Ekonomialari Euskaldunen Biltzarra

Oskar Arantzabal, Baleren Bakaikoa, Ainhoa Saitua eta Itziar Navarro
2023ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Urriaren 27an, Gasteizen, Euskaltzaindiaren egoitzan, Ekonomialari Euskaldunen III. Biltzarra burutuko dugu. Biltzar honen antolakuntza eta finantzazioan, batik bat, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Ekonomialarien Euskal Elkargoak parte hartu dute, baina EHUk, Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak ere beren babesa eta laguntza eskaini dituzte ekitaldia arrakastatsua izan dadin, baita hainbat txostengilek ere. Guztira bederatzi erakundek, inoizko zabalena.

Jadanik bi biltzar burutu ditugu, lehena Donostian, 2019an, eta bigarrena Bilbon, 2021ean, oraindik COVID-19a gure artean ondorio larriak gauzatzen ari zenean.Halere, egia aitortze aldera, parte hartzaile ugari hurbildu ziren eta gaiak gordeta daude UEUren eta Ekonomialarien Euskal Elkargoaren web orrietan.

Aurtengo biltzarrean eztabaidatuko ditugun gaiak, benetan, Euskal Herriarentzat estrategikoak direnak izango dira, nazio gisa estatu-egiturak eraiki, bertan erabaki eta menpekotasun ekonomikorik gabe bizitzeko. Halaber, gai estrategikoak, ohituta gauden lez, ez dira zementuarekin lotutakoak, bai ordea euskal gizarteak bizirauteko kontuan izan beharko dituen baliabide ekonomiko nagusiak, bizimodu duin eta hobearen jabe izateko.

Gai estrategiko horien artean euskal demografia jorratuko dugu. Izan ere, euskal gizartea zaharkitzen ari da, eta gure etorkizunak bideragarria izaten jarraitu behar badu, demografiak zeresan handia dauka, eta euskal ongizate mailari eutsi nahi badiogu, orain arte ez bezala, politika publiko egokiak eta sendoak eratu behar ditugu, izan jaiotzak sustatuz, immigrazio politikak diseinatuz, e.a.

Bigarren gai estrategikoa uraren problematika izango dugu. Lur planetan ur geza oso oker banatuta dago. Herrialde garatuek ur geza ugari daukate eta, aldiz, hegoaldekoek oso urri. Bestalde, jakin badakigu herrialde boteretsuek iturburuak kontrolatu gura dituztela, baita ibaiak ere. Eztabaidarako lagako dugu euskal hiritarrok, geure nekazaritzak eta industriak ere, nahiko ur geza izango dugun ongizate maila duin bati euste aldera.

Hirugarren gai estrategikoa elikadura nahikotasuna izango da: etorkizuneko euskal populuak bertan ekoitzitako elikagai aski izango al du? Badirudi orain arte oso autonomia urria erdietsi dugula eta elikagaien %90 bat inportatu behar dugula; gainera, elikagaien mundua enpresa multinazional gutxi batzuen esku dagoeta hauekin lehiatzeko euskal ekoizleek, ttipiak gehienak, gaitasun urri daukate. Halere, Ipar Euskal Herrian, gizarte ekimenari esker, eskarmentu ugari azaltzen eta garatzen ari dira, batik bat elikagai ekologikoekin lotuta; gure arteko kasuak aztertzeko eta eztabaidatzeko aukera izango dugu Biltzar honetan.

Laugarrena energiari lotutakoa izango da, berriztagarriek eta eredu kooperatibistak oligopolioen aurrean alternatiba demokratikoagoak eskaintzen dituztelakoan. Nafarroa Garaiko kasu praktiko bat ekarriko dugu gurera.

Azkenik, guztion ahotan dabilkigunklima aldaketa eztabaidatuko dugu, non nazioarte mailan parte hartzen duen euskal ikerlari ospetsu batek gaia azaldu eta zuzenduko digun. Gaur egungo politika publikoak egokiak dira eta estatuak betetzen ari dira ikerlariek proposatzen dituzten neurriak? Horri lotuta ere, garraio sektoretik hartutako adibide praktikoak ezagutzera emango dira.

Laburbilduta, hauek izango dira urriaren 27an mahai gainean izango ditugun gai nagusiak. Beraz, gonbidatuta zaudete!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.