IRITZIA

Ekosistema gisa auzolanean gara indartsu

Gotzon Barandiaran Arteaga.
2018ko urriaren 31
08:27
Entzun

Demagun antolatzaileek euren burua zuritzeko eskaini dizutela. Demagun antolatzaileek kuota bat betetzeko eskaini dizutela. Demagun duela 45 urte agintean dauden berberak direna. Badakizu. Badakizu nor diren, badakizu kultura gutxi batzuen interes ekonomikoetarako darabiltena, badakizu. Jada antolatuta dagoen ekimen batean parte hartzea eskaini dizute. Zuk ez zenuke horrela antolatuko, inondik ere, badakizu. Ataka estuan zaude. Aukera baliatu eta bozgorailu gisa erabiliko duzu? Sortzaileak bere malurei. Bozgorailu hori erabiltzeak berez dakar bat egiten duzula ekimenarekin edo ekimen horren sustatzaileek bultzatzen duten ereduarekin? Bozgorailu hori erabiltzeak berez dakar antolatzaileak zilegiztatzen dituzula? Euretako bat zarela? Erosi eta euren sarean harrapatu zaituztela betiko? Ordura arte urteetan bestelako eredu baten alde egin duzun lan eskergak ez duela bat-batean deus balio? Sortzaileak bere bakardadeari. Euskal kulturaren apropiazionismorik handienetako bat Donostian antolatzen den zinemaldia da. Espainiarrena den zinemaldi bat, “ nuestro mejor festival de cine” Espainiako kultura ministroaren hitzetan. Euskarazko zinema kuota bat da, mundu osoan Euskal Herria Espainia dela zabaltzeko aitzakia, euskal erakundeengandik diru eta bestelako laguntzak jasotzeko estakurua. Bertan parte hartuta, zertan ari dira euskal zinemagileak Espainia ordezkatzen munduaren aurrean? Zertan ari dira euskal kulturaren subordinazioa normalizatu duen festibal batean, Espainiako kultura ministerioaren kultura ereduarekin bat egiten? Hollywood lehenesten? Zertan ari dira euskal idazle, musikari, antzerkilari, aktore, dantzari, pintoreak Espainiako Sari Nazionalak onartzen dituztenean? Zer egin zuten Josu Kamarak eta Fermin Muguruzak Espainiako Max sarietara Egunkaria aurrera kamisetak soinean Euskaldunon Egunkariaren itxiera salaturik, euskarazko musika eta antzerkia kultura espainolaren subordinatuak direla onartu? Nork sartu zion gola nori?

Bilboren zein Bilbo Handiaren eraldaketaren atoiuntzia Guggenheim izan zen eta horretan dirau, jada trasatlantikotuta. Joan den mendeko 80 hamarkadan diseinatu zuten Bilbao Ria 2000 egitasmoaren gako, motore eta burdinaga da. Euskal kulturaren subordinazioa normalizatu du Guggenheim ereduak. Eredu horrek ekarri ditu, besteak beste BBK Live, BIME, Mundaka fest edota MTV efimero hau. Bertoko komunikabideek, egitasmo horien berri zabaltzen dute, egitasmo horietako ekitaldien kronikak idazten dituzte, erakusketen berri ematen dute, sarrerak zozketatzen dituzte, irakurlea bertaratzera animatuz. Horrek zer esan gura du, bertoko komunikabide eta kazetariek bat egiten dutela egitasmo horiek normalizatzen duten arduradunen ideologiarekin eta kulturgintzarekiko ereduarekin? Eta egitasmo horietara doazen euskaldunak, zertan ari dira, eredu horiek zilegiztatzen?

Kazetariak sortzaileei erantzunkizun eske, euskal kultura hamar lehentasunetan hamaikagarren izan duten herri-mugimendu, sindikatu eta alderdi politikoetako ezkertiar abertzale anti-sistemak  edota erdal kulturak kontsumitzea gurago duten euskaldunak euskal sortzaileak gurutzilkatzen. Zeinen gutxi zaintzen dugun elkar. Zeinen arinkeriaz epaitzen dugun elkar. Badira urte batzuk euskal kulturaren premiei  aurre egiteko ekosistema gisa aurre egitea proposatzen ari garela ( sortzaileak+antolatzaileak+kazetariak+hezitzailea+zaleak). Nire uste harroan, hemen sakoneko afera subordinatu izatetik hegemokiko izatera zelan igaroko garen eztabaidatzea da, bazter guztiak elkarlotuz zentrala nola osatuko dugun.. Erakunde publikoak herritarronak direla aldarrikatzen ari gara urteetan, ez direla alderdi politikoenak hain gutxi kapital pribatuarenak. Euskal kulturaren lehentasunak ez dira Guggenheim, BBK Live, BIME, MTV, makroeraikinak eta enparauak. Aurten egin diren azterketa, inkesta eta irakurketa guztiek datuen bitartez frogatu dute eta hori da gaur eta hemen, urgentziaz gizarteratu behar dugun errealitatea, hori da herrikideei ikusarazi behar dieguna. Herrikideei ohartarazi behar diegu urtero arestian aipatu egitasmoei bideratzen dizkieten milioika euro horiek euskal kulturaren premia larriei erantzutera bideratu beharko lituzketela guztionak diren erakunde publikoetan dauden arduradun politikoek kulturgintzaren ekosistemako gainontzeko eragileokin batera eta milioi horiek zehatz mehatz zertara bideratuko genituzkeen eztabaidatu, adostu eta idatzi egin beharko genituzkeela. Idatzi, bidelagunok, zehaztu. Horrekin eztabaida soziala sortzeko. Eztabaida sozial hori baita orain dugun benetako borroka. Alarmek urteetan piztuta dirauten arren, gure herrikideak jabetzen ote dira egoeraren larriaz? Nik ertzekoa izan nahi dut, baina ez baztertua. Nik erdian dagoen ertzetako bat izan nahi dut, ez kanpo geratu. Zer diozue, kulturgintzaren ekosistemako bidelagunok, zerrendatuko dugu, lehentasunen arabera, zertan inbertituko genituzkeen milioka euro horiek? Neu hasiko naiz. Kritikagai ditugun egitasmoetarako bideratzen diren milioka euro horiek honetara bideratuko nituzke: Zaleak sortzera. Ez ezerezetik, dagokeenetik baino. Hasteko eta bat, gure erronka nagusia euskaldunak euren kulturara ekartzea da, kultura frantsesez, espainolez edota ingelesez gurago duten horiek euskarazkora ekartzea. Zeren zale potentzialak izan, baditu euskal kulturak. Sortzaileak izango diren zaleak behar ditu euskal kulturgintzak, amateurrak eta profesionalak. Antolatzaileak izango diren zaleak: herri ekimenetan edota erakunde publikoetan arituko direnak. Kulturgintzaren industriari emanak biziko diren profesionalak bihurtuko diren zaleak behar ditugu. Kultur kazetaritza jorratuko duten zaleak behar ditugu. Etxean, Hezkuntza arautuan, ez arautuan zein astialdian transmisioa bermatuko duten zaleak. Bestela ez dugu egundo kultur sistema osasuntsurik izango, bestela prekarietatea gaitz kroniko eta sendaezina bihurtuko zaigu. Eta zaleak sortzeko ekosistema gisa jokatu behar dugu. Euskaldunok auzolanean ardazturiko kulturgintza antolatu behar dugu, eta eraginkortasunari loturiko arrazoiengatik egin behar dugu horrela. Euskarazko kulturgintza bideragarririk egitekotan, gaur-gaurkoz, auzolanean ardaztua behar du; herri-antolakuntza motore dela, lan instituzionala eta komertziala batuz. Milioika euro horiek gure kulturaren komunikazio, hedapen, zabalkundea eta eskuragarritasun zein transmisioa bermatuko duten neurri eta bitartekoetan inbertitu behar ditugu. Milioika euro horiek gure sortzaileen prekarietateari aurre egiteko inbertitu behar ditugu, sortzeko ( lan egiteko) baldintza duinak bermatzera. Milioika euro horiek Euskal Herriko era-neurri-prestigio guztietako plazetan bertoko sormen lanak programatu daitezen bermatzeko neurrietara bideratu behar ditugu. Milioika euro horiek gure euskal kultura zabaltzen lan egiten duten komunikabideen egoera ekonomiko prekarioa osasuntsu bihurtzeko neurrietara bideratu behar ditugu. Zaleak sortzeko euskal kultura sozializatzen asmatzea baita gakoa. Gaur egun, digitalizazioa sozializazio modu berriak  eskaintzen ari da eta sozializazio modu berri horien bitartez eskaintzen den kultur kontsumoak gora egin du nabarmen. Euskal kultur ekosistema osatzen dugunok inbertsio handi eta epe luzerakoak egin beharko genituzke interneten, berau baita egun kulturgintzaren sozializazioan erabateko paradigma aldaketa dakarrena. Inbertsioak egin behar ditugu gure ondarea ondasun bilakatzeko, inbertsioak egin behar ditugu kultur ekoizpenek gure kulturgintzak dituen beharrizanei erantzun diezaioten, erdal merkatuaren premiei baino, euskal merkatuaren premiei erantzun diezaioten. Euskalgintzan eta euskal kulturgintzan hamarkadetan egin dugun lan eskergak ematen digun zilegitasuna eta bermea aldarrikatu behar ditugu euskal herritarren gehiengoa jabetu dadin geu garela, euskal kulturaren ekosistema osatzen dugunok, Euskal Herrian kultur-politika estrategikoak gidatu behar ditugunak. Auzolaneko logikan gara indartsu. Auzolanak jendeaz eta espazio publikoaz daki, eta 1/1eko eskala da eskuren daukaguna. Noski, harremanez ari gara, eta horrek umiltasun eta energia handia eskatzen ditu: beste norbanako zein taldeen berri jakin eta ezagutzea, helburuak konpartitzea, elkarrekin lan egiteko prestutasuna eta nahia. Horrek merkatuaren logikan agintzen eta administrazioaren logikan eragiten duen zenbakien balore-eskalan ere irabaztera garamatza. Euskaldunok auzolanean ardaztuta instituzioen eta merkatuaren logikak barneratzen dituen kulturgintzaren alde egin behar dugulakoan nago. Horrek esan nahi du merkatuan eta instituzioetan ere landu behar dela auzolana, autoritatea irabaziz eta begirunez jokatuz. Mundura zelan agertu geuk erabakitzeko egiturak sortzen ez ditugun bitartean, ekosistema gisa jokatzen ez dugun bitartean, Estatu eta Herri ikuspegia adosten ez ditugun bitartean, elkarren kontra mokoka arituko gara, zornea darien eztabaidetan. Hasiko gara subordinatu izateari utzi eta hegemoniko bihurtzeko elkarlanean? Trantsizio horretan ika-mikak izango ditugu, erabat zilegi bezain beharrezkoak diren aldeko eta kontrako kritikak egingo dizkiogu elkarri baina ekosistema batu gisa jokatzen badugu, ez gaituzte etsaituko. Bitartean, nik gure sortzaileak defenditzen jarraituko dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.