Joan den uztailaren amaieran Bultzada berri bat EHUrentzat eskatu genuen prentsan. Bertan genioen frankismoaren gau luzearen ostean, Euskal Herriko unibertsitate publikoak lorpen kolektibo handi bat ekarri zuela, betiere euskal instituzionalizazioari lotua eta eraldaketa orokorrerako motorra ere izan zela.
Urte batzuk geroago, dagoeneko testuinguru ekonomiko, teknologiko, sozial, ingurumeneko eta politiko berri batean gaude, eta horrek, ikerketa eta irakaskuntzako erakunde gorena izanik, eskakizun berriak planteatzen ditu. Izan ere, klima larrialdiak, geopolitikako aldaketek, gure egitura ekonomikoaren egungo eraldaketek, prekaritate laboral eta sozialak —gizarte dual baten emaitza gisa—, digitalizazioaren ondorioek lan munduan, hiperkomunikazioak, zahartze demografikoak, genero-arrakalak, migrazio prozesu berriek, globalizazioaren akulturazioaren eraginak gure hizkuntza eta kulturan, botere egiturak eta harremanak zalantzan jarri eta indarkeria matxista anitz identifikatzen dituzten feminismoaren aldarrikapenek... horiek guztiek erronka global eta diziplinarteko bat suposatzen dute Unibertsitate publikoarentzat.
Hiritarren zerbitzura dagoen itsasargia den aldetik, joera hauek interpelatzen gaituzte Unibertsitate bezala. Etengabeko egokitze-ariketa beharrezkoa da eta ziurgabetasunen testuinguruan ziurtasunen sorkuntza berritzailea dagokigu, baita fenomeno disruptiboen aurrean aurreikuspenak egitea ere.
Unibertsitate publiko modura, erreferente izaten jarraitzeko betebeharra dugu, bai oinarrizko ikerketan, baita aplikatuan ere. Altxor bat da 372 ikerketa talde eta 5.974 ikertzaile izatea eta ezagutzaren hedapena, ikasle berrientzako oztopo ekonomikorik gabeko sarrera bermatzea eta genero-arrakalak ezabatzen jarraitzea ere bai. Era berean, gure Eman ta zabal zazu leloarekin bat eginez, nazioarteko proiekzio sendo bat bilatzen dugu, konplexurik gabe eta, besteak beste, gure kapital kulturala eta bere berezitasunak erakusteko.
Errektore hauteskunde hauek inflexio puntu bat izan behar dira EHUk gaur egungo erronkei eta etorkizunean etorriko direnei aurre egiteko. Garaiak eta herri honek eskatzen dizkioten erronka handiak bere gain hartzeko une historikoa da (adibidez, EHU beraren digitalizazio plan estrategiko batekin eta Euskal Unibertsitate Sistemen Legea berrikusiz). Irakasleen egoerari aurre egiteko aukera erabakigarria da, lan-prekaritate kontraktual eta soldatapekoari aurre egin eta irakaskuntza eta ikerketa funtzioak garatzeko beharrezkoa den konpromiso eta pizgarri baldintzak sortu behar dira. Garaia da administrazio eta zerbitzuen esparruan karrera egin ahal izateko segurtasunik eza eta planifikaziorako ezintasuna sortzen duen egoera errotik aldatzeko. Eta garaia da ere EHUn ikasleen parte-hartze demokratiko eta inklusiboaren gobernantza-eredu bat ezartzeko, besteak beste, klaustro dinamiko eta aktibo batekin.
Horretarako, eztabaida eta barne-elkarrizketarako tresnak ezartzea funtsezkoa da, irakasle-ikertzaile, administrazio eta zerbitzuetako langileek, eta ikasleek proiektu zirraragarri eta partekatu baten parte sentitu daitezen. Hau izango litzateke ikerketa zientifikoko proiektu interdisziplinar, kolaboratibo eta maila altukoak lantzeko oinarri sendoa,—ikerketaren askatasunaren errespetu negoziaezinetik—, euskal ehun sozioekonomikoaren kontsolidazioan positiboki eragiteko. Aldi berean, Unibertsitate publiko eta nazional bezala, benetako autonomia baterantz aurrera egitea beharrezkoa dugu, irakaskuntzaren kalitatea bitarteko aurreratuekin erdigunean jarriz.
Errektore hauteskunde hauen ondoren, sakontzen jarraitu beharko da euskalduntzean, bai hezkuntza eskaintzan, baita unibertsitate ekosistemaren normalizazio linguistikoan ere. Nafarroako eta Akitania Berriko unibertsitate publikoekin aliantza naturalak sakontzen jarraitu behar da. Eta, era berean, unibertsitatearen nazioartekotzeari garrantzia emateko aukeran sakondu behar da. EHU herri honen benetako enbaxadore eta ardatz intelektual gisa aritzeko unea da, gure kultura eta ezagutza proiektatuko duen nazioartekotze sendo baten bidez.
Gure Unibertsitate publikoaren esku-hartze lerro hauek —berehalako irabazi ekonomikoen irizpideak gaindituz— gure Instituzioen konpromiso ekonomiko serioa behar dute. Irismen luzeko parametroak ezinbestekoak dira gure funtzioa beteko badugu eta beti bilatu dugun eraginkortasuna eta efikazia eskuratuko badugu. Ezin da jarraitu munduko unibertsitateen artean EHUk eskaintzen duen ikerketa kalitate ona eta hori mantentzeko eskaintzen den baliabideen eskasiaren artean dagoen kontrastearekin, ez eta jarrera hau betikotzen duen joera boluntaristarekin. Bestelakoa behar du konpromisoa.
Bultzada berri honen garrantzian sinetsita eta 2024ko azaroan burutuko diren errektore hauteskundeetako bi hautagaitzen programak aztertu ondoren, Joxerra Bengoetxea Caballero irakaslea —bere hautagaitza polibalente eta programa osatuarekin— egokitasun, gaitasun profesional eta sinesgarritasun egokia irudikatzen dituela uste dugu. Izan ere, garaiak eta egoera berriek EHUri eskatzen dioten rolari begirako aldaketa eta bultzada berri bat egiteko proposamena da.
Manifestuaren lehen sinatzaileak:
Irakasleak:
- Ramon Zallo Elgezabal. Ikus entzunezko katedradun emeritua.
- Miren Onaindia Olalde. Ekologiako katedraduna.
- Kiko Caballero Harriet. Zuzenbideko katedradun emeritua.
- Mari Luz Esteban. Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia saila.
- Jon Zarate Sesma. Farmazia eta elikagaien zientziak saila.
- Katixa Agirre. Ikus entzunezko komunikazioa eta publizitate saila
- Baleren Bakaikoa Azurmendi. Ekonomiako katedradun emeritua.
- Mila Amurrio Velez. - Soziologia eta gizarte langintza saila.
- Perro Ibarra Guell. Zientzia Politikoetan katedradun emeritua.
- Arantza Urkaregi. Matematika eta estadistika irakasle ohia.
- Gurutz Jauregi. Zuzenbide Konstituzionaleko Katedradun emeritua.
- Aintzane Camara Izagirre. Musika, Plastika eta Gorputz Adierazpidearen Didaktika saileko irakasle ohia.
- Nerea Ezeiza Ramos - Lengoaia eta sistema informatikoak saileko irakaslea.
- Ekai Txapartegi Zumeta - Filosofia saila.
- Irati Agirrezkuenaga. Kazetaritza saila.
- Ekaitz Zulueta Guerrero - Sistemen ingeniaritza eta automatika saila.
- Izortze Santin Gomez - Biokimika eta biologia molekularra saila.
- Joxerra Aihartza Azurtza - Zoologia eta animalia biologia zelularra saila.
- Lorea Mendiola Egaña - Ekonomia aplikatua saila.
- Juan Hernandez Zubizarreta. Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbidea saila
- Javier Saenz de Pipaon. Ingurugiro Zuzenbideko masterreko irakaslea.
- Itziar Eizagirre. Zuzenbidean doktorea.
- Mikel de la Fuente Lavín. Empresaren zuzenbidea saileko kide ohia eta Masterreko irakaslea.
Tekazel:
- Susana Andino. Eraldaketa Digitalaren eta komunikazioaren arloko errektoreordetza
- Maite Urtiaga Arregi. Ikasleen eta enplegagarritasunaren arloko errektoreordetza
- Aida Torres. Liburutegiko arduraduna.
- Alaitz Etxebarria Ortuzar. Ingeniaritza kimikoa eta ingurumenaren ingeniaritza saila