Pare bat ohar Gurutz Olaskoaga Sarasolaren Lurraldetasuna eta EITBren erreforma, nazio gisa irauteko gako izeneko artikuluan EITBri buruz planteatutako puntuaz, besteak beste, ETB1 zeharka baino begiratzen ez duen ikusle batena baitirudi haren iritzi batzuen oinarriak («ETB1 oso ondo dago ikusle euskaldunentzat», etab.).
1.- Argi du Olaskoagak «lurraldetasuna eraikitzeko eta euskara zabaldu eta erabiltzeko eragilerik garrantzizkoenetako bat» dela EITB. Eta antzeko zerbait pentsa genezake beste batzuek ere, komunikabide horren xede eta eginkizun nagusien artean «Euskal Herriaren iraupena» dagoela sumatuko bagenu.
Besterik da, tamalez, EITBren —edo haren uhalak daramatzaten agintarien— eguneroko jardunak eginkizun nagusitzat islatzen duena. Beste edozein erakunde komertzialen antzera, gainbehera doakion share-a neurtzeko audimetroa du ikuste-puntuan, eta urrun samar geratzen da Euskal Herriaz eta iraupenez ulertu beharko uste lukeenetik, nahiz eta litekeena ere baden ulertu beharko lukeen hori ezin hobeto ulertzen duelako izatea hartua duen jokabidea.
2.- Nolanahi ere, jatorriz dagokion jiteak garbi onetsarazi beharko lioke EITBri bera baino ezin dela izan euskal hiritarron konpaktazio-tresna ahaltsua izatera iritsi litekeen hedabidea. Hedabide publiko bakarra, alegia.
Konpaktazioa aipatzean, baten bati astanafarreriaren garau mingarririk atera dakiokeen arren, Ipar eta Hego aldeetako administrazio-esparru desberdinetako hiritarren konpaktazioa esan nahi da. Eta badaezpada ere, eta zalantzarik gera ez dadin, euskaldunok —euskaraz normaltasunez bizi eta iraun nahi genukeen euskaldunok, bederen— barne gaudela azpimarraturik, zeren eta geuk baitugu, inork izatekotan, egoera nazional eta linguistiko-kulturalaren trinkotze-falta eta -premia larriena.
Euskal Irrati-Telebista publikoa eta haren irismena genituzke, bada, zazpi lurraldeetako biztanleok kulturalki eta linguistikoki bateratzeko eta trinkotzeko baliabide —eta itxaropen— bakarra, gainerako euskal (=euskarazko) komunikabideak, apenas irakurriak —zenbatek irakurtzen du, esaterako, Euskal Herri osora hedatzeko bokazioarekin jaiotako BERRIA?—, apenas ikusiak edota doi-doi entzunak izateaz landa, aski mugatuak suertatzen baitira bai dagokien esparru geografikoagatik eta bai, sarri, darabilten hizkeragatik.
3.- Ezin du gure onberatasun endemikoak inola ere ahaztu kopuruz askoz gehiago eta ekonomikoki eta baliabideetan indartsuago, erakargarriago eta guretzat kaltegarriago direla alboetako hizkuntza hegemonikoek baliatu ohi dituzten telebistak eta irratiak. Eta horiexek ditugula nagusiki oraintsu arte aski babestuta sentitzen genituen hizkuntz egoera funtsezkoenetara sistematikoki sartzen zaizkigunak, hots, duela gutxira arte euskararen transmisioaren azken berme ziren familia, ezkaratz eta esparru primario guztietan ia oharkabean barneratzen zaizkigunak, geure hizkuntza gero eta ezdeusago antzemanaraziz eta, finean, hura alboratzen joateko probetxua eta komenentzia sibilinoki erakutsiz. Bestek esan bezate, hemen luzatu gabe, kolonialismo, inperialismo, globalizazio edo akulturazio-prozesu deritzon horri!
Kontua da, hortaz, aberaste-itxurak eginez etengabe torpedeatzen gaituzten komunikabide horien erraldoikeriari aurre egiteko modu bakarra harako Dabid haren habailaren tamainako hedabide propioak garatzea baizik ez dugula, hedabide linguistikoki eta kulturalki propioak, sendoak eta azkarrak esan nahi baita. Hala-hola dabilzkigun arnasgune fisiko-geografiko mugatuei erantsiko litzaizkiekeen arnasgune birtual irekiak eta zabalak antolatzea, beraz, eginkizuna. Euskaldunen premiei behar bezala erantzuteko moduko irrati-telebista publikoa.
4.- Zailtasunak zailtasun (jakina da gaindigaitzak izan ohi direla lehentasun politiko interesatuek jarritako oztopoak), han eta hemen ikusten ari gara ez dela ezinezkoa horrelako komunikabide bat informazio-, formazio- eta entretenimendu-gunea izatea eta, aldi berean, babes- eta konpaktazio-tresna, dena batera. Ez da ezinezkoa, baldin lehendabizi borondate politikorik bada eta, segidan, aipatutako funtzio horiek guztiak betetzeko ahalegina komunitate-sentsibilitate aratzez taxutzen bada —gure kasuan, besteren artean, estatu espainiarra erreferentzia komunikatibo, soziopolitiko eta geografiko nagusi eta ia bakarra izatetik aldenduz eta Euskal Herria erabateko erdigunetzat hartuz, boterean dauden partiduen eta erakundeen ahots eta irudi eternoak izateari utziz, bertako jendartearentzat kezkagarrien diren arazoei sakonki helduz, etc.—, eta aldi berean kulturalki eta linguistikoki ere premiazko bezain pedagogiko eta baliagarri bilakatzen bada.
Formula orokorra, egia esan, ez litzateke egungo EITBk duen egituratik lar urrundu beharko, nahikoa baita lauzpabost telebista-kate eta beste horrenbeste irrati izatea, baldin kate-sorta bakoitzeko hiru laurdenak behintzat euskaldunak badira, hau da, euskara hutsa darabiltenak, euskararen soinua besterik ez dakartenak, erdarazko adierazpen eta solas guztiak, kalean edozein aitzakiarekin jaso litezkeen espainierazkoak barne (aita santuarenak balira ere!), euskarara bikoiztuak eskainiko lituzketenak, eta ez, orain arte bezala, euskarazko azpitituluekin adabakituak. Edozein irrati eta telebista normalen modukoak eta behar adinako aurrekontuen gainean eraikiak.
5.- Alegia: aipatu hiru laurden horietako Euskal Irrati publikoek, oraingo moduan taxutuak akaso (irrati jeneralista, gazteei zuzendutakoa, euskal musikari eskainitakoa, munduko musikaz diharduena...), sakonki hobetuak beharko lukete, hala edukien ikuspegitik nola hizkuntzarenetik (ohiko esatarien euskopidgin gisako hizkuntz mordoilo hibridatuak baztertuta, adibidez).
Ildo bertsuko zerbait esan liteke nahitaezko genituzkeen euskarazko telebista-kateei dagokienez ere. Erreferentziazko kate nagusia: gazteei eta nagusiei zuzendua eta eduki anitzekoa, Euskal Herri guztiarena izateko bokazioa aldarrikatu beharko luke senean eta programazioan. Haurrei eskainitako katea: ETB3ren modukoa apika, baina behar bezala egokitua, ikuspegi aberatsagokoa, eta ez hogeita lau orduz marrazki txoroz hanpatua. Hirugarren katea zinemaren, antzerkiaren eta gainerako kultur eskaintza zabalenaren gainean eratua eta EHko kultur ekoizpena bereziki landu eta garatuko lukeena. Hirurak, esan bezala, euskara hutsezkoak. Beste kate bat, azkenik, jeneralista, eduki anitzekoa eta hirueleduna, sentsibilizazioa garatzera eta euskararen unibertsalizazioaren oinarriak jartzera bideratu beharko litzateke (bertako hizkuntza ikasteko kurtso xumeak eta baliabideak eskainiz, besteak beste).
6.- Bukatzeko, argitu beharrik ez duten bi puntu. Lehena: errentagarritasun ekonomikoa ez litzateke inondik ere horrelako EITB publiko baten xedea. Bigarrena: edonork daki noren esku dauden era horretako egitasmoak abian jartzeko edota eraldatzeko borondatea eta ekimena. Eta korolario gisa: guri, oinezkooi, badirudi presioa-edo egitea baino ez dagokigula.