Eko-nazioen ordua?

2023ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Estatuek inoiz baino indartsuago dirudite finantza-krisi eta pandemia osteko gaur egungo egoera glokal ezin nahasiagoan. Globalizazio neoliberalaren aroan askok estatu-forma akabatutzat eman zuten, baina espejismoa izan zen, edo kalaka komertziala: merkataritza akordio transnazionalak, nazioaz gaindiko erakundeen tratatuak, Irakekoa bezalako gerrak... Estatuek erabaki eta sinatu egiten zuten; eta azpitik subiranotasuna jaten omen zieten erregioek, euro-hiriek edota erkidegoek estatu-nazioaren ideia zaharrean zeukaten legitimotasunaren iturria..., baita finantziazioarena ere (bueno, azken hau eztabaidagarria izan liteke Hego Euskal Herriko kontzertu eta akordio ekonomikoen kasuan?). Baina esandakoa, hori guztia fini da, mendebaldeko estatuek jadanik duela hamarkada luzea hasi zen finantza-krisi larriari hasieran emandako erantzuna erabat neoliberala izan zen (bankuak eta higiezinak erreskatatu, jende xehearen kontura) baina, bat-batean, beldurra aldez aldatu zen (populistek alderdi klasikoei tostada jaten hasi zitzaizkienean) eta segituan, pandemiaren eraginez, beldurra oro har sozializatu zen, eta askoz lehenago Sousa Santos soziologo portugaldarrak proposatu bezala, «estatua gizarte mugimendu berri-berria» bezala (mareak, hezkuntza publikoa, osasungintza, nola ez, publikoa ere...) aldarrikatzen hasi ginen, Yolanda Diaz bezalako betiko komunistak, irribarrez, anarkista zaharrunoak tonto aurpegia ezkutatuz...

Baina, gaur egungo estatuenak laster egingo duela esateko aski arrazoi badauzkagu, hurrengo hamarkadetan kolapso ekosozialaren sakontzeak oxigenorik gabe utziko ditu XIX. mendean egituratu ziren gobernantza tresna horiek: lar dependienteak dira erregai eta kapital fosilarekiko. Gail Tverberg, Dennis Meadows, Odum-tarrak edota Casal Lodeiro bezalako analistek argi ikusten dute tamaina txikiagoko gobernantza-egiturak sortuko eta indartuko direla fosilismoan oinarrituriko bizimoduak desagertzen hasten direnean: gaur egungo keynesianismoaren ahulezia handiena zor publikoaren etengabeko hazkuntza da, gure inguru soziopolitikoan Europako Banku Zentralaren bermeetan oinarritua, baina finantza-sisteman gero eta ugariagoak diren burbuilak (kriptotxanponak, noski, baina baita erregai fosilen ingurukoa, berriz ere higiezinena, azpiegitura turistikoena, fusio nuklearrarena eta beste hainbat ere) lehertzen doazenean, zer gertatuko da? Kolapsologo finenek datozen hiru hamarkadetan kokatzen dituzte alde horretan gertatuko diren istripu sistemiko larrienak.

Eta zer dago estatuen ahulezietatik harago? Eko-trantsizio zuzenetan oinarrituriko komunitate desazkundezaleak, erantzungo dute ekologista sutsu eta zintzoek; eta pagotxa, hola balitz; Historiak eta Antropologiak, ostera ere, esaten digute ziurrenik senidetasun-taldeek, leinuek (aitaren lerrokoek), klanek eta antzeko egitura autoritarioek aukera handiak dituztela gutartasunaren dei atabikoak maneiatzeko interes partikularren alde, eskasiaren testuinguru orokortuan. Carlos Taibo politologoak ekofaszismoa deritzo aurreikusten duen fenomeno horri, baina hainbeste jorratutako kontzeptu zaharrak erabiltzea ez ote da errazkeria?

Izan ere, amestu eta desiratutako komunitateez gain, badaude ere Benedict Andersonek bataiatutako komunitate irudikatuak, etno-identitate batean oinarritzen direnak, alegia. Portugaleteko ekotopaketetan madrildar populismo Mouffe-zaleak eman duen bururik argienak, Emilio Santiagok, esaten zigun zorionekoak garela hemen, non herria kategoriak oraindik esanahi positiboa duen; agian gaur egun euskaldun asko ez da oso ados egongo Emiliorekin, baina, bestalde, identitate etnikoek —mundu modernoan, nazionalek, estatu eratu zein proiektuan geratu— iragan luzea dute eta geroko bizia ere izanen dute, gustatu zein ez: gure espeziearen izaeran oso sakonki errotutako marko kognitiboa da etnizitatea, baita lurraldetasuna ere.

Gaur Euskal Herria(k) deritzagun eta Ipar Atlantikoko txoko batean dagoen lurralde hau babeslekua izan da gure espeziaren eboluzio biosoziala bitartean, baita Holozenoko iraunkortasun klimatikoa heldu baino lehen, glaziazio handien aroan ere. Berdin funtzionatuko ote du Antropozenoaren klima-gorabeheretan, krisi ekosozialaren momentu larrienetan? Bertan bizi(ko) garen jendearen eskuetan dago/egongo da erantzuna, gure eko-etnoidentitateak nola zaharberritzen ditugun, nola naturarekin bat izan eta harremanetan sartzea kontzeptu korapilatsua berriz operatiboa bilakatzen dugun.

Erronka zirraragarria abertzaletasuna eta ekologismoa oso uztartuta ezagutu duen leku batean, areago garai atoniko hauetan non batak zein besteak disfuntzio batzuk pairatzen dituen (euskal despistea? berriz esateagatik, gehiago garun kolektiboari dagokiona, eta askoz gutxiago gihar faltari). Baina adi, ekonazionalismoak izan dezake oso deriba arriskutsua, natibismoa, alegia, lurralde hau (edo bestea) bertan jaiotakoen jabegoa edota ardura dela pentsatzea. Natibismoak hondatu ditu ekologista askoren hausnarketa zentzuzkoak, horra hor Petti Linkola finlandiarraren ankerkeria, Ed Abbey edota Garret Hardin bezalakoen orbana. Far West-eko ekologista basatiak aipatzen ditugula, This land was made for you and me kantatzen zuen Woody Guthriek, baina, horrela ere, ez zuen erabat asmatu, mende berriari begira behintzat; kontua ez da jabegoa, baizik eta guk, bertan bizi(ko) garenok zer egiten dugun lurralde honen orekan, ahalik eta arrasto gutxien lagata, sorionekuak izaten eta hurrengoei berdin izateko uzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.