Lander Majuelo.

Ehun arrosa

2019ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun

Rosa Luxemburg eta Karl Liebknechten hilketen ehungarren urteurrenak, militar ultraeskuindarren bidez sozialdemokratek baimendu hilketak, Alemaniako kanpo ministerioko artxiboan topatu nau, Felipe Gonzálezek euskal herritarren aurka GALen bidez baimendu hilketak ikertzen. Arrosa eta ukabila. Bai atzo, bai herenegun, erreforma ukatu eta hausturan saiatu zirenak zulora. Zein gutxi aldatzen diren gauzak, kamarada. Trantsizioa datorkigu berriz ere gainera, inoiz joan bazen, eta estatuan denak itxita badira, kanpoko artxiboetara etorri behar izaten da, adibidez, Madrilen ziren alemaniar enbaxadoreek Bonnen ziren kantzilerrei euskal gatazkaz aitortzen zizkietenak irakurri ahal izateko.

Diktadura zela oraindik idazten dute enbaxadoreek Bonn-era kezkatuta, Txillardegiz, Juan José Etxabez, Burgosez, borroka armatuaz, dozenaka komunikazio. Bahiketez. Ekintzez. Baita diktadura ostean ere. Martxoak hiru, Germán Rodríguez, biolentzia giroa. Hitz saldoak Lemoizez, Tejeroz. 1983an oraindik ere, ETAri babesa izugarri zabala dela, iparra galdua dela, ezin dituztela euskaldunak kontrolatu, nor den lagun eta nor etsai. Bueltan mezuak kontsulei, mesedez ez daitezela fida, oroitzeko Eugen Beihl-i Donostian gertatuaz. Iparra, iparra, sumendi galdu bat dela iparra.

Feliperen ukabilaz ez da deus. Hainbeste biolentziaren artean, GAL ez da ia inon ageri. Bada baina 1977ko uztaileko komunikazio bat, esanez estatuak badaramatzala hiru edo lau urte jada mertzenarioen bidez iparraldean euskal herritarren aurka ekiten, «espainiarra bezalako herri katoliko batek gerrilla metodoak onartzea zaila bada ere». Ostera ere, diktadura frankistaren eta sozialdemokratek zuzendu demokraziaren artean ez zen etenaldi bat egongo estatuak euskal herritarren aurka antolaturiko biolentzian. Trantsizio bat baizik. Mertzenario atzerritarren tokia hartzen joanen dira polizia eta guardia zibila. Berlingo urtarrilaren ilunak argitzen du bidea kanpo ministerioko artxiboan.

Hemendik metro gutxira da Liebknechtek 1918an errepublika sozialista aldarrikatu zuen balkoia. Marrazoentzako negozio eskola bat da egun, DDR garaiko beirateetan jainko bizardunak begira dituztela. Zenbat aldatzen diren gauzak, kamarada. Hilketa haietatik ehun urtera, arrosa eta ukabil gehiegi. Zer egin iraultza saiatu eta akabatu zituztenen memoria politikoarekin? Aurreko urtean baino gehiago agertu gara manifara, Luxemburg eta Liebknechten hilobiak krabelinez estali eta, halere, munduko pena guztiak dakartzan prozesioa da hau. Galdu genituen bataila denen zerrenda zehatza. Ez da egun tristeagorik hiri lauso honetan. Zer egin hainbeste oroitzapenekin, nondik hasi ehuna.

Begira Rosa, kosta ahala kosta ekidin nahi zuen gerra oinez bere bila etorri zela. Urteak kartzelan igaro eta irten ostean erreformaren aldekoek bere bizitza biolentziaz amaitu zutela. Langileen arteko bakea lortzeko bidea zen iraultza kanal baten ur izoztuetan galdu zitzaiola. 1918-1923 urteetako basakeriak, amaitu da lehen mundu gerra eta, halere, lau milioi hildako datoz opari, inperioak desegin eta estatuak datozela. Begira Rosa, zirimolak hautsia, mahaia ongi atondu zigun arren, «iraultza da ederrena!», hoztu digute jana. Paul Celanek idatzi zion halere, ur izoztuetan ere ur lasterrak.

Begira bere bizinahia. Etxeko portaletik Leo Jogiches atxilotu zuten portalera hirurehun eta laurogeita bat pauso zenbatu ditut. Auzoaren ederra. Luxemburgen maitale eta kide KPDn, bera akabatu eta bi hilabetera hil zuten hura ere. Itsuan nator zenbatzen, magia gorriren batek ekarriko balitu bueltan Rosa edo Karl, hobiratuko balitu Felipe edo Noske. Hain erraza balitz, garaiko gatazkei esanak eta eginak nire gatazkei loctitez itsastea. Bueltan hirurehun eta laurogeita sei pauso behar dira. Itzulerak ez dira sekula amaitzen. Ibiliko zituen Luxemburgek, zainduko zituen Leorenean ere hainbeste maite zituen landareak, katuak, iraultzak.

Zer egin hainbeste galera bezain aukera sortu tradizioekin, nondik hasi ehuna, zelan ekarri Luxemburg auzora, Azkoienera edo Iruñeko San Anton kalera, nola lagunduko gaitu Luxemburgek egun ere, erreformatik haratago haustura egonkorrak osatzen, naftalinatik edo popetik at. Zer egin, kamarada?

Luxemburgek ehundu zuena bizirik baldin bada oraindik ere, aukera berriak osatzen dabiltzanen garondoetan izanen da. Berdin Azkoienen, berdin San Anton kalean. Berdin zelulosan edo etorkizuna irekitzeko bidea ixtera etzaten diren gorputzetan. Beharko dugu berriz ere adostu eta irakurri, zaindu beharrekoak zaindu, izan polizia foralek zaurituak edo Alemaniako kanpo ministerioko paperetan justizia eske datozkigun ahotsak, eta ziur egon bakeak merezi zuen bezala lehen mundu gerraren bezperan langile frantses eta alemanen artean, merezi duela betiere erreformatik harago datorren jarrerak. Bide erradikalak. Arrosaren sustraira datorren bide hori, Felipe guztiekin hautsi eta sumendiak ehuntzen dituen bidea.

Haren hilketarekin amaitu zen iraultza

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.