Orain dela gutxi, adimen artifizialak, digitalizazioak eta teknologiak etorkizunean gure elikaduran nola lagun dezaketen ulertzeko aukera izan dut: modu pertsonalizatuan diseinatutako elikagaiak, giza genomaren analisia elikagaietan intolerantziak saihesteko, eta abar. Errealitate horretarantz goaz ziztu bizian, baina errealitate hori gainera datorkigun beste errealitate batekin batera bizi dugu eta biziko dugu: milioika pertsonak —haurrak ere tartean, noski—, elikagaiak eskuratzeko zailtasunak dituzte, eta gosea eta ahuleria pairatzen dituzte. Gai berari buruz ari gara?
Lehenago ere entzun dugu istorio hori, ezagutzen dugu eta errepikatu egiten da, sufritzen duenaren geldotasunagatik, agian. Baina ez da horrela. Benetako ahalegina egiten dute familiek eta komunitateek, eta horretan saiatzen dira herrialde batzuk ere, beren herritarrentzako babes-ekintzak abiaraziz; emaitzak ematen dituzte eta tokian tokiko garapena sortzen dute horiek guztiek. Hala ere, hainbat elementuren aurka borrokatzen dute; honako hauen aurka, hain zuzen: gatazkak, klima-aldaketa, COVID-19a eta krisi ekonomikoa.
COVID-19aren pandemiak eta bizitzaren kostuaren igoerak eragin larria izan dute herrialde ahulenetako ekonomietan, eta prezioak gure erosketa-orgetan aurkitzen ditugun antzeko proportzioetan igo dira. «Xaboiaren prezioa ere hirukoiztu da», esan zidan, larrituta, Mauritaniako herrixka bateko emakume batek, elikagai-segurtasun ezak jota.
Gatazka armatuek ere eragin handia dute elikagaiak eskuratzeko orduan: jendeak bere etxetik ihes egin behar izaten du, soroak eta uztak utzi behar izaten dituzte, eta, kasu batzuetan, erre edo suntsitu egiten dituzte, eta lekualdatutako familiek zailtasunak izaten dituzte babesa bilatzen duten lekuetan landatzeko edo lan egiteko.
Tenperaturen gorakadak gertaera klimatiko errepikakorrak eta oso kaltegarriak eragiten ditu, uholdeak edo lehorteak, besteak beste, eta, nekazaritza-ekoizpenari larriki eragiteaz eta uztak suntsitzeaz gain, muturrekoa da herrialde askotako familien eta babes-sistema hasiberri eta artean hauskorren egoera.
Nekatuta gaude behin eta berriro istorio bera entzuteaz, horrelakoak ere pentsa ditzakegu: «Berriro gauza bera?». Hala ere, jakin beharko genukeena da istorio horrek egunero gure pantailetan eta komunikabideetan egon beharko lukeela, eta ez dela halakorik gertatzen. Somalian, lau urtez jarraian izan dute lehortea, eta, bi urtez, otien izurrite izugarriak pairatu dituzte: lehen urtean, uzten %70 suntsitu zituen, eta bigarrenean, berriz, %30. Izan genuen horren berririk duela lau urte, hiru urte edo bi urte? Bada, ez. Azken urteetako pandemian pentsatzen badugu, COVID-19aren ondoriozko zenbat olatu larri eta konfinamendu jasan ahal izango genituzke kanpoko laguntzarik gabe?
Gai berari buruz ari gara? Joan den urriaren 16an, Elikaduraren Munduko Eguna ospatu genuen berriz ere. Bien bitartean, Somalian, 1,8 milioi haurrek desnutrizio akutuari aurre egin behar diote. Gaur egun, 970.000 pertsonak egoera gogorrak pairatzen dituzte Somalian, Hego Sudanen, Afganistanen, Etiopian eta Yemenen, gosetearekin lotuta. 46 herrialdetan, 50 milioi pertsona daude gosetea jasateko zorian. Ez al da nahikoa? XXI. mendean lizuna, bidegabea eta immorala da haur bat gosez hiltzea. Saia gaitezen gure aurrerabidean inor atzean ez uzten.
Elikaduraren Munduko Eguna: gai berari buruz ari gara?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu