Apirilaren amaieran ospatu zen Elikadura 21 Nazioarteko Hizketaldia Gasteizen, XXI. menderako elikaduraren etorkizunaren eta nekazaritzaren erronken inguruko hitzordua. Mundu osoko unibertsitate eta gizarte antolakundetako 450 pertsona baino gehiago bildu ginen, 52 herrialdetatik etorritakoak. Arlo honetan pairatzen ditugun arazo global larrienei buruz eztabaidatu genuen; horretarako erreferentzia izan genituen analisi akademiko zorrotzak, askotan behar beste zabaltzen ez direnak.
Eredu zapaltzailea kritikatzen duten diskurtsoak ikusezin bihurtzea eta zilegitasuna kentzea —bai akademian eta baita handik kanpo ere—, botere ekonomikoak erabiltzen dituen estrategiak dira, haren alternatiba izan daitekeen edozein eraldaketa prozesu isilarazteko. Horrela, ekonomia fakultateetan merkatu-teokrazia da aukera bakarra, eta agronomia eskoletan elikagai-ekoizpena etekin ekonomikoa handitzera zuzentzen da soilik. Dena den, elite ekonomikoentzat ez da erraza izango gero eta babes sozial handiagoa duten hainbat ahots isilaraztea, honelako hitzorduek frogatzen duten moduan.
Elikadurak kezkatzen gaitu, asko kezkatu ere. Zaila da hain arrotza izatea gure egunerokotasunarekin hain lotuta dagoen zerbait. Elikadurak oso zuzen eragiten die eskubide hori bermatuta ez duten pertsonei, enplegu bat izan arren erosketarako gastuak ondo kalkulatu behar dituzten horiei, beste oinarrizko beharrizanak sakrifikatu ez ditzaten. Eta, jakina, pertsona txiroek edo gizarte-bazterkeria pairatzeko arriskua dutenek elikagai-bankuetara jo behar dute; halako ekimenek, zalantzarik gabe, erakunde publikoek bere gain hartzen ez duten funtsezko lana gauzatzen dute, baina, bestalde, hein handi batean, elikadurarekin espekulatzen duten enpresa handiekin egindako akordioetan oinarritzen dira.
Elikadurak ere kezkatzen ditu dieta osasungarria eduki nahi duten pertsonak, kontuan hartuta ohartu gabe hartzen ditugun elikagai-gehigarriak, gure osasunarentzako kaltegarriak direnak. Adibidez, palma-olioa edo azukre erantsiak elikagai prozesatu askotan erabiltzeak alarma soziala eragin du azken hilabeteotan, bere garaian pangak edo hegazti-gripeak eragin zuten moduan.
Guraso elkarteek eskola-jantokien kudeaketa eredua salatzen dute; izan ere, eskolei autonomia kentzen die, eta zerbitzua catering-enpresa gutxi batzuen esku uzten du, zeintzuek zalantzazko kalitatezko menuak eskaintzen dituzten. Merkatari elkarteek ikusten dute aspaldiko dendak ixtera behartuta daudela, eta, bien bitartean, kate handiek supermerkatu berriak irekitzen dituzte «produktu lokalen» ideia bereganatuta. Mugimendu ekologistak agerian utzi du elikagaien ekoizpen industriala ez dela bateragarria sistema naturalekin. Ohartarazten dute muga biofisikoak gainditu ditugun planeta honetan, datozen hamarkadetan garatzen ditugun elikadura-sistemakerabakigarriak izango direlaespezie gisa bizirauteko dugun ahalmenean.
Diru-laguntzetan oinarritutako nekazaritza-politikaren ondorioz, esplotazio txikiak desagertzen ari dira—nahiz eta politika horiek kontrakoa promesten zuten, hain zuzen—, eta nekazari sindikatuak horren aurka mobilizatzen ari dira. Erakunde publikoek familia-nekazaritza babesten dutela diote, eta, aldi berean, Noviercaskoa bezalako megaproiektuak sustatzen dituzte; proiektu hori Valle de Odieta kooperatibak bultzatutako 20.000 behiko abeltzaintza-ustiategi industriala da, Europako handiena izango da eta arriskuan jartzen ditu Nafarroako 168 familia-ustiategi, EAEko 360 eta Kantauriko kostaldeko beste asko.
Erraza da edozein herritar xume identifikatuta sentitzea aipatutako egoeretako batekin edo batzuekin. Izan ere, mugiarazten gaituen arrazoia gorabehera, ideia orokorra da honako hau: ezinezkoa da elikadura eskubidea dela pentsatzea,elikadura kontrolatzen duenaren asmo bakarra etekinak handitzea baldin bada.
Horregatik, gizarte kezka areagotzeaz gain, azken urteotan beste sistema bateranzko trantsizioa egiteko proposamenak biderkatu dira gure inguruan. Gero eta pertsona gehiagok hautatzen dute lurra, bere erritmoa eta ekoizpen aukera osasungarriak errespetatzen dituzten produktu agroekologikoak kontsumitzea; gero eta jende gehiagok erabakitzen du auzoko dendetan erostea saltoki handietara jo beharrean, auzoei bizitza emanez; gero eta gehiagok sustatzen dituzte proiektu kooperatiboak, non elikagai ekoizleek eta kontsumitzaileek bien beharrei egokitutako harreman zuzena ezartzen dute. Gero eta gehiago dira landa-eredu baten aldeko apustua eginda eta ikuspegi agroekologiko batetik, baldintza duinetan lanean jarraitzeko aukera topatzen duten nekazarien aukerak, baserriko ezagutza tradizionala berreskuratzen parte hartuz, baina prozesuari ikuspegi feminista gehituta. Halaber, badaude gobernu lokalek sustatutako apustuak: politika publikoak garatzen dituzte, proiektu agroekologikoen bidez bertako ekonomia berpizteko helburuarekin.
Elikadura-burujabetzaren bidean aurrera egiteak bi gauza eskatzen dizkigu: batetik, mugimendua eraikitzen jarraitzea, eta bestetik, sistema zapaltzaile neoliberalaren ondorioak pairatzen dituzten bestelako sektoreekin aliantzak ezartzea.
Uztailean bide hau urratzen jarraitzeko aukera izango dugu Derion (Bizkaia), bertan ospatuko baita Via Campesinaren VII. Nazioarteko Konferentzia. Oinarrizko aldarrikapenak egingo ditugu; besteak beste, elikadura eskubidea dela eta ez salgaia, edo eredu sozioekonomikoa pertsonen zerbitzura egon behar dela, eta ez alderantziz.
Esango dugu gakoa dela elikadura-sistemen eta ekonomia osoaren birkokapena elikadura-eskubidea eta gainerako oinarrizko eskubideak bermatzeko. Orain aldiaz eta etorkizunaz kezkatuta gauden mundu osoko antolakundeek hausnartzen etaekiten jarraituko dugu,guztiontzako elikadura-burujabetzaren izenean.
Elikadura burujabetzaren aldeko mugimendua eraikitzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu