Ekialde hurbileko nahasmena

Nekane Solabarria Aitor Ezkurdia
2015eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Inoiz ikusi gabeko krisia pairatzen ari gara, maila guztietan. Krisialdi ekonomiko, ekologiko eta politikoa. Alarma guztiak piztuta daude, erorketara goazelarik. Egunez egun, hirugarren mundu gerraren mehatxua dugu parean, eta, orain arte, ez diogu kasu berezirik egin.

Aspaldi honetan, Ekialde Hurbila, munduko beste eskualde geostratiegiko batzuk bezala, eskuz esku ibili eta banatua izan da, kanpoko gobernuen neurrira. Historian zehar, ezer gutxi aldatu da inperialismoaren estrategia ekonomiko eta politikoa.

XX. mende hasieran mendebaldeko gobernu inperialistek bultzatutako banaketa geografikoa bertako herri, kultura eta etniekiko mespretxu osoz egin zuten. Inposaketa horrek fanatismoa, sektarismoa eta agintekeria sortu zituen, eta jatorrizko herriak amaierarik gabeko guda eta anai-arreba arteko sarraskietan hondoratu zituen.

Estrategia horren ondorioz, Ekialde Hurbila etengabeko gatazka gunea bihurtu da. Nahaste horretatik mendebaldeko inperialismoak etekin handiak atera izan ditu, eta ateratzen ditu. Ikuspegi historikoak azaltzen duenez, Turkia, Israel, AEB, Qatar, Saudi Arabia eta EBko herriek sustatu eta babestu izan dute egun Daex (Isis) erakusgarri odoltsuenen artean duen erlijio fanatismoa. «Hain urrun» dugun herrialdean, hamaika sarraski antolatu dituzte mendebaldeko gobernuek; lurraldea biktima, gorroto eta mendeku gosez beteaz.

Badirudi, ordea, mendebaldeko jendarteak dar-dar egiten duela sarraski edo bonba bat gertu lehertzen denean. Halako uneak probestu ohi dituzte miseria, gerra eta genozidioen bultzatzaile diren gobernuek, komunikabideen bidez, jendartean beldurra, alarma eta nahasmena zabaltzeko.

Kaosa eta gerraren mezenasek gatazka horiek ulergaitzak eta aztergaitzak direla zabaltzen dute. Horrela, «mendebaldeko demokraziak» basakeriatik defendatzeko, banakako zein taldeen eskubide eta askatasunei uko egiteko beharra azaltzen digute. Armagintzako industriak kaos eta gerra estrategia baliatzen jarraitzen du mozkinak irabazten jarraitzeko. Hala egiten dute gaur egun «hain urrun» heriotzak eta sarraskiak eragiten dituzten arma eta inteligentzia militarren tresnak sortzen dituzten euskal enpresek.

Mendebaldean, bestalde, terrorismoaren aurkako borroka kriminalizaziorako aitzakiatzat hartzen da. Egiazko demokraziaren, baliabideen autogestioaren edota etnia zein erlijio arteko bizikidetzaren alde egiten dutenei erasotzen diete; Kurdistango mugimenduei, kasurako.

Gerra estrategia horrek, milaka biktima eragiteaz gain, lurraldea betiko gatazka gune bihurtu du, eta eragindako miseria eta genozidiotik ihes egitera behartu ditu milaka pertsona. Migraziook egun batzuetan protagonista dira komunikabideetan, baina berriro ere ahanzturan geratzen dira. Hori da Europan estalpe bila dauden milaka pertsonen kasua, ukatzen zaien etorkizuna hirietako periferietan bilatzera kondenatuak izango direnena.

Mendebaleko Demokrazia deitzen diotenek aurrera egiten dute, milioika pertsonaren ahanzturan eta bazterkerian oinarrituta. Bada garaia kexu antzuak eta hipokritak eteteko. Esnatu, gure inguruko miseriaren erantzuleak nabarmendu, eta azkar ekiteko garaia da. Gerraren amets gaiztoa behin betiko, han eta hemen, ezarri aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.