Zientzialariok askotan datuak eta ideia abstraktuak darabilzkigu eta arrazoi gehiago edo gutxiagorekin kaleko jendeak kritikatzen gaitu, ideia sinpleak komunikatzeko zailtasunak dauzkagula esanez. Kazetari batek baino gehiagok esan dit norbanakoari gertatzen zaizkion anekdotek komunikatzeko indarra omen dutela. Nire ustez, eguneroko bizitzan gertatzen zaizkigun momentu txikiak formulan sartzea komeni da, horiek lasai disekzionatzeko eta momentu txikietatik irakasketa handiagoak sortu ahal direlako. Duela egun gutxi Zarauzko erdialdean dagoen okindegi famatu batetan gertatutakoaren harira, artikulu honetan zenbait gogoeta egin nahi izan ditut.
Ogi barra xerratu bat etxean gosaltzeko erosi nahi nuen. Okina ogia xerratu eta plastikozko poltsa polit batean ogia sartzera zihoanean ogia paperezko poltsa batetan sartu ahal zuen galdetu nion. Berak baietz, noski posible zela, baina paperezko poltsan agian justu xamar sartuko zela erantzun zidan, eta nik, saiatzeko eskatu nion. Horrela, ogi xerrak paper poltsa batean lasai sartu eta eskura luzatu zidanean, irribarre txiki batekin ea handik aurrera okindegian plastikoko poltsak erabili beharrean paperezkoak erabiltzen hasiko ote ziren galdetu nion. Plastikoaren arazo globalaz jendea gero eta sentsibilizatuago dagoela eta berea okindegi gourmet famatua izanda, gourmet marka zaintzekotan, plastikoa alde batera uztea ideia polita litzatekeela aipatu nion. Okinak arrazoi nuela esan zidan, baina aldi berean, plastiko poltsetan ogia denbora luzeagoz mantentzen dela aldarrikatu zuen. Nik, berriz, dialektikan barneratuta, erantzun nion egun bat edo bitan kontsumituko nuela eta ez zitzaidala inporta ogia pixka bat gogortzen bazen. Berak irribarretsu ogia bere paper poltsan eman, eta dendatik irten nintzen.
Ogia besapean kalean nindoala ezin nuen burutik kendu plastikoaren erabilera ez-arduratsua eragiten ari den krisi ekologikoa, edo, hobeto esanda, norbanakoak kontsumitzaile eta ekoizle-saltzaile bezala zenbaterainoko erantzukizuna duen gure bizitza zein planeta plastifikatzeko orduan. Ogiaren pasartearen harira, burutapen kate bat etorri zitzaidan, gutxienez zazpi puntutan laburbil daitekeena, hurrenez hurren:
Lehenengoa: saltzailea jabetzen zen okindegian plastikoaren erabilera ez zela ekologikoki egokia, baina bere produktuaren kalitatea lehenesten zuen, ogia plastifikatzen denean hobeto mantentzen baita antza. Paper poltsak hermetikoki nola itxi daitezkeen ez zekien, eta arazo tekniko honi irtenbiderik emateko zer egin ez zekien. Beraz, arazoa teknikoa omen da, haren ustez. Bigarrena: posible da plastikoak ingurumenean sortzen dituen arazoaz jabetzea, baina kontsumitzaileen osasunean duen eragina ez da aintzat hartzea. Ikerketa ezberdinez frogatu duten moduan, plastiko partikulak elikagaiekin kontaktuan daudenean posible da partikula horiek gure gorputzean sartzea elikagai horiek jaten ditugunean. Hirugarrena: produktuaren kalitateaz hitz egiterakoan, produktua kontsumitzeko orduan zuzenki nabariak diren ezaugarriak hartzen ditu kontuan saltzaileak, ez hainbeste zeharkako eta hain nabariak ez diren ezaugarriak, hots, bai ekologiarekin edo eta osasunarekin lotuta daudenak. Hor ez al dugu kalitateaz hitz egiterik? Laugarrena: saltzailearen ikuspuntu mugatu hori merkatuaren menpe dagoen seinale argia da, merkatuak eta konpetentziak eroslearen pertzepzioak kontuan hartzen baititu nagusiki. Bosgarrena: kontsumitzaile gehienen pertzepzioak aldatzen ez diren bitartean, merkatuaren bidez erosleak duen gauzak aldatzeko botereak ez du ezertarako balioko ingurumena eta osasuna zaintzeko bidean. Seigarrena: erosleen pertzepzioek ekologia eta osasunaren alde egingo balute ere, erosle gehienok, pertzepzioetatik jarrera aldaketarako bidea egin behar dugu, eta badakigu ez dela erraza eguneroko jarrerak aldatzea. Zazpigarrena: eguneroko jarrerak aldatzea batzuetan, ez beti, ohituta gauden erosotasunari uko egitea dakar, eta horixe da kontsumitzaileon jarrerak ez aldatzeko arrazoi nagusietako bat.
Katea nork eta nondik apurtu orduan? Saltzaileak badu hori lortzeko aukera. Batetik, erosleen pertzepzioekin jolastuz, eta beraien kontsumo portaerak aldatuz «erosotasunaren» ideia baliatuz; jarri dudan adibide txiki honetan paperezko ogi poltsa egokiak erabiliz salerosten den produktuaren kalitatea zaintzen dela bermatuz, adibidez. Eta, bestetik, ogia eguneroko produktu bat izanik, gure osasuna eta ingurumenarekiko jarrera adeitsu bat bultzatuz, erosleekin lor dezakeen konfiantza sortuz. Hori marketinaren gako nagusi bat izanik, badago saltzailearentzako abantaila baliatzeko aukera.
Eroslearen ikuspuntutik, badugu nondik katea apurtu. Gure egunerokotasuneko jarrerak aldatzeko beldurra alde batera utzi eta kontsumitzeko modu berriekin saiatu behar dugu. Zer eta zenbat erosi? non eta nori erosi? Galdera horiek erantzun behar ditugu gizartearen, osasunaren eta ingurumenaren aldeko kontzientziatik jarrerak aldatzen hasi ahal izateko. Ogi plastifikatuari stop esatea erraza da, baita egunero egiten dugun elikagaien kontsumo eredu jasangarriagoa elikatzea ere. Nik ahalegintxoa egin dut, zuk zergatik ez?
Elikagai plastifikatuak? Ez, eskerrik asko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu