ez naizela esan nahi du, akastuna naizela.

Gaur, batzuek ez dute erruduntasunaz ezer jakin nahi. Diotenez, errua txarra da, zerbait inposatu digutena helburu bakarrarekin: guri sufriaraztea, gu manipulatzea eta kontrolpean edukitzea. Horrela pentsatzen duten batzuk guraso dira eta pentsamolde hori seme-alaben heziketan aplikatzen dute, mukizuak errudun senti ez daitezen inoiz. Erruaren zentzuak zorigaitza baino ezin duela ekarri uste dute, eta jakina da zoriona helburu sakratu bihurtu dela, denak balio du eta edozein prezio baxua da ustez zoriontasunera eramaten baldin badu. Negarrezko ibarra atzean utzi nahian, etenik gabeko jaialdira pasatu nahi dutela dirudi.

Baina erru sentimendua eta damua soziabilitatea errazten duten sentimenduak dira, gure espeziearen eboluzioan destilatutakoak. Komunitatea eraikitzea, lotzen gaituen zementu bat sortuz besterik ezin da egin. Lotura horrek niari eta haren desira aseezin eta begirunerik gabeei mugak jartzea ekartzen du. Aingerutxoak eta basati rousseautarrak ez garenez, beste batzuei kalte egiten badiegu gaizki sentiaraziko gaituzten sentimenduak sorrarazi behar ditugu gugan, etorkizunean jokabide horiek mugatzeko modu bakarra baita (batez ere jainkorik eta post-mortem zigorrik gabeko munduan). Zer da kontzientzia morala, gure ekintzarako muga bat baino, geure buruari ipintzen dioguna, gainditu ezin ditugun marra gorri batzuk? Txarra da, derrigor, txarto sentitzea horiek ez errespetatzean?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.