Elikadura-burujabetza posible ote da gaur egungo ekonomian?

2016ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Badirudi, gainbegiratu batean, elikadura-burujabetzaren gaia asko landu dela Euskal Herrian azken urteotan. Maiz hitz egin da elikadura-burujabetzaz, eta alderdi politiko batzuek bere agendetan lehenetsi egin dute. Halere, gaiari gogoz eta sakon heltzeko unean, nire ustez, geruza batek estaltzen du guztia, eta geruza horrek gaia gardentasunez aztertzea ekiditen du. Geruza hori, Europar Batasuna eta Europako nekazaritza-ekonomia ulertzeko modua da. Horrez gain, gaia lantzeak bertigo apur bat ere ematen duela iruditzen zait. Dena delakoa izanda ere —eta bertigoa eman ala ez—, lehen sektorea gaixo dago, eta egunetik egunera ahulago.

Nire iritziz, gaur egun sektoreak duen gaitz hori azken urteetan sektorearen diagnostikoan ez asmatzearen ondorio edo seinale da. Eta Euskal Herrian, lehen sektorearen diagnostikoan asmatzeko, elikadura-burujabetzaren benetako gogoeta egitea derrigorrezkoa delakoan nago.

1985ean Estatu Espainola Europako Ekonomia Erkidegoko (EEE) kide egitean, Hego Euskal Herrira nekazaritzaren eta merkatuen antolamendu berria iritsi zen. Legedi eta politika berriek, ezinbestean, aldaketa ekarri zuten lehen sektorean; hau da, ordura arte nekazaritza, merkatua eta sektorea bera ulertzeko moduan. Ipar Euskal Herrian, berriz, erregelamenduak eta ekonomian aritzeko modu horiek ezagunak zituzten ordurako, 1957an EEE lehengoz osatu zuten estatuen artean egon baitzen Frantziako Errepublika. Esan bezala, Estatu Espainola 1985ean sartu zen EEEko estatuen taldera eta, ondorioz, Hego Euskal Herria ere bai. Harrezkero 30 urte pasatu dira, eta epe horretan baxurako arrantza-ontzien kopurua eta nekazaritzako errolda ikaragarri murriztu da.

Bai Iparraldean, bai Hegoaldean onartuta zegoela uste dut Europan sartzeak lehen sektorean ezinbesteko aldaketak eragingo zituela; baina Hego Euskal Herrian, aldaketa horietaz aparte, 30 urte hauetan beste zer edo zer ere egon dela deritzot: sektorea merkatuan babestuko zuen nekazaritza-politikaren eta berezko irizpideen gabezia. Eta irizpide gabezia horren ondorioa da lehen sektorea norabidea galduta aurkitzea, bukle batetik irten ezinik. Izan ere, Hegoaldean egin den nekazaritza-politika Europak sortutako erregelamenduak zetozen bestean ezartzea izan da; hots, Europako legeen ezarpen zuzena eta derrigorrezkoa. Eta gainera, berezitasun batez: zorroztasunez. Europak sektoreari begira —osasuna, nekazaritza, abeltzaintza edo arrantza izan— sortutako edozein neurri ezartzeko orduan zorrotzenetan zorrotzenak izan garelakoan nago. Akaso, jarrera horrekin europarragoa ikusten genuen geure burua eta, ondorioz, baita geure produktuak ere.

Bestalde, urte gehiegi pasatu dira nekazaritza-ereduak eta Euskal Herria markak zein mezu eduki behar duten gogoeta sakonik egin gabe. Kanpoan diseinatutakoa eta araututa zegoena ezartzen izan baitiogu bertokoari. Ez da egon gogoetarik eta, horrenbestez, produktuen berezitasunik ere ez. Ez herri modura, ezta erkidego modura ere, EAEn nekazaritza arloan dauzkagun ahalmenak edo eskubideak ez ditugu gauzatu inolaz ere. Aitzitik, Ipar Euskal Herrian, nekazaritza-ereduen gogoeta abian jarrita zegoen, batez ere laborariek 2005. urtean Euskal Herriko Laborantza Ganbara (EHLG) sortu zutenetik.

Nekazaritza-ereduen gogoeta izango da, seguruenik, elikadura-burujabetzak Euskal Herrian eman behar duen lehen eta derrigorrezko pausoa. Baina Hegoaldean derrigorrezko gogoeta honi ere ihes egiten gabiltzala iruditzen zait. «Iparraldeko eta Hegoaldeko errealitateak desberdinak dira» esan, eta kito! Baita Karrantzakoa Urrestillakoarekin konparatuz gero ere, eta Ispasterkoa Kanpezukoarekin... Errealitate oso desberdinak dira. Eta zer? Ematen du edozerk balio duela gogoetari ez heltzeko. Baina, gaur ez bada bihar, elikadura-burujabetzaren gogoetari ekin beharrean aurkituko gara Hego Euskal Herrian. Iparraldean badihardute. Ez dezagun denbora gehiago igarotzen utzi Hegoaldean, jadanik, 30 urte askotxo baitira.

Europan Nekazaritza Politika Erkidea (PAC) sortu zenean 1962an, jarritako lehen helburua honako hau izan zen: «Europa nekazaritza eta elikagaien alorrean autosufiziente izatea». Bada, non geratu da helburu hori? Urteetan hiperprodukzio subentzionatu bat bultzatu ondoren, guztiz alderantzizkoa da arazoa gaur egun Europan. Era berean, Europako Nekazaritza Batzordea, kontzeptu berriak asmatuta (desakoplamendua, kondizionalitatea...), merkatua erregulatu nahian dabil; betiere, elikagai-enpresen lobby batzuen nahierara.

Hori guztia ikusita, Europa mailan Ipar Euskal Herriak eta Hego Euskal Herriak ezin al dituzte gai honen aurrean, adibidez, irizpide bateratuak eduki? Hori egiteko ere «errealitate desberdinak» al gara?... 2015ean Katalunia eta Euskal Herria politikoki agertu ziren bezain desberdinak ote dira Euskal Herriko bi aldeetako nekazaritza-politikak?... Beharbada, azken finean, merkatuan ezer ez aldatzeko baldintzaren truke Europak lehen sektoreari «oparitzen» dizkion diru-laguntzen morroi bihurtu gara, eta edozein aitzakiak balio du sektorean ezertxo ere ez aldatzeko. Abestiak dioen bezala, «azken finean, gizaki hutsak gara», eta diru-laguntzaz elikatzen duten gizaki horren jakian (diru-laguntza horietan) daude benetan ere elikadura-burujabetzaren bideari behin eta berriro oztopoak jartzen dizkioten arrazoiak.

Eta Iparraldeko, Nafarroako, EAEko baserritarrek, arrantzaleek eta sektoreko teknikariek, gogoeta hori nazio modura elkarrekin egingo bagenu? Ala, kasu horretan ere, zeharo errealitate desberdinak lirateke gureak? Ez ote da errealitate desberdinen lelo hori bakarkako interesetan oinarrituta egongo? Izan ere, Nekazaritza Politika Erkidea horretantxe oinarritzen da: estatuaren edo erkidegoen bidez, gehienetan bakarka banatzen diren diru-laguntzetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.