Ausarta zen Mixel Berhokoirigoin, pentsatzen zuena modu zibil eta demokratikoan egiten zuena, Euskal Herria helburu. Beraz, bazekien euskal gatazkan egoera deserosoak, gogorrak eta ankerrak agertuko zitzaizkiola.
2005ean EHLG Euskal Herriko Laborantza Ganberaren proiektuarekin hasi aurretik, besteak beste ELB Euskal Herriko Laborarien Batasunean ibili zen, eta ELBk 1984an «indarkeria politikoaren» aurkako jarrera azaldu zuen idatzi batean, Berhokoirigoinek berak-eta sustatuta. Joan 1980ko hamarkadako lehen urteetako Ipar Euskal Herriko girora: Hegoaldeko iheslari pila bat, bertakoen babes politiko eta sozial esanguratsua, IK, 1984an GAL jada ekinean… Baina Berhokoirigoin ez zegoen armak erabiltzearen alde; trabatzat zeukan euskal estrategia hura, eta iritzia plazaratu zuen. Garai hartan, Iparraldean, ezker eremuko euskaltzaletasun eta abertzaletasunean ez zen oso ohikoa halako posizionamenduak jendaurrean topatzea. Dena dela, Berhokoirigoinek ere, deitoratze hutsari eutsi ordez, nahiago zuen indarkeriaren alternatibak lantzea.
EHLG sortzea eta haren buru jartzea jo daiteke Berhokoirigoinen ibilbideko mugarri nagusietako bat. Frantziak auzitara eraman zuen (2008-2010), ELHGk markotzat Ipar Euskal Herria hartu izanagatik, lurraldetasuna lantzeagatik, eta euskara plazara ateratzeagatik. Desobedientzia estatu jakobino eta indartsuari. Epaiketa; ilegalizazioaren eta espetxearen arriskua. Baina Mixelek irabazi —Jean Rene Etxegarai izan zuen abokatu—.
2015eko apirilean utzi zuen EHLGko lehendakaritza, eta ekainean Parisen izan zen, bake konferentzian. Aurreko urtean parte hartua zen Baionako II. forumean, bakearen alde, irtenbideen alde. Esaten zuen berak: ETAk 2011n jarduera armatua bukatu ondotik gatazkaren ondorioetan aurrerabiderik ikusten ez eta buruari bueltaka hasi zitzaiola, eta interpelatua sentitu zela. Hots, parte hartu beharra, gizarte zibileko kide modura. Nola hasi aitzinatzen? ETAren armagabetzearekin; hala irizten zion. Txetx Etxeberrirekin batera, isilka-misilka 2016 hasieran ekin zion mugimendu batzuk egiteari, eta, urte bereko azaroaren 2ko datarekin, harreman trukaketa baten ostean, Michel Tubianak eta hirurek eskaera inportante bat egin zioten ETAri, gutun bidez —abenduan, Luhusoko polizia operazioaren ondotik egin zuten publiko, jokaldi distiratsu batean—: «Proposatzen dizuegu zuen armategiaren suntsiketa prozesua gizarte zibilaren ardura politikoaren esku uztea, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen zaintzapean». Berritasuna zen ardurarena. Madril zangotrabatzen ari zen ETAren armagabetzea, eta Parisek ez zuen konpontzeko borondaterik. Ataka zailean jarri beharra zegoen Paris, Berhokoirigoinek-eta pentsatzen zutenez. 65 urte egitera zihoan Mixel; zer nezesidade berriro lokatzetan sartzeko? Baina…
Harena da hau, Luhuso liburuan (2017) esandakoa: «Urratsa elkarrekin egiteko ez da beharrezkoa ados izatea bukaeran edo helburuan. Etapa batzuk egin ahal dira elkarrekin; horrek hurbildu egiten zaitu, eta gero beste etapa batzuk egin ahal dituzu batera. Gardentasuna eta errespetua behar dira. Zu aldatu egiten zara, baina bestea ere bai, eta ez dakizu noraino helduko zaren». Transbertsaltasuna eta akordioa zituen maite, baina, halakorik ezin zenean erdietsi, ekimena hartu eta aitzina, desobedientziari helduz batzuetan, aurrerabiderako berriro akordioaren bila aritzeko.
Joan da Mixel. Militante eta ekintzaile garrantzitsua izan da Euskal Herriarentzat.