Eliza, euskara eta barkamena

Tomas Agirre Irazoki
2012ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Beasaingo Andre Mari Zeruratuaren parrokiak, Jose Maria Setien jauna, Gipuzkoako apezpiku ohia gonbidatu zuen otsailaren 15ean, 19:00etan, Udaletxeko areto nagusian. Setienek, Bakeratze bidetik adiskidetzera izeneko hitzaldia egin zigun. Horretarako, hitzaldia aurkeztu zuen Patxi Meabe jaunak, euskaraz eta gazteleraz haren aldeko aipamenak egin zituen. Ondo. Eta horren ondoren, Setien jaunak berak ere, bi hizkuntzatan eskertu zion aurkezpena. Hori ere ondo.

Horren ondoren, ordea, aipaturiko Baketze bidetik adiskidetzera gaiari buruzko iritziak, luze eta zabal eman zituen Setien jaunak, baina «erdara batuan» soil-soilik. Horixe adierazi nion Setien jaunari bukaeran; Beasain, Euskal Herriko bihotzean egonik, ez dut uste inondik ere justifikaziorik edo aitzakiarik egon litekeenik, 2012ko otsailaren 15ean, gutxienez, bi hizkuntzatan esan beharrekoa esateko. Hizlariak ez ezik, entzule gehien-gehienak euskaldunak ginen, gainera. Hitzaldirako eman zizkioten apunteak, erdara hutsean zeudela esanaz justifikatu zuen Setien jaunak bere burua. Ez dut uste, inondik inora ere, Setien apezpikuarengandik onartzeko moduko argudioa denik. Hain eduki garrantzitsua oinarritzat hartutako hitzaldia, non eta nola aurkeztu, ez da bigarren mailako kontua.

Gure hizkuntzarekiko mespretxuzko jarrera hori ikusi ondoren, honako galdera hauek etorri zitzaizkidan burura: baketzeari buruz aritzean, zein baketze bide nahi duzue? Gazteleran eta Espainian oinarritutako bakea? Zer da bakea? Espainiarrek inposatutako bakea? Euskara zapalduz egindako bakea? Adiskidetzea nola egin nahi duzue? Gaztelera jakiteko dugun obligazio konstituzionalean oinarritua?

Berradiskidetze garaia omen den honetan, elkarren artean gazteleraz hitz eginez elkar-ulertu eta konpondu behar al gara?

Euskal Herria euskararen herria da, euskarak egiten gaitu euskaldun. Baina horrelako jokaera lotsagarri, deitoragarri eta onartezinarekin, euskara hondamendira doa. Eta euskararekin batera Euskal Herria ere bai. Nolako herria eraiki nahi dugu?

Hitzaldiaren barruan nire kezka adieraztearekin batera, «duela 20 urte baino okerrago al gaudek?», galdetu zidan entzule batek. Udaletxeko batzar aretoa jendez beteta, euskaldunak gehienak, eta hizlaria euskalduna izan eta hitzaldi osoa erdara hutsean egin ondoren, hobeto al gaude ba? Non dago euskal elizaren nortasuna eta hizkuntza kontzientzia?

Barkamenaz ere hitz egin zuen Setien jaunak hitzaldian. Jakina, beti besteek eskatu behar izaten dute barkamena, errazagoa baita errua beti besteei botatzea, norberaren zilborrari begiratzea baino.

Azkenaldian, etengabe, uneoro, ETAri eta bere inguruari bakar-bakarrik exijitzen zaio barkamena eska dezaten. Espainiar eta frantziar estatuen aldetik euskal herritarrok mendeetan jasan behar izan dugun zapalkuntza politiko, kultural eta linguistikoaren ardura ezkutatuz.

Egunen batean hitz egin beharko dugu, mende hauetan guztietan eliza katoliko, apostoliko eta erromanikoak izan duen jarrerari buruz ere. Inkisiziotik hasi, Goma kardinaletik pasatu eta Franco palio azpian eramaten zuen elizari buruz ere hitz egin beharko dugu egunen batean. ETAk bakarrik al du barkamena eskatzeko ardura? Ez al dute beste askok, tartean Elizak, espainiar eta frantziar basakeriatan ardura historikorik izan? Inork ez al du kontu horien ardura hartu eta barkamena eskatzeko ardurarik sentitzen bere aldean? Lehengo eta oraingo frankistak, torturatzaileak, poliziak, espainolak, Gernikako eta Durangoko bonbardaketak agindu zituztenak… hainbeste sufrimendu eta heriotza eragin dutenek, ez al dute barkamenik eskatzeko obligaziorik?

Gipuzkoako Elizaren arduradun nagusia den Munilla apezpikuaren hitzak entzunda, ez du ematen ardura hori bere bizkar hartzeko asmorik duenik. Frankisten oinordekoen eta Rouco Varelaren egia bakarraren bidea besterik ez da ikusten.

Sakondu dezagun, beraz, gatazkaren arrazoi eta benetako konponbidearen ildoa. Guztiontzat hobea izango den etorkizuna lortze aldera.

Bukatzeko, uste dut hitzaldia erdara hutsez egin izana mahai gainean jarri ondoren, bai hizlariak eta bai antolatzaileek ere, barkamena eskatzeko aukera ederra izan zutela. Errua onartu eta barkamena eskatzeko, hain zuzen ere. Ez niregatik, soilik, euskal herritarrok dugun hizkuntza eskubidearen errespetuagatik. Baita Eliza bertatik, urte luzeetan euskararen alde lan izugarria egin duten elizgizon eta emakumeenganako errespetuagatik ere. Ez zuten urrats hori egin. Hausnarketa egin, eta erruak onartzea zenbat kostatzen zaigulako adibide garbia izan zen. Eta Elizari berari ere, behar baino gehiago kosta izan zaio urrats hori egitea. Historian zehar, beti.

Hitzaldian bertan ere esan nizuena errepikatuz bukatuko dut: «Gaizki esanak (balego) barkatu, baina ongi esanak kontuan hartu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.