EITBren lerro editorialaz

2014ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Hautsak harrotu ditu Iñaki Oyarzabal PPkoak EITBko kazetarien kontra adierazitakoak. PP ez dabil bakarrik zeregin horietan, PSE eta UPyD bidelagun baititu. Lortu duten bakarra, ordea, unionismoak orokorrean duen ezintasuna agerian uztea izan da, PP asaldatzeko moduko ezer ere ez delako gertatu. Jarrera horien atzean helburu zehatzak daude eta, EITBren jarrera ikusirik, unionistei ez doakie hain gaizki ere.

Egia da PPk eta PSEk ETAk emandako urratsen ondotik sortutako eskenatoki politikoan beraien posizioa finkatzeko arazoak dituztela. Paradigma aldatu da, eta, Madrilekiko segidismoaren ondorioz, ahul ageri dira ideologikoki. Oyarzabalen hitzak testuinguru horretan kokatu behar dira, eta are gehiago biktima batzuen aldetik sortu zaizkien liskarrak tarteko. PPk eta PSEk euskal gizartearekin dute arazoa EITBrekin baino.

Ez da oso azkarra izan behar kritika eta eraso horien atzean beste helburu batzuk daudela antzemateko. Aitortu beharra dago legealdi hasieratikEITBren aurka zabaldu duten ildoak emaitza onak eman dizkiela, EITBko Zuzendaritza nahi eta behar duten lekura mugitzea lortu baitu; alegia, euren presioak EITBren ildoak egoera politiko berriari ekarpen positiboa egitea ekidin dute. Hor dago gakoa. Legealdi hasieratik irudikatu nahi izan dute EITBrekiko desadostasuna, bai eta zeharo faltsua den eta euren buruetan soilik existitu daitekeen EITB-EAJ-EH Bildu aliantza bat ere. Hau da, EITB indar abertzaleen zerbitzura eta beraiek alboratuak. Errealitatea guztiz bestelakoa da. Haatik, EITBk berak hilero Legebiltzarrera igorritako datuen arabera, Maite Iturbek zuzendaritza hartu zuenetik (2013ko martxoan) EITBk EH Bilduri bere albistegietan UPyDren atzetik denbora gutxien eskaini dio. Nahiz eta EH Bildu bigarren indarra izan, EITBrentzat PP-PSEk leku gehiago merezi dute. Hala ere, salagarriena ez da kuantitatiboa, ildo editoriala osatzeko ageri diren intentzio politiko argiak eta horren nolakotasuna baizik. Preso politiko baten heriotzak tratamendu anekdotikoa izatea, kasu.

Alberto Suriok EITBko Zuzendaritza hartzeak indigestio bat baino gehiago eragin zuen jelkideen artean, bai eta euskal gizartean ere seguru asko, garai horietan normaltasunez burutzen ziren «putxerazo» horietako batetik eratorria izaki. Putxerazoaren gobernuaren ostean hautestontziek adierazitakoari jarraiki, Legebiltzarrean eta EITBn ere herritarren gehiengoak EH Bildu zeukan EAJrekin adostasunak bilatzeko sozio logikotzat. Hala beharko zukeen, PP-PSEren tesia zuzena balitz. EAJk, ordea, izenen inguruko negoziazioa eta oraindik argitu gabeko akordioa tarteko, PSErekin esku hartuta hasi zuen legealdi honetako EITBren ibilbidea. Ibilbide hori zerbaitek ezaugarritu badu, EH Bildurekiko jarrera erasokorra izan da, bere jarduera instituzionalari dagokionez eta gatazkaren konponbideaz ere bai. EH Bilduren jarduera instituzionala gutxietsi, ezkutatu eta desitxuratzea EITBn EAJk dituen arduradun politikoen lehen araua da, eta Gipuzkoa eta Donostiako instituzioak, lehen jomugak.

Adibide soil batzuk aipatzearren: atez atekoaren eztabaidei izugarrizko oihartzuna eskaini arren, behin ezarria denean beronen emaitza onak eta herritarren iritziak ezkutatzea; Bidegi-Bidelanen artean lortutako akordioei buruz ezer ez esatea; Mandelaren hiletei jarraipen handia eskaintzea, baina gonbidatua izan zen euskal ordezkari bakarraren presentzia ezkutatzea… Irakurleak pentsa dezala zenbatetan ikusi dituen EITBren albistegietan Donostiako Udaleko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako oposizioko kideak, eta zenbatetan Bilboko edo Bizkaiko oposiziokoak. Hor laburbiltzen da Iturberen Zuzendaritzak EH Bilduren lan instituzionalarekiko hartutako jarrera.

Bakegintzari, elkarbizitzari, gatazka politikoaren konponbideari begira, EITBk ezarria du «zoru etikoa». Nola eta norekin adostu zen? Orain Oyarzabal jaunak bezala PSEk iskanbila sortu zuen EITBren Plan Estrategikoak ETA espresuki ez aipatzeagatik. Iturbek hasierako asmoak alboratu zituen orduan eta men egin zien PP eta PSEri, EAJk hala erabaki zuelako, EH Bilduk aurretiaz Legebiltzarrean adostasun zabalagoz onartua zen testua proposatu bazuen ere. EAJk gatazkaren konponbideari buruzko EITBren ikuspegia unionismoaren tesietara hurbiltzea erabaki zuen, herri honen gehiengoaren aldarrikapenak aintzat hartu beharrean.

Une politiko berezi hauetan eragile politiko bakoitzak jakingo du zein den bere ardura eta egitekoa. EITBrena guztioi dagokigu, hedabidea eta publikoa den heinean. Gatazka politikoa gainditzeko aukera zabaltzen ari garenean, EITBk badu zereginik, batzuen hegemonia eta interesetan iparra galdu gabe. EITBk etorkizuna badu, herri proiektu gisa soilik izango du, euskal gizarteak bere burua bertan islatua ikusten badu soilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.