Egunak igaro dira 22. Korrika amaitu zenetik. Tartea izan dugu erresaka emozionalari buelta emateko, eta zegokion baino urte bat beranduago burututako Korrikaren gainean hausnartzeko.
Ukaezina da 22. Korrikak izandako arrakasta. Adierazle bat baino gehiago dago baieztatzeko edizio honek aurrekoa gainditu duela: kilometroak inoiz baino lehenago saldu dira, parte hartzea ikaragarria izan da (horretarako ikustea besterik ez dago EITBko youtuber kanalean egondako bisitari kopurua, ia 1.400.000 ikustaldi), Donostia hiria goiz-goizetik euskaltzalez beteta... Datu horietatik harago, itzela da Korrikak euskarari egiten dion ekarpena.
Pandemia batetik gentozen, beldur ginen ea nola eta zer baldintzatan joango zen 22. edizioa. Bada, lehen unetik argi eta garbi ikusi genuen euskal jendarteak gogo itzela zuela bide bazterrak betetzeko, elkarrekin egoteko, bizirik gaudela adierazteko, euskaraz bizitzearen alde oihu egiteko.
Halaber, zirraragarria izan da ia herri guztietan antolatutako Korrika txikiak utzitakoa, ze gogo egon den ikasgeletako burbuiletatik ateratzeko, eta euskaraz gozatzeko, euskaraz abesteko, euskaraz dantzatzeko...
Ziurgabetasuna nagusi den bolada honetan, Korrikak aire freskoa ekarri du, esnarazi gaitu, eta gure herriaren nortasuna eta euskara bizirik daudela ikusarazi du.
Korrika da nik ezagutzen dudan elkarlanaren adibiderik onena, AEK-k antolatzen du, baina ia ezinezkoa litzateke erokeria hau aurrera ateratzea beste milaka kideren laguntzarik ez balego, eta hori ere poztekoa da inoiz baino jendarte indibidualagoa den garai honetan. Gazte asko ikusi da Korrikaren ingurumarian bueltaka, belaunaldi berriak gehitu dira oraingoan ere karrerara, eta gaztetxo askori pandemia osteko festa-egun handi eta erakargarri moduan geratuko zaie gogoan, betiko, euskaraz bizi izandako jaiegun mundiala, alajaina!
Korrikak berpizte bat ekarri du; berpizte hori puntuala den ikusteke dago, baina iraunkorra izateko aukerak ez dira faltako aurrerantzean ere: 3. Euskaraldia, ikastolen edota euskal eskolen aldeko jaiak, udaberrian hasi eta Iruñean bukatuko den Bertsolari Txapelketa...
Hemendik aurrera eutsi egin behar diogu Korrikak sortutako sentimenduari, kolektibotasunari. Hitzak bete behar dira, hitzak ekintza bihurtu behar dira. Hori dugu erronka, hitzetatik ekintzetara salto egitea, sinistu egin behar dugu euskara ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik, eta garen horretan behar-beharrezkoa dugu ezagutzaren unibertsalizazioan aurrerapauso ausartak ematea. Euskal Herrian euskaraz biziko bagara, helduek euskaraz aritzeko edo ulertzeko gaitasun nahikoa izatea da gakoa, lantegietan eta euskaltegietan zerbitzua doan jasotzearekin batera.
Korrika bueltatuko da bi urte barru, eta zein ona litzatekeen tarte horretan, euskara ezagutu ez, eta Korrikan parte hartu duten edo telebista aurrean miresmenez segitu duten horiek guztiak euskaltegietara hurbiltzea, hitzak ekintza bihurtuz. Edota, udazkenean 3. Euskaraldiaren harira, Korrikan bezala lekukoari heldu, hizkuntza ohiturak aldatzeko konpromisoa hartu, eta pausoz pauso, euskara gero eta gehiago erabiltzen ari garela berrestea.
Heldu da ordua hitzekin eta ekintzekin euskaraz jarduteko, aldekotasunetik konpromisora salto egiteko, partida irabazteko. Egin behar dugu, eragin behar dugu, eginarazi behar dugu, eta ekinarekin lortuko dugu!
Ekin euskarari, eutsi kateari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu