Badut lagun bat kalean gelditu eta beti galdera bera egiten didana: «Nola doa hori?». Kafe bat hartzera gonbidatu nuen atzo. Jar zaitez Eliseoren larruan, hasi nintzaion, sekulako aurkikuntza egin eta ikusi zelako saria jaso duen: lapidazio mediatikoa, desohorea, langabezia... Eta hori gutxi balitz bezala, arrisku bizian dago kartzelara joateko eta ikaragarrizko isuna bereganatzeko.
«Baina seguru zaudete benetakoak direla?». Seguru-seguru, zeruan dagoen atsoa esaten da gurean, baina bai, oso zalantza gutxi geratzen zaigu.Bost urte daroagu gaia alderdi ezberdinetatik aztertzen, eta begirada garbiarekin hurreratu garen guztiok ondorio berera heldu gara: ezin dira faltsuak izan. Esan behar, gainera, txostenak eginez busti diren aditu gehienak atzerritarrak direla; Euskal Herrikoek nahiago izan dute txistua jo eta beste leku batera begiratu.
«Baina zergatik dira zuen ustez benetakoak?». Batetik, grafitoen edukietan ez dagoelako anakronismorik edo ezinezkorik. Esku eta garai ugari ikusten delako; gaiak, hizkuntzak, grafiak, marrazkien estiloak eta abar oso anitzak direlako. Koherenteak direlako arkeologoek proposatzen duten testuinguruarekin. Gainera eurek atera dituzte lurretik. Bestetik, zein hasiko da horrelako gauza bat faltsifikatzen? Eta zertarako? Txostengile batek esan zuen bezala, hau iruzurra balitz arkeologiaren historiako arraroena, sofistikatuena eta garestiena litzateke. Absurdoa da guztiz.
«Baina zer interes egon daiteke faltsutzat jotzeko?». Gai malapartatu honetan bat egin dute hainbaten interes, esan dezagun, ez oso jatorrek: zenbaiten botere eta diru interesak (unibertsitateko historia saila, aztarnategiaren oraingo zuzendaria, bereziki); beste zenbaiten interes akademikoak (filologia saila; hango irakasleren batek edo bestek arriskuan ikusi ditu, nonbait, onartutako teoriaren batzuk, grafitoetako euskara ez delako uste zuten modukoa zenbait gauzatan); eta, azkenik, historiografia espainiar antieuskaldunenak ere arriskuan ikusi du bere teoria kutuna, Beranduko baskonizazioa —grafitoak ontzat emanez gero, pikutara hainbeste nekerekin hondar gainean eraikitako gaztelua—. Kontua da eskutik helduta ikusi ditugula denak, gure zenbait agintariren bendizioarekin eta babesarekin.
«Bueno, baina hor egongo dira alderdi abertzaleak honi aurre egiteko...». Hobe bai. Alderdi abertzaleak, salbuespentxoren batekin, izan dira okerrenak. Eurak zeuden aldundiaren gobernuan, eta ezjakintasunagatik, konplexuengatik edo auskalo zergatik, itsu-itsuan sinetsi zuten euskal unibertsitateko irakasleen bertsioa, eta Eliseo Gilen kontra jo zuten epaitegira eramanez eta faltsutzaile bezala seinalatuz.
«Nola dago orain egoera?». Momentu kritikoan. Madrileko Kultura Ministerioko laborategiaren analisiak iruzur hutsa izan dira, nire ustez. Ez dituzte hezurrezko eta adreiluzko piezak analizatu nahi izan, datatzen errazenak, benetakoak direla garbi geratuko zen beldurrez. Eta buztinezko piezei buruzko txostena aurreiritziz eta azpikeriaz josia dago; ad hoc egindakoa da, bezeroak eskatutako neurrira.
«Zeure onetik irtenda ikusten zaitut». Zeu ere egongo zinateke Ertzaintzak daraman instrukzioaren berri izango bazenu. Pentsatzen dut, ikerketa inpartziala egin beharrean, diputazioaren kereilaren gidoia jarraitu dutela zintzo-zintzo, eta denok dakigu zeinen kondena bilatzen duen kereila horrek. Hori gutxi balitz bezala, uztailaren hasieran batzar nagusietan kultura diputatuak egindako agerraldian, geure ordezkari batek txalotu egin du Ertzaintzaren jokabidea.
«Ezta izango? Panorama beltza jartzen didazu». Beltza eta krudela. Oso litekeena da epaileak laster Eliseo Gil tribunaletara eramatea. Eta hasieran esan dizut nolako harria eror dakiokeen.
«Honek Altamirako kasuaren gero eta antz handiagoa du. Sautuola gizajoa ere antzera tratatu zuten. Hil ondoren onartu zuen munduak aurkikuntza handia egin zuela». Hau okerragoa dela esango nuke. Hura behintzat ez zuten auzitara eraman. Eta XIX. mendea zen, eta gu XXI.ean bizi gara, oker ez banago. Arkeometria laborategi espezializatu batek goiz batean erabakiko luke auzia. Eta horren beharrik gabe ere, aski litzateke arkeologo neutral batzuek indusketa kontrolatuak egitea grafitoak azaldu diren inguruetan.
«Eta zer egin dezakegu?». Ez dakit. Bakoitzak ikusiko du. Batzuek behintzat Eliseori elkartasuna eta berotasuna ematen jarraituko dugu. Bere egoera kafkianoa da. Egizu horrelako aurkintza bat honetarako... Eta materialak zakarrontzira joateko arriskuan. Jarraituko dugu auzia ezagutarazten eta bidegabekeria sinestezin hau salatzen. Eta jende bati enegarrenez esango diogu grafitoak benetakoak direla eta kontuak ateratzeko.
«Zuk uste duzu hau sekula argituko dela?». Egiak bere bidea egingo du lehentxeago edo geroxeago. Eta historiak epaituko gaitu denok, eta beharbada uste baino lehenago gainera.
Eliseo Gil kondenatu nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu