Kazetaria. Kazetaritzako irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean

Ekuador, bere infernuaren preso

Guillermo Gurrutxaga Rekondo
2024ko otsailaren 4a
05:00
Entzun

Gas-sukaldea eta mahaiak zituzten jatetxeak, ile apaindegia, denda txiki bat edozein auzotakoa bezalakoa... eta, haren kanpoaldean, korridore luze batean, Portako publizitate-kartel txiki bat zintzilik; orduan, herrialdean telefonia mugikorreko zerbitzuak eskaintzen zituzten hiru konpainietako bat zen Porta. Ez zegoen zalantzarik, hor saltzen ziren, iragarki eta guzti, telefonia mugikorreko aurreordainketako txartelak. Errudun baino errugabe eta sistema ustel baten biktima izatearen susmagarri ziren presoekin harremanetan nengoenez, eskertzen nuen eurek aukera horretaz gozatzea, baina ez nion harritzeari uzten: jakin nezakeen kartzelan une bakoitzean zer gertatzen zen, betiere atxilotuak bere mugikorrean saldoa bazuen. Izan ere, horietako batzuk nire iturri egonkorrak ziren. Noizean behin, funtzionarioek sarekadaren batean konfiskatzen zizkieten telefonoak, barne-ordena mantentzeko baino gehiago, koima-ren bat lortu nahian. Txakurrak eta katuak ere bazeuden, presoek maskota bezala zaintzen zituztenak. Are harrigarriagoa zen goizean han bere preso senideekin gaua pasatu zuten bisita-egunetan sartzen ziren emakumeak eta haurrak ikustea.

Penitenciaría del Litoral izenekoa kanpoan zegoen klase sozialen banaketa bortitzaren proiekzio bat baino ez zen. Dirua zuenak izkira ceviche goxoa eskura zezakeen. Garagardo hotzarekin eta guzti. Bere segurtasuna ere bazuen: preso batzuek standing goreneko pabiloietarako sarrera zaintzen zuten, non aire egokitua eta ordenagailua bezalako erosotasunez gozatzeko aukera zegoen. Aitzitik, ilara amaigabeak egin behar izaten zituzten behartutako apopilo txiroek bazkaria eskaintzen zietenean; oilasko hanka haiek salda susmagarri batean bustita irensteko besterik ez zuten ematen. Azkena iristen zenak agian ez zuen egun horretan bazkaltzen. Agian, ezta jaten ere.

Zigor gela ere beraientzat zen, ordaindu ezin zutenentzat. Burdinazko ate batek porlanezko gela batera eramaten zuen, non hamar bat presok zigorra baino zerbait okerragoa betetzen zuten. Erdi biluzik eta izerditan, kosta egiten zen pentsatzea norbait luzaro egon zitekeela hor. Ezin izan dut ahaztu bertan egon ahal izen nintzen minutu horietan bertan igarritako usaina. Luzaroago egon zen bertan Daniel Tibi, 1998ko urtarrilaren 21ean Guayaquieko Expreso egunkarian argitaratutako elkarrizketa batean honela deskribatzen zuena: «Zaborrontzi bat bezalakoa da. Lau paretako leku bat, ustez edateko den ur-zorrotada batekin. Eta zulo bat libratzeko. Ez dago ezer. Ez da argirik sartzen, gizonak lur zurrunaren gainean etzanda, koltxoi bakar bat ere ez». Hitz horiek telefonoz esan zizkidan, baina behin baino gehiagotan eseri ginen Tibi eta biok bere ziegan. Han zeuden espetxe garaian eraikitzen zituen gitarrak eta garai hartan bere memoriaren proiektua zena islatzen zuen ordenagailua. Aske zegoela, Giza Eskubideen Gorte Interamerikarrak 2004an ebatzi zuen Tibi, frantziar herritarra, torturatu egin zutela eta narkotrafikoa bidegabeki leporatu ziotela. Ez zen zigor ziegakoa baino askoz hobea erizaindegitik zetorren kiratsa, preso batzuk kamastretan etzanda baitzeuden, arreta seinalerik gabe, bendaje batzuk izan ezik. 90eko hamarkadaren amaiera zen. Espetxeen utzikeriak bolborategi bat iragartzen zuen.

Peni-aren abandonua hainbesterainokoa zen Guayaquilgo elite ekonomikoak sustatu eta ordaindu egin baitzuen bere ondoan segurtasun handiko beste presondegi bat eraikitzea, La Roca (Arroka) izenekoa. Bertatik ere ihes egitea lortu zuen joan den abuztuan José Adolfo Macías Villamarrek, Fito, Choneros-en bandaren buruak. Mexikoko drogaren kartel nagusietako batzuekin lotzen dute Fito. Joan den urtarrilaren 7an Regional (Erregionala) izeneko kartzelatik ere egin zuen ihes, peni-a kontrolatzeko zailtasunak zirela-eta haren ondoan eraikitako espetxetik. Bere ihesaldiak Ekuadorko herritarrek inoiz bizi izan ez zuten egoera piztu zuen. Bueno, egia esan, ia inoiz pairatu gabekoa.

Joan den urtarrilaren 8an, beren burua «mafiatzat» jotzen zuten pertsona armatu eta kaputxadunak Ekuadorko telebista-kate nagusia den TC-ko platoan sartu ziren. Daniel Noboa egungo presidenteak «barne gerra» ezarri du, baina Ekuadorko gobernuek larrialdi eta salbuespen-egoerak maiz ebatzi dituzte iraganean. «Gatazka armatu» honen lehen egunetan 1.000tik gora atxilotu daude, eta, besteak beste, peni-a betetzen jarraituko dute. Uniformerik gabeko gerra honetan tatuaje soil batek eraman dezake norbait etsaitzat identifikatzera.

Herrialdeak, eta, batez ere, Guayaquil tropikalak, aspaldi egin zituen armak dantza-lagun. Iaz, Guillermo Lasso presidente ohiak erosketa eta edukitza erraztu zituen. Peni-an ere, matxinada eta matxinada bortzitz artean dantzatu da. Presoen azken festa pribatua 2022ko urrian izan zen. Beti egon ziren, baina orain sare sozialetan grabatu eta zabaltzen dira utzikeria horren erakusgarriak. Gauzak horrela, Kolonbiako eta Peruko, hau da, munduko kokaina ekoizle nagusien mafiek, ez dute zaila izan presondegien kontrola izatea.

Gogoratzen ditut preso batzuk kartzelan zeudenak euren askatze-agindua emanda egon arren: ordaindu egin behar zuten hura espetxeratze zentrora iritsi eta, ondorioz, libre geratzeko. Batzuetan, ordaindu behar zutena espetxeratu zituen epailea ikusi ahal izateko zen. Horretarako, Guayaquilgo Justizia Jauregira eraman behar zituzten. Kalean, jendeak «Monetaren etxea» deitzen zion. Euren baldintzak —batez ere, epaileenak— nabarmen hobetu diren arren, espetxe-langileen, polizien edota militarren soldata 1.000 dolar ingurukoa da egun. Oinarrizko saskia, hau da, familia batek Ekuadorren iraun ahal izateko gutxienekoa, 766,62 dolarrekoa zen 2023an. Euren bizia arriskuan jarriz lan egiteak ere pobreziatik gertu mantentzen ditu, beraz. Aldiz, Geopolitikaren Zentro Estrategikoaren (CELAG) arabera, urtero Ekuadorko finantza-sisteman 3.500 milioi dolar zuritzen ditu narkoak. Badirudi zerbait gehiago eboluzionatu dela herrialdean: koimetatik bandek eskatzen dituzten vacuna-tara (txertoetara, euskaraz) pasatu da, pertsona batek bere negozio txikia, bere bizia eta familiarena mantendu ahal izateko ordaindu behar duen dirura. Gainerakoan, badirudi peni-ko bizitza ez dela hobetu. Ekuadorko espetxerik handiena Ekuadorko kartzelako etengabeko krisiaren isla bat da. Ez dago estatistika zehatz bat hainbeste hilketa batzeko gai denik, presoenaz gain espetxe-gidariena, poliziena eta bisitatutako senideena barne, baina soilik 2021eko irailaren 28an 119 hildako zenbatu ziren peni-an.

Bertan bi urte baino gehiago eman ondoren epaile ekuadortar batek kasua artxibatu zuela eta, beraz, libre aterako zela jakin eta biharamunean, Tibik bere ziegan hartu ninduen. Fisikoki hobera egin zuen, baina bere argaltasunaz haratago, bere aurpegiak oraindik ere inpetigoak eragindako zauriak erakusten zituen. Infekzio bakteriano bat da inpetigoa, ume txikiengan ohikoagoa. Tibik, gainera, neurri handi batean, ikusmena galdu zuen kartzelan, eta masaileko bat hondoratua zuen. Bere oroitzapenei buruz hitz egin zidan. «Orain arazo txiki bat daukat izenburuarekin —aitortu zidan, Expresok 1997ko irailaren 5ean jaso zuen bezala—. Ez dakit zirku edo infernu hitzarekin hasi». Azken horren alde egin zuen. 2019an plazaratu zen Dans l 'enfer d' une prison équatorienne (Ekuadorko espetxe baten infernuan).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.