Apirilaren 4an BERRIAn argitaratua izan den ene elkarrizketak zenbait ez ulertze eta kontraerran sortu ditu. Tribuna hau baliatu nahi nuke gauzen argitzeko eta Euskal Kultur Erakundearen proiektua zehazkiago aurkezteko.
Testuinguru soziolinguistikoa aipatu dut, %20 euskara emaile ginela Ipar Euskal Herriko populazioan. Zenbaitzuek pentsatu dute %20 horiek gutiesten nituela, edo egoera ezinbestekoa ikusten nuela. Hala pentsatuko banu, ez nintzateke Euskal Kultur Erakundean euskaraz bizitzen den euskal kultura baten defenditzen ari.
Ene kultur eragile ibilbide osoan, bien arteko ezinbesteko lotura etengabe landu baitut, testuinguru horretan ezagutu ditudan guziak lekuko.
%20ak aipatzen ditudalarik, argi dut lehenik hiztunen artean euskararen erabiltzeko arnasguneak zaindu behar ditugula. Horretan ari dira elkarte eta eragile anitz, eta EKEk sustatzen ditu.
Baina Unescoren arabera %30 hiztun behar dira kontsideratzeko hizkuntza bat salbatua dela. %20 baizik izanki, geroari begira argi da ez garela aski izanen gure hizkuntzaren salbatzeko.
Beraz, behartuak gara, horretaz kontziente garen guziak, jende berriak konbentzitzera euskararen ikasteko, eta agian erronka handiagoa, erabiltzeko.
Hiztun berrien formatzea ikastoletan, eskoletan eta gau eskoletan egin behar da, EEPk sustaturik. Baina ikasgela murru horietatik kanpo, zer? Hain aberats, moderno eta erakargarri den gure kulturak badu eragitekoa. Euskal kulturak motibazioa sortzen du euskararen ikasteko, helburu bat ematen du ikasten segitzeko eta testuinguru bat hizkuntza erabiltzeko. Hots, euskal kultura palanka bat bezala ikusi behar da ere, hiztun berrien sortzeko.
EKEn jadanik hasi gara gogoeta honen eramaten eta egiaztatzen:
- Kulturaren bidez, eskoletan euskararen ikasteari zentzu emanez, funts emanez, ez dadin bakarrik eskolako hizkuntza izan. Horretarako dira gure ibilbide proiektu berriak, gure kultura eta artistak argian emanen dituztenak eta euskararen erabiltzeko motibazioa piztuko dutenak.
- Kultura transmisio lekuetan, euskara hutsezko transmisio inklusibo bat garatuz. Adibidez, nola dantza kurtso bat euskaraz eraman, ulertzen ez dutenak integratuz, frantsesa letratu gabe.
Horretarako da Kontserbatorioko musika eta dantza kurtsoetan eramaten dugun esperimentazioa, ondotik dantza taldeei hedatu nahi duguna.
- Herri kulturan, kabalkadan, pastoralean, euskararen erabilera kontzientziatuz errepiketan, mustraketan eta ekitaldi egunean. Horretarako da euskara batzordeen sortzeko xedea, Barkoxeko pastoralarekin esperimentatzen duguna Plazara kolektiboaren laguntzarekin.
- Herri antzerkiak berriz antolatuz herrietan. Antzerkiaren bitartez gazteak euskarari lotzen ahal baitira, zentzua eta interesa atzemanez. Gai honen inguruan lan eginen dugu aurten antzerki munduko eragileekin.
- Herrietako euskara teknikarientzat formakuntzak proposatuz, errituen inguruan euskal kultur komunitateak garatzeko non euskarak zentzu osoa ukanen duen.
Horretan ari gara EKEn, xumeki baina pragmatikoki. Eta gogoeta horretan ekile direnak eta izan nahi direnak gutarik hurbiltzera gomitatzen ditugu, hitzetatik harat, hiztun berrien sortzeko egiazko estrategia kolektibo bat sortzeko.