Ekonomia gizatiarragoaren alde

2014ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Ekonomia gizatiarragoa, pertsonengan zentratutakoa, posible da, eta borondate politikoa badugu, egin ahal dugu, gainera. Hori da nire konpromiso nagusia Eusko Jaurlaritzaren Lehendakari gisa». Horiek Iñigo Urkullu Lehendakariak Bilboko Goi Bilera ekonomikoan esandako hitzak dira. Europaren aldetik konpromiso hirukoitza eskatu du. Bata, benetako apustu eraginkorra egiteko ekonomia suspertzeko politiken alde. Bestea, finantza erakundeek jasotako diru-laguntzen zati bat itzul dezatela ekonomia berpizteko. Eta hirugarrena, «gazte bermearen» programarekin, gazteei enplegu aukera berriak eskaintzea. Merezi izan du Urkulluk Goi Bilera Ekonomikoan parte-hartzea; batetik, bere karguari dagokiolako, eta, bestetik, Lehendakariak han esandako berbengatik.

Goi bilera horretan parte hartuko duten erakunde batzuei dagokionez, EAJren iritzia eta jarrera argi geratu ziren Eusko Legebiltzarrak iaz egindako bilkuran, Munduko Bankuari eta Nazioarteko Diru Funtsari buruzko eztabaidan. Nazioarteko erakunde finantzarioak eraldatzea eta demokratizatzea, ekonomia aurrerapen sozialaren zerbitzuan egotea eta ez merkatuen interesen menpe eskatu genuen. Baita, bereziki, Nazioarteko Diru Funtsari eta Munduko Bankuari, beren politikak diseinatzean oinarrizko irizpidetzat har dezatela giza duintasuna eta justizia soziala errespetatzea; eta beren baliabide guztiak bideratu ditzatela Nazio Batuen Erakundeak bultzatutako Milurteko Garapenerako Helburuak betetzera. Hori da, Euzko Abertzaleak Legebiltzar Taldearen jarrera.

Lehendakariak Legebiltzarrean egindako interpelazio batean argi utzi zituen bere arrazoiak Bilbon egindako goi bilera ekonomikoan parte hartzeko. Hiru helburu zehaztu eta azaldu zituen: harrera egitea, entzutea eta partekatzea.

Harrera egiteari dagokionez, edozein herrirentzat horrelako bilerak antolatzea erronka bat da. Bai horrek, bai Euskadin antolatzen diren hainbat eta hainbatek nazioarteko izaera dute, eta horrek Euskadiren izena munduan kokatzeko laguntzen du. Ekimen askotara irekita dagoen herria gara, gaitasuna daukagu jarduera ugari antolatzeko, gure instituzioen ardura dutenek erantzukizunez dihardute euren lanean, besteak beste, gugana datozen pertsona eta erakundeak ondo hartzeko orduan. Eta arduradunentzat Lehendakaria, Euskadiko lehenengo autoritatea, eredu izan behar da. Horrek ez du zertan agertu datozenek egin edo ordezkatzen dutenekin bat egiten duenik.

Entzutea aipatu zuen helburuen artean. Apaltasunez gehiago ikasteko gogoa agertzea ona dela argi daukala esan zigun Lehendakariak. Ez dago geure pentsaera aberasterik beste batzuen iritzi, ideia eta jarrerak entzuten eta kontuan hartzen ez baditugu. Aurreiritziak ekiditea guztiz beharrezkoa da. Ez gara gor agertu behar elkarrekin berba egitera gonbidatzen gaituztenekin. Ez ditugu baztertu behar besteen iritziak gure gustukoak ez izateagatik. Bai gai horretan, bai beste guztietan, berba egiteko eta entzuteko prest gaude beti.

Eta hirugarren helburua, partekatzea. Herri txikia gara aliatuak behar ditugu bidea egiteko. EAJren berezko jarrera badakizue ondotxo bere zein den: akordioak bilatzea ekiteko. Ez egon ezertara itxita aurrera egiteko. Aukerak behar ditugu horretarako. Ez dugu bakar bat galdu behar, denak behar ditugu. Oportunitateak behar ditugu garapen ekonomikorako, enplegua sortzeko, aberastasuna lortzeko. Batzuek agian pentsatuko dute pankarta atzean oihukatzen egonda aukerak sortuko direla. Baina ez, hori ez da gertatzen. Aukeren bila irten behar da. Pankartan egunero egoteak ez dakar ezer. Egunero lanean jardun behar da.

Bestalde, bilera ekonomiko hau aukera bat izan da «Euskadi eredua» aurkezteko eta ekonomia gizatiarragoa behar dugula eta posible dela aldarrikatzeko. Eusko Jaurlaritzaren 2014rako aurrekontuetan argi gelditu zen Euskadiko eredu gizatiarra. 10.215,5 miloi eurotik Babes Sozialeko Euskal Sistemarako %70etik gora baliatu zen. 3.351,6 miloi euro Osakidetza eta osasun sailerako, 2.240 milioi euro hezkuntzarako, 952,7 milioi euro enplegu eta gizarte politiketarako. Ikasle bakoitzeko 1.224 euro urteko inbertitzen ditugu. Biztanle bakoitzeko urtero 1.547 euro osasun arloan, Estatuko handiena. Babes sozialerako errenta 796 euro urteko eta biztanleko, ia-ia bikoizten dugu estatuko hurrengo erkidegoa. Pobrezia eta Gizarte Desberdintasunei buruzko inkestaren arabera, erkidegoko pobrezia arrisku tasa 20,4 da, Espainiakoa 27 eta Europan batez bestekoa 24,2. Eta 2012ko Euskadiko Giza Garapen Indizea oso handia da: 0,924; Norvegiakoa, 0,955; Alemaniakoa, 0,92; Suediakoa, 0,916. Giza Garapen Indizeak neurtzen ditu, besteak beste, hezkuntza-indizea, helduen alfabetatze-tasa, bizi-itxaropen indizea, Barne Produktu Gordina biztanleko…

Hau da gure Giza Garapen Jasangarriaren eredua. Euskadi eredua. Eredu gizatiarra, EAJ alderdi gizatiarra den bezala. Ezin dugu ez eredu hau aurkezteko aukerarik galdu, ezta ekonomia gizatiarragoa posible dela aldarrikatzeko aukerarik galdu ere. Eta Urkullu Lehendakariak Goi Bilera Ekonomikoan parte hartzeko gonbidapena onartuta, aurrean izan duen ekonomia gizatiarragoaaldarrikatzeko aukera aprobetxatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.