Ekonomia neoliberalaren eta osasunaren arteko dikotomia

2021eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Pandemiaren garaian nabarmendu den gaietako bat zainketaren garrantzia izan da; konturatu gara zein garrantzitsua den gure artean zaintzea, eta oraindik dudarik bazegoen, publikotasunaren eta komunitatearen baliotasuna ere aurrean jarri da; baina horrek ez du esan nahi egungo sistema ekonomikoak aldaketarik onartuko duenik.

Munduan zehar, gobernuek pandemiari aurre egiteko jarritako murrizketen iragarkiek agerian utzi dute funtsezkoa dela osasunaren eta ekonomiaren arteko lotura komuna aurkitzea, konfinamenduek eredu sozioekonomiko neoliberalaren jarraipena zalantzan jar ez dezaten. Guztiok jakina dugu aberastasunaren pilaketa amaigabea neoliberalismoaren funtsezko oinarrietako bat dela, eta ekonomia neoliberalaren lehen paradigma hazkunde neurrigabea. Izan ere, urtero barne produktu gordinaren bilketa txikiagoa iragartzen denean edo hazkunde horren abiadura eteten denean 2008ra itzultzeko beldurra sentitzen du gizarteak. Bestetik, Estatuaren kapital pilaketa handitu bada, lasaitasun edo ongizatetzat hartzen dugu, nahiz eta badakigun horrek ez dituela herritar gehienen baldintza materialak hobetuko, eta ekonomia neoliberalaren heziketak ez duela aberastasunaren bidezko banaketarekin inongo zerikusirik. Hala ere, guk erabakitzen ez dugun baina lasaitzen gaituen etorkizun baterantz aurrera egiteko beharra sentitzen dugu BPGko datuak eta hazkunde ekonomikoa ikusiz.

Gizarteari dagokionez, neoliberalismoaren instituzio pedagogikoek irakasten dizkiguten balioek adierazten dute subjektu sozial aktibo bat ekonomiaren hazkunde amaigabean parte hartzen duena dela (kontsumismotik abiatuta); batetik, komunitate edo bizikidetza unitate bateko kide izatea alde batera utziz eta bestetik identitate indibidualista eta globalizatu berri bat sortuz, txikitatik ikasitako balio neoliberalak naturaltzat eta objektibotzat hartuz. Gainera, pedagogia hauek osasun mentalaren balioa alde batera utzi dute, gure ikasketak eta enpleguak osasunaren gainetik ezarriz, gizartearen garrantzia kapital hazkundearen tresna bilakatuz. Beraz, hazkunde ekonomikoaren ideologia ez da bakarrik gobernuen kudeaketan aplikatzen, baizik eta pedagogia-propagandaren bitartez, erreproduzitzen ditugun ikusteko, pentsatzeko eta sentitzeko moduak moldatzen ere bai. Horrekin batera, kulturaren merkantilizazioa gehitu da, hirien gentrifikazio prozesuari lotuta. Lehen elkarbizitzan batzen gintuzten auzoak orain hazkunde ekonomiko amaigabearen aldeko beste elementu bat bihurtu nahian.

Baina kulturaz harago, neoliberalismoak osasuna ere merkantilizatu du; ez naiz ari urteetan zehar hainbat gobernuk egin dituzten pribatizazioei buruz: esaten ari naiz hazkunde ekonomikoak osasun sistema publikoaren berrikuntza baldintzatzen duela, azken urteko hazkundeak erabakiko baitu sistema publikoan zenbat inbertitu behar den (edo ez). Osasun publikoa eta eskubide sozialak ere neoliberalismoaren jabetza pribatua dira, kapital pilaketaren logikaren menpe daudelako.

Ondorioz, neoliberalismoarentzat sine qua non baldintza da eskubide sozialak sakrifikatzea ekonomiaren mesedetan. Sistema honek adierazten du, beraz, hazkunde ekonomikoa bermatu behar dela erortzen dena erortzen dela, baita osasun publikoarentzat arriskutsuak diren egoeretan ere. Ez da harritzekoa, beraz, murrizketak eta konfinamenduak zenbait garaitan nahita mugatzea; maiatzeko lehen olatuaren murrizketak Espainiako Estatuak kapital pilaketa gehien biltzen dituen egunetan amaitu ziren, udako turismoa salbatzeko, eta eredu bera errepikatu zen Gabonetan, eta, kanpoko gobernuan iragarri zutenez, gauza bera gertatuko da Aste Santuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.