Behin, euskal entziklopedia berri bat kaleratu behar zutela eta aurkezpena ikustera joan nintzen. Entziklopedia horren egileetako batek esan zuen halako batean: «Euskal entziklopedia denez, soilik Euskal Herriarekin eta euskaldunekin lotura duten gauzak sartu ditugu bertan, besterik gabe. Adibidez, lehen alean, «Annual» sarrera ez dugu sartu; izan ere, Annualen gertatu zena espainiar armadaren eta Rifeko tribuen arteko zerbait izan zen...». Ni, hura entzun ondoren, zeharo txundituta geratu nintzen. Ederki asko bainekien Annualgo desastrea deitu izan den hartan ehunka soldadu euskaldun, milatik gora seguruenik, hil zirela, hil zituztela Afrikako lur eremu haietan.
Gure aitona zenak Afrikako gerrako kontuak kontatzen zituen, baita Kuban eta Pilipiñetako gerran suertatutako istorioak ere. Zortea izan zuen berak, libratu egin zen, uste dut gurasoak adinekoak zituelako. Kontatzen zuen Marokoko gerratik ez denak baina batzuk itzuli zirela, Kubako gerratik itzuli ziren gutxiak oso gaixo bueltatu zirela («mendialdean ezer jatekorik ez eta kanaberaren zuztar ustelak jatera behartuak zeudelako») eta Pilipiñetako gerrara joan ziren euskaldun haietatik bakar bat ere ez zela itzuli, bertan hil zituztelako denak.
1921ean, orain dela justu ehun urte, uztailean hasi eta abuztuan jarraituz, gertatu zen «Annualgo desastrea». Hamabi mila soldadu hil ziren «Protectorado español» deitzen zuten zonaldean. «Arruit, Zeluan ta Nadore / han ikusi det mila dolore...» abestuko zuten gerora handik bizirik atera zirenek. Espainiak eta Frantziak erdibitua zuten Marokoko iparraldea, hango meatzeak ederki ustiatuak zituzten, beren armada kolonialek zanpatua zuten lur hura, eta Espainiaren kasuan «protectorado civilizador» izan behar zuena, azkenean hutsean geratu zen. Rifeko biztanleak miseria gorrian bizi ziren, espainiar jauntxoek, Alfonso XIII.ak ere, etekin galanta lortzen zuten bitartean meatzeak hustuz. Melilla inguruan hasi ziren islanbilak eta gero, gerra latza. Abd el-Krimek batu egin zituen Rifeko kabila eta tribu solte guztiak bere agindupean. Kontu egin behar da Espainian dirua zutenak libratu egiten zirela soldaduskara eta, beraz, gerrara joatetik, hau da, soilik jende txiroa bidaltzen zutela, dirugabea, ia beti, alfabetatu gabea. Hara bidali zituzten euskaldunen kasuan, azpimarratu behar da jende behartsua, analfabetoa izateaz gain, askok eta askok ia ez zekitela gazteleraz ere hitz egiten. Nire aitona Gabirian jaio zen eta hark esanda dakit bere inguruko jendea, Afrikara bidalitakoa, oso trakets moldatzen zela gazteleraz, eta batzuek ez zekitela hitzik ere esaten. Imajinatu behar egoera hura: euskaldun haiek ez zekiten non zeuden, zergatik zen gerra hura eta ia ulertu ere ez zuten egiten ematen zizkieten aginduak... Mahai aurrean daukat garai hartako argazki bat: libratzeko dirurik ez eta Donostian, Ondarretako hondartzan, Marokoko gerrara joatea suertatu zaien soldadu euskaldun mordo bat ikusten da prest, uniforme, fusil eta guzti, serio.
Unibertsitatean nengoela Literatura ikasten, gerra horri buruzko liburu eta nobela gogoangarriak irakurri nituen: Gimenez Caballeroren memoriak, Ramon J. Senderen Imán, Arturo Barea-ren La ruta, José Díaz Fernandezen El blocao, Eduardo Ortega y Gasset filosofo ezagunaren anaiaren liburua... eta beste asko gehiago. Aipaturiko autore horiek bertan egon ziren, gehienak soldadu xehe zirela, ikusi eta nozitu egin zituzten han gertatutakoak eta gero, idatzi. Liburu horietan ikusten da espainiar ejerzito koloniala zein egoera penagarritan zegoen, jatekorik, edatekorik, janztekorik gabe; garbi azaltzen dute espainiar agintari militarren ustelkeria, koldarkeria, jauntxoen harrapakeria, agintarien, zenbait politikoren eta Alfontso XIII.aren beraren inplikazioa desastre nazional hartan.
Silvestre jeneralak ekin zion urtebete lehenago «liztortegi hura» astintzeari Kert ibaiaren inguruko operazioa agindu zuenean. Berehalaxe hasi ziren bertako arrifetarrak erantzuten, istiluak zabaltzen, aurrena blokao eta posizio txikietan, gero herrixka eta kuartel handiagoetan: Abarrán, Igueriben, A posizioa, Dar Drius, Annual... Latza izan zen uztailaren 21a Annualen, eta baita hurrengo egunak ere, Nador, Zeluan, Monte Arruit eta antzeko posizioetan... Ehunka gorpu nonahi, asko eta asko lepoa moztuta, bururik gabe, lurperatu ezinik, eguzkitan usteltzen... Melillako kanposantuan lurperatuta dautzan soldaduak, tartean hainbeste euskaldun, gutxi batzuk baino ez dira, nolabait esatearren, «behar bezala» lurperatuak izateko zoriona izan zutenak... Halako txikizioa ikusita, jakinda bera zela arduradun eta errudun handiena, diotenez, Silvestre jenerala uztailaren 22an bertan suizidatu zen. Oraindik, hala ere, luze iraun zuen triskantza eta txikizo hark.
Esan bezala, han egoteko zoritxarra izan zuten soldadu euskaldun asko eta asko bertan hil ziren. Gerora, gauzak baretzen hasi zirenean, beste asko etxera etorri ziren, eta ez umore onean, nolabait esateko. Baina baziren beste soldadu asko, euskaldun eta ez euskaldun, desertatu egin zutenak. Desertore egin ziren. Uniforme militarra erantzi eta lur haietako kabila, herrixketan galdu, desagertu egin ziren; batzuek moroen itxura, janzkera, ohiturak, erlijioa hartu zituzten.
Hau guztia, eta gehiago, nik nobela batean gauzatuta daukat, Ilargi horia (Pamiela argitaletxea): hura zer izan zen idatzi nuen, eta bertan ikus daiteke, baita ere, gaur arte ailegatzen zaizkigula «Annualgo desastrearen» ondorioak, oraindik eragina dutela guregan orduan gertatutako «mila dolore» haiek.
Aipamen berezi bat egingo dut: aurten, urte hasieran, lagun handia hil zait, Tomas Yerro Villanueva. Gizon ona, jakintsua oso, irakasle bikaina eta idazle, hizlari aparta. Ilargi horia eleberriaren gaztelerazko bertsioa kaleratu nuenean (Luna amarilla, Pamiela argitaletxea) bera prestatu zen hitzaurrea idaztera. Hori dela eta, esker modura, artikulu hau berari eskaintzen diot, apalki.
Ehun urte, ehunka hildako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu