Ekonomiaren (alferrikako) aurreikuspenak

2024ko urtarrilaren 20a
05:00
Entzun

Urtez urte, garai honetan, hurrengo urteko ekonomiari buruzko aurreikuspen berriak ugaritzen dira. Hainbat dira estimazio hauek prestatzen dituzten erakundeak. Guztiak informazio landuan oinarritzen dira; hala ere, denbora aurrera doanean ikusten da aurreikuspen guztien emaitzak arrakasta-maila mugatua izaten dutela. Adibidez, azken lau urteetan urtez urte gertatu diren ezusteak (pandemiak, txertoak, hornidura mozketak, gerrak, lehorteak...) balio gabe utzi dituzte aurrez ikusitako guztiak.

Aurreikuspenak egiteko behar horrek, ordea, arrazoi praktiko bat du, aurrekontuekin lan egiten duten erakunde guztiek (publikoek eta pribatuek) ekonomiaren bilakaerari buruzko estimazioak izan behar dituzte, horiek eragin nabarmena dutelako aurrekontuetako aldagai guztietan, besteak beste sarreretan eta gastuetan (inflazioa, interesak, hazkundea edo beherakada...). Baina aurreikuspenak okerrak badira, aurrekontuak ere okerrak izango dira. Eta horrelaxe da. Ondorioz, arduradunek egoerara egokitzeko neurriak hartu beharko dituzte.

Iragarpenen zehaztasun faltaren arrazoiak agerikoak dira kasu batzuetan, baina baliteke beste batzuetan hain agerikoak ez izatea.

  • Ustekabeko gertaerak. Batzuetan «zisne beltzak» deitzen zaie hauei. Haien tamaina, bilakaera, ekonomian duten eragina, edo gertatuko diren ala ez, ez dira imajinatu ere egiten. Gertaera horiek ekonomiaren bilakaera aldatzen dute berehala, baina baita etorkizuneko bilakaeraren itxaropena ere, eta horrekin sektore guztien etorkizuneko arrisku ekonomiko eta finantzarioen balorazioak ere aldatzen dituzte. Gaur egun duela lau urte baino sentiberago gaude gertakari hauek dakarten arriskuarekiko, intzidentzia handiko batzuk jarraian jasan baititugu. Ikasi dugu edozein gertakariren eragina munduan berehala zabaltzeko arrisku handia dagoela ere, nazioarteko ekonomiaren elkarrekiko harreman eta menpekotasun izugarria dela eta. Gaur, Itsaso Gorrian edukiontzi edo petrolio-ontzi gutxi batzuekin izan daitekeen arazo batek eragin handia izan dezake mendebaldeko ekonomian.
  • Norberak betetako itxaropenak edo aurreikuspenak. Ekonomiaren etorkizuneko bilakaerari buruzko iritzi kolektiboak (kontsumitzaile, inbertitzaile, finantzatzaile eta abarrenak) bilakaera horren alde bultzatzen du eta iritzia egia bihurtzen laguntzen dute. Kontsumitzaileen gastua, BPGaren osagairik garrantzitsuena, berak epe laburrean eta ertainean diru-sarreren portaera izango duen balorazio subjektiboaren araberakoa da, neurri handi batean. Eta gauza bera gertatzen da sektore bakoitzeko inbertitzaileekin. Ikuspegiek oinarri erreala izan ohi dute, egungo egoeraren pertzepzioa eta horren proiekzio-osagai bat, honetan joerak eragina izan ohi duena, eta, beraz, nolabaiteko inertzia duena. Baina proiekzioan beste hainbat faktorek ere eragiten dute, hala nola iritzi publikoak, egoera politikoak... Eta iritzi kolektiboei eragiten dieten faktore guztien eragina zein izango den aurreikustea oso zaila da.
  • Aurreikuspenak egungo preziotan. Estimazioak etorkizuneko jokabidea iragartzeko garrantzitsuak izateaz gain, egungo prezioetan berehala eragiten dute, estimazio horiek indartuz. Enpresek ondasun baten prezioa igoko dela espero badute (ekoizpen txikiagoa edo eskaera handiagoa espero delako) haien prezioak gaurtik aurrera igoko dira. Ezinbesteko ondasun askok «etorkizuneko merkatua» dute, non ondasun horien eskubideak egunero erosi eta saltzen diren etorkizunean estimatzen den prezioan. Esaterako, gaur egun merkatuek interes-tasen eta prezioen beheranzko bilakaeraren ikuspegi baikorra erakusten dute. Edo burtsaren gaurko prezioek erlazio estua dute enpresen ekonomiaren aurreikuspenekin.
  • Aurrekontuen egilearen beharrak eta nahiak. Hau da, normalean, aurreikuspenetan nabarmen eragiten duen beste osagaia. Aurreikuspenak egiten dituzten erakundeen (gobernuak edo enpresak) helburuen isla dira aurrekontuak eta beraren bidez bete nahi dituzte. Beraz, ez dira ekonomian gertatuko denaren behatzaile soilak, baizik eta emaitza konkretu batzuk izatea nahiko lukete. Gainera, kasu batzuetan, horren gainean eragina izan dezakete, gobernuek batik bat. Edonola ere, aurreikuspenen kalkuluak prestatzen dituztenen interesen arabera «alboratuta, sesgaturik» egoten dira. Esaterako, gobernuek duten jarrera hau izaten da: onaren jarraipena eta txarraren zuzenketa, eta, aldi berean, horrek bat egiten du beren rol edo xedearekin.

Hori dela eta, herritarrak hitzez hitz hartu behar ez ditugun aurreikuspenak ditugu, urtean behin baino gehiagotan aldatuko den informazio gisa, aldi bakoitzean aldagai guztietan egon diren aldaketak sartuz.

Nolanahi ere, azpimarratzekoa da, horrenbeste aurreikuspenen artean, batek ere ez duela estimatzen ekonomiaren iraunkortasun-helburu askoren bilakaera. Deigarria bada ere, horren lehentasuna duten helburuak lanabes hauen (aurreikuspenak, adierazleak) laguntzarik gabe kudeatzen dira, ez publikoak ez pribatuak. Ekonomiaren hizkuntza eta jarduna gizartearen lehentasun berrietara egokitzea zein zaila den adibide.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.