Ekosozialismo feministaren alternatiba

2014ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Bizi dugun egoera ekologiko eta sozial larria sistema kapitalistaren produkzio eta kontsumo motaren ondorio zuzena da, nahiz eta agintarien diskurtsoak errealitate hori ezkutatzen saiatu engainua eta manipulazioa erabiliz.

Argi eta garbi hitz egin behar da: izugarrizko botere ekonomiko eta politikoa duen gutxiengo aseezinak sortu du —eta ez beste inork— egungo giza taldeen arteko ezberdintasun eramangaitza eta planetaren inoizko ingurumen-hondatzerik handiena.

Irtenbidea ez da, boterearen diskurtsoak esaten duen moduan, larrialdi-egoera hori eragin duen produkzio- eta gizarte-egitura berregitea. Alternatibarik egon badago. Paradigma-aldaketa inoiz baino beharrezkoagoa da. Eta aldaketa horrek kontuan izan behar du planeta finitu honetan mugagabeko hazkunderik ez dagoela, pertsonen beharrak asebetetzea izan behar duela helburu eta beharrizan horiek denon artean demokratikoki erabaki behar ditugula.

Ekosozialismo feministak erantzun ideologikoa eman nahi dio urbi et orbe bizi dugun zibilizazio-krisiari, oinarri teoriko sendoak eta askotariko proposamen praktikoak proposatuz ideologiak erkatzeko pentsamendu bakarrari eta ideologien amaierari aurre eginez. Zibilizazio-krisia askotan hartzen da hizpide, baina ongi zehaztu gabe gehienetan, eta guk Paco Fernández Bueyek ematen dion zentzu eta edukiarekin erabili nahi dugu termino hori: «Funtsezko hitza iraunkortasunik eza da, giza bizitza lurraren gainean mantentzea ahalbidetzen duen oinarri materiala iraunkorra ez bada, orduan nahasmendu hori elkarri duen zibilizazioari eustea ere ezinezkoa izango da». Horregatik, hitz jakin batzuk erabiltzeko ausardiarik ez duten akademiko, politikari eta erakundeen isiltasun interesatuak alde batera utzita, kapitalismoaren eta mendebaldeko kulturaren pentsamendu eta balioen krisiaren aurrean gaudela uste dugu. Hau da, ekologiaren eta energiaren krisia da, ekonomiaren eta gizartearen krisia, patriarkatuaren eta demokraziaren krisia, eta azken hiru mendeetan mundua gidatu duten erakunde eta balioen sistemaren aurrekaririk gabeko krisia.

Jorge Riechmannek dioenez, «munduari begiratzeko darabiltzagun betaurrekoak aldatu beharrean gaude, zalantzarik gabe. Baina hori egitea oso zaila da prêt a porter betaurrekoak saltzen dituzten optikek ez dutelako buru-argitasunik saltzen prezio onean. Kontua ez da konstrukzio ideologiko baten ordez beste bat ezartzea, jasotako balio eta sinismenak kritikoki berraztertzeko lan nekezari ekitea baizik, behingoz okerreko bidetik aldentzeko». Horixe da, nire ustez, ekosozialismo feministaren erronka nagusia.

Ekosozialismo feminista terminoa hautatu dugu, baina sozialismo ekofeminista edo ekofeminismo sozialista ere baliagarri ziratekeen gure asmoa betetzeko. Eta oraindik ere, matematikoki, hiru aukera gehiago genituzke ekologista, feminista eta sozialista terminoak gurutzatzeko. Gure ustetan, biderkagaien ordenak ez luke biderkadura aldatu behar. Izan ere, hiru zutabe edo euskarri bateratzeko ahalegin ideologikoa egiten ari gara, eta hirurak ere ordezkaezinak dira. Funtsean, aurrerago ikusiko dugunez, bi pentsamendu- eta ekintza-joeraren baturaz ari gara, ekosozialismoaren eta ekofeminismoaren baturaz alegia, eta gure ustez, orain artean behintzat, biek ez dute asmatu, kasu bakan batzuetan izan ezik, beren begirada, diskurtso eta jardunbideak elkartzeko ahaleginean.

Sozialismoaren aurrean eko- jarri dugu, eta ondoren feminista, baina horrek ez du esan nahi lehen kontraesana edo gai nagusia gizarte-natura binomiotik eratorritakoa denik. Ezta klase sozialekin zerikusia dutenak bigarren maila batean daudenik ere. Eta feminista azkenerako uzteak ez du esan nahi, halaber, patriarkatua zalantzan jartzearen garrantzia onartzea azkenerako utzi dugunik, emakume, homosexual eta gazteen aurkako sistema menderatzailea zalantzan jartzearen garrantzia ezin daitekeelako, inondik inora, gutxietsi. Hiru zutabeek ingurumenak, antikapitalismoak eta antipatriarkatuak, eskutik helduta joan behar dute, ongi orekatuta emaitza ideologikoki koherentea izan dadin eta arrakasta izan dezan, hau da, jendea mobilizatzeko eta kulturan eta gizartean aldaketak egiteko gai izan dadin.

Terminoa berez luze samarra bada ere, ziur gaude batek baino gehiagok pentsatuko duela zibilizazio-krisi horri ideologikoki aurre egiteko alderdi nazionalak, militarismoa edo demokrazia ere hartu behar ditugula aintzat. Nire uste apalean, ekobakezaletasuna eta sozialismo demokratikoa ezinbestekoak dira ideologia ekosozialista feministarentzat. Herrien autodeterminazio-eskubidea, ekologista eta feministek sustatutako gizarte-desmilitarizazioa eta munduko edozein tokitako erakunde-sistema politikoaren suspertze demokratikoa funtsezkoak dira aukera ideologiko berri honetan, baterako hiru ardatz hauetatik abiatuta: Bat, bizitza iraunarazten duten ekosistema fisiko-biologikoen iraunkortasuna, bi, gainditzea, batetik, metatze kapitalista produkzio- eta kontsumo-eredu gisa, eta, bestetik, ordezkatze-demokrazia liberala paradigma politiko-instituzional gisa; eta hiru, zapalkuntza patriarkalaren modu eta erakunde guztien erabateko gaitzespena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.