Elbira eta beste asko

2023ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Ametsa noizbait, izan, bazen.

Louis Sebastien Mercier

Orain gutxi atzean utzitako abenduaren 26an arratsaldeko 5:30ean Donostiako Kursaal Jauregian Elbira Zipitriari buruzko dokumental bikaina ikusi ahal izan nuen. Dokumental bikaina, hunkigarria, ederra. Eserlekuan adi nengoelarik sekulako isiltasunean murgilduta lehenengo gogoeta garunera eta bihotzera aldi berean zuzenean iritsi zitzaidana hauxe izan zen: «Badaude egoera batzuk non esaldi batzuk bere indar eta esanahi osoa jaso eta bereganatzen dituzten, eta gaurkoa eta hementxe, hauxe da: Izan Zirelako Gara». Eta berehala otu zitzaidana, «gai izango ote gara 'garelako eta nahi dugulako izango dira, jaioko dira kimu berriak' egia izan eta bilaka dadin?».

Dokumentalari, beste batzuen artean ahots-testigantza jarri zioten hiru oso aspaldiko adiskidek: Kontxita Beitiak, Mari Karmen Garmendiak eta Ana Urkizak. Hitz borobilak, sentituak, landuak, hausnartuak, patxadaz esandakoak. Gordetzekoak bakoitzak bere bihotz koskorreko lekurik bitxi eta kuttunenean. Ezagun asko eta asko jende artean, batzuen batzuk aspaldi ikusi gabeak. Aretoa jendez lepo, beteta erabat. Giro samurra. Keinu asko elkarri handik eta hemendik. Bihotzak ukituta, hunkituta. Hunkituak, ukituak. Ezin ahaztu, ona baita gogoratzea, justiziazkoa betiere, une politiko guztiz zailetan, Frankismoaren negu hotzaren itzal zital ilunetan Elbira Zipitriaren lan borondatetsua, tematia, itxaropentsua, aurrerakoia izanik ausarta ere izan zen. Eredugarria. Elbira abertzalea, euskaltzalea, fededuna, borrokalaria, andereñoaren andereño, irakasleen irakasle, demokrata, jeltzalea, EAJkoa, orain eta beti. Emakumea. Bai emakumea. Bejondeizula Elbira Zipitria. Eta eskerrik asko! Baina, egon, bazeuden ere emakume bizkor eta konprometitu gehiago. Horretan aritu ziren, baita aritu ere, emakume ausartak gure historian zehar. Horra ondoren begiradatxo oso xume bat. Oso.

Emakumeek, egitura sozio politiko batean zeuden heinean eta eginbehar komun batek lotzen zituzten neurrian, euren arteko komunikazio sare estu bat eho zuten. Horrela hitz egin dezakegu luze eta zabal emakume sutsu askotaz, donostiarrak batzuen batzuk, hala nola, Julia Berrojalbiz, Elbira Zipitria, Maria Dolores Goia, Maria Dolores Agirre, Jone Forkada, Karmele Esnal, Kontxita Beitia laguna, Itziar eta Amele Arzelus, Belen Karrera, Eulali Aranburu e.a. luze bat. Donostian sortzen den euskal eskola saioa ideologiaz zein egituraz gerra-urreko nazionalismoaren edo abertzaletasunaren parametroetan zehaztu beharra dago. Etxe eskola dei geniezaioke ikastola mota honi, etxe partikularretan eskaintzen baitzen hezkuntza mota hau. Xabiertxo liburuaren garaiak ziren, eta horrela munduaren ikuspegi tradizional bat lantzen eta ikasten zuten, erlijio eta familiaren garrantzia azpimarratuz, naturarekin lotutako edukiak landuz, kateari jarraipena eman nahiaz nekazaritza giroari erreferentzia egiten zioten testu eta marrazkiak. Geroago aldaketak, euskal gizartearen aldaketek izan zuten, bai, hezkuntza alor honetan ere islarik. Normala eta logikoa. Bizitzaren legea.

Karmele Alzueta beste emakume eredugarria, Hezkuntza ardurak bere gain hartu zituen Eusko Jaurlaritzan, eta aurretik diktadura amaitu berria eta trantsizio politikoa deritzanaren hastapenetan Consejo General Vasco delakoan aritu zen hezkuntzan. Oroimen eta errekonozimendurik zintzoena garai zailetan itxaropena mantendu eta zaindu zuten emakumeei, katea ez zedin eten esfortzu isila baina eskerga egiten ahalegindu ziren emakumeei. Demokrazian, kimu berritan eta Euskadin sinesten zuten.

Geure arbasoek, emakume euskaldunek ekinaren ekinaz, garai askoz zailagotan, ezina egina bilakatu zuten, ziguten. Eta gaur? Ba, Hezkuntza Legea begi bistan. Ardura kolektiboaren ordua. Gure onena emateko garaia. Katea ez dadin eten gure onenaren garaia. Zor diegu. Zorretan gaude eta. Zubigintza beharrezkoa zaigu, beharrezkoa da. Bedi bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.