EHUn politika egitearen prezioa: 20.000 euro

Saioa Etxegia Eizagirre eta Aitor Tena Eizagirre
2022ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Ez dira gutxi azken urteotan UPV/EHUn izan diren askatasun politikoen urraketak. Ibaetako campusean ongi dakigu hori. Joan den ikasturtean, campusean politika egiteko espazio faltaketa unibertsitateak hartutako jarrera pasiboak erabaki bat hartzera eraman gintuen: otsailaren 22ko goizean, Zorroaga aretoan sartu ginen, campusean politika egiteko aukera materiala bermatzeko. Horren aurrean, UPV/EHUk Ertzaintza campusera bidali zuen, eta ikasleak indarrez kanporatu gintuzten.

Azaroaren 29an, Ibaetako liburutegi aurrean Ikasle Abertzaleak eta Unibertsitateko Indar Batasunak egindako prentsaurrekoan, UPV/EHUk baimendutako eraso errepresiboaren ondorioen berri eman genuen: guztira 20.000 euroren isunez zigortu izana.

Errepresio politikoaren adierazlerik agerikoena edozein gatazkaren aurrean unibertsitateak baliatzen duen aterabide poliziala da. Baina badira horren begi bistakoak ez diren adierazpenak ere: lan politikoa egiteko espazioak ukatzea, garbitzaileen greba eskubidea urratzea... horien helburua argia da: langile klasearen antolakuntza politikoaren blokeo eta deuseztapena. Hala ere, ez da harritzekoa unibertsitateak jarrera errepresibo hauek izatea; izan ere, argi daukagu unibertsitateak ez duela izaera neutralik eta burgesiaren interesei erantzuten diela zuzenki.

Eraso hau UPV/EHUren babesarekin gauzatu dela azpimarratu nahi dugu, baita bertako ustezko sektore aurrerakoiaren onarpenarekin ere. Horiek izan ziren, hain zuzen, iazko ikasturtean unibertsitateko askatasun politikoen urraketak justifikatu zituztenak, «arrazoi sanitarioak» baliatuta. AZPko langileek, berriz, HEFAko dekanotzak Gunea (Ibaetako ikasle mugimenduak jarduna aurrera ateratzeko ezinbestekoa izan den azpiegitura) kentzea eta, beraz, antolatzeko aukera oro ukatzea legitimatu zuten, «koronabirusak sortutako egoera eta erabakiak aitzakia bainoago arrazoia» zirela esanda. Gainera, eskerrak eman zizkieten «alde guztiei», otsailaren 24ko gauean «Zorroaga aretoaren hustea modu baketsuan egiteagatik»; izan ere, haien hitzetan, «osasun krisi honetan, ezin onartuzko arau hausteei amaiera eman behar zitzaien lehenbailehen, guztion, unibertsitateko komunitate osoaren, osasuna babeste aldera». Non ziren legearen defendatzaile sutsu hauek EHUk eta HEFAko dekanotzak politika egiteko bermea sistematikoki ukatzen zutenean?

Ezin dugu ahaztu sektore hauek UPV/EHUren eraso oro babestu dutela, modu aktibo edo pasiboan, eta etengabe zilegitzen dutela burgesiaren interesen alde egituratzen den unibertsitatea. EHUren izaera aurrerakoi eta demokratikoa itxurakeria soila dela geroz eta agerikoagoa den arren, sektore hauek behin eta berriz ahalegintzen dira berau zuritzen. Esaterako, elitizazioaz hitz egitean soilik unibertsitate pribatuak jartzen dituzte jopuntuan, publikoaren gorazarre abstraktua eginda. Horrek, ordea, unibertsitate publikoaren elitizazioari ez ikusiarena egiten dio, eta prozesu horren konplize bilakatzen ditu.

Horrekin guztiarekin lotuta, azaroko prentsaurrekoan bi aldarrikapen mahaigaineratu genituen: poliziak unibertsitateko campusetara sartzea debekatua izatea, batetik; eta UPV/EHUk isun ekonomikoei aurre egiteko ardura hartzea, bestetik, bera izan baita honen erantzule. Gure aldetik, gatazka politikoaren irtenbiderako negoziaketa mahaiak irekitzeko prestasuna adierazten jarraitzen dugu. Bestetik, egindako aldarrikapenek ahalik eta babes zein oihartzun handiena izan dezaten, sinadura bilketa abiatu dugu ikasleen artean. Datozen asteetan irakasle eta langileen sinadurak ere jasoko ditugu. Horrez gain, isunei aurre egiteko diru bilketa ere martxan jarriko dugu, hainbat ekimenen bitartez: crowdfunding, materialaren salmenta, elkartasun jaialdiak...

Egoera honen aurrean, askatasun politikoen alde eta hezkuntza unibertsalaren defentsan borrokan jarraitzea ezinbestekoa da, klase batasunaren eta elkartasunaren printzipioen barruan. Proletariotza iraultzailearen antolakuntza politikoa baita unibertsitatearen izaera kapitalista gainditu eta hezkuntzaren gaineko langile kontrola ezartzeko bide bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.