Elikadura burujabetza ekiditeko pilulak

2016ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Europako nekazaritza-politikak badu lehen sektorearen jardueran elikadura-burujabetza ekiditeko erabiltzen duen tratamendu berezi bat: diru-laguntzen pilula. Lo eragiteko pilula atsegingarria eta iraunkorra. Aurretik inongo diagnostikorik egin barik, Europak pilula hartzera behartzen du gaixoa. Gaixoa pilula atsegingarriak hartzen hasten da, eta berehala ohitzen da pilularen gozamenera. Zelako pagotxa! Adibidez, lursail batzuk bere izenean edukitzearren, Europak diru-laguntzen pilulen atsegina eragiten dio. Lursail batzuk edukitzegatik, dirua? Zergatik ote? Gainera, atsegin hori ez dute hartzen Albako dukesaren familiartekoek bakarrik. Hemen badauzkagu, beste neurri batean bada ere, diru-laguntza horiek zuzenean jasotzen dituzten herritarrak. Gora nekazarientzako diru-laguntzak! Nahiz eta ez izan bete-beteko nekazari, nahiz eta diru-laguntza horietatik aparte ez izan etorkizunerako nekazaritzari begirako enpresa-ideia bat, horra diru-laguntzak. Eta hala eta guztiz ere, hainbeste diru-laguntza edo pilula hartuta ere, nola da posible gaixoa —lehen sektorea, oro har— hain deseroso eta inoiz baino ahulago egotea?

Euskal Herrian baserritarren errolda —eta baxurako arrantzaleena— ikaragarri murriztu da azken urte hauetan, ikaragarri; baina dauden nekazari apurrak profesionalagoak eta konpetitiboagoak omen dira. Hori bai, profesionalagoak eta konpetitiboagoak izate horrek jasotzen dituzten diru-laguntzen portzentajearekin dauka zerikusi zuzena. Izan ere, nekazari profesionala izateko bidean, diru-laguntzez lausengatuko zaituzte, punta-puntako baliabideez hornitzeko. Hori bai, profesionala izateko, behartuta zaude etxaldea eta jabetza handia edukitzera; lehiakorra izateko, elikadura munduko lobbyen zelaian jokatu beharko duzu derrigorrez eta, ondorioz, ezin izango duzu ezer esan eta gutxiago ezer aldatu merkatuan. Hala ere, horrenbeste pilula hartu eta lanerako baldintza egoki eduki arren, gaixoa —lehen sektorea— zeharo jota dago. Bitxia lehen sektorearen egoera! Zergatik izango ote da?

Urte luze hauetan, gaixoari diagnostiko zuzena egiteko parada egon dela pentsatzen dut. Ondorioz, tratamenduak zein izan beharko lukeen ere suposa dezakegu. Hor dago gakoa, gaitzaren izenak ez dauka seguruenik ekoizpenekin, merkatuekin... zerikusi handirik; bai, ordea, sektoreko hainbat pertsonak bakarka jasotzen dituzten pilula horiekin. Baina, antza, egokia litzatekeen tratamendua ez da praktikan ipini nahi.

Europar Batasunetik sektoreak jasotzen dituen diru-laguntzek gaixoaldi baten aurrean sintomak ezabatzeko erabiltzen diren pilulen efektu berdina daukatela esango nuke: sintomak desagertu egiten dira, baina gaitzak hor dirau, eta areagotu egiten da. Eta egunetik egunera gaixoak larriago aurkitzen du bere burua. Aldi berean, sintomak ekiditeko pilula horiek hartzen duenarengan albo-ondorio bat ere badaukatela esango nuke, pazientea lozorroan sartzen dute.

Etorkizun eskasa dauka horrela gaixoak, horrenbeste diru-laguntza eta pilulekin nahastu egiten baita. Baina nor da horrenbeste pilula ematen duena? Bada, kasu honetan, medikuarena egiten ari diren politikariek ematen dizkiete diru-laguntzen pilulak gaixoei, eta baita lehen sektoreko edozein eragileri ere. Politikariek, gauzak ez aldatzeko, Europako ospitale nagusiko erregelamendu eta direktiben aitzakia erabiltzen dute, gaixoak lozorro horretan iraun dezan.

Egon, egon dira Euskal Herrian benetako aldaketa estrukturalak egiteko asmoz ospitaletik ihes egin duten gaixoak eta, horren ondorioz, tratamenduan asmatu dutenak. Horrenbestez, egiaztatuta dago tratamendu egokiak —sektorea eta merkatua beste modu batean ikusteko aukerak— erantzun eraginkorra eta positiboa eragiten duela gaixoarengan. Baina hori gertatzen den unean ospitale nagusian iskanbila sortzen da. Ezin da halakorik gertatu, gaixoak ezin du ospitaletik alde egin! Tratamendu berritzaile horiek lehenbailehen deuseztatu behar dira, sistema kolokan jartzen da bestela! Eta, kasu batean, alde egin duten gaixoetariko batzuek sistemaren ustelkeria agerian uzten badute, berehala jardun behar da! Nola? Bada, betiko tratamenduarekin, baina oraingoan pilulen dosia edo diru-laguntzak bikoiztuta ospitaleko gaixoen artean, eta ospitaletik ihes egin dutenei dosi hirukoitza eskainita!

Badaude munduan zehar lehen sektoreari beste ikuspuntu bat ematen saiatu diren mediku-politikariak. Europako lehen sektoreko politikarien artean adibidea topatzea benetan da zaila; baina, esaterako, Lula Da Silva Brasilgo presidente ohiak konstituzioa bera aldatu zuen, Brasilgo produkzio lokala eskola eta ospitale publikoetara iritsarazteko. Eta ez dut uste kontinenteekin edota PACarekin (Nekazaritza Politika Erkidea) zerikusia duenik jarrera horrek, adibidez, Ameriketan gertatu ahal izateko eta ez Euskal Herrian. Nire iritziz, sinplea da auzia, benetako politikaria izatearen ala ez izatearen artean dagoen desberdintasunean egongo litzateke aldea. Alegia, aldaketa estrukturalen alde apustu egin, edo betiko arazoei betiko tratamenduarekin aurre egiten dion diru-banatzaile izan. Jarreran dago desberdintasuna eta horren pentzuan dago sektorearen etorkizunerako bi errealitate eraikitzea.

Elikaduraren merkatuan epizentro interes kolektiboa jarri edo lobbyen negozioak jarri, aukeratu beharra dago. Noizbait iritsiko ahal da aldaketa estrukturalak egiteko gai den politikariren bat diru-laguntzen sistemaren kontrolpean dagoen Europako nekazaritza-politika herdoildura!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.