Asko hitz egiten ari da aspaldi honetan Euskal Herriaren iraganaz eta gertatu diren giza eskubideen urraketez. Eta egia-batzorde baten beharraz.
Egia-batzordeak, ordea, eduki eta forma oso desberdinak izan ditu historian zehar hura erabili duten herrialdeei begiratuz gero. Eta normala da, azken buruan horrelako erakunde bat bai edukiz bai formaz ad hoc, hau da, kasuz kasu, taxutu behar baita, herri jakin baten arazoei ekiteko. Hortaz, gure herrian gertatu direnen aurrean nolako egia-batzorde beharko genuke?
EDUKIA. Espainiako Estatuan giza-eskubideen urraketak zatika eta banaturik arautu dira. Zatika, urraketa guztiak kontuan hartu ez direlako: adibiderik argiena, Estatuaren indarkeria osatzen duten urraketak —torturaren bitartez, poliziaren gehiegikerien bitartez, talde parapolizialen bitartez, inkontrolatu zein terrorismo-taldeen bitartez,espetxe barrukoak…—. Zatika, 1977ko amnistiek hainbat urraketa estalpean utzi dituztelako. Baina zatika ezezik, banatutako eran, «lastertasun» ezberdinez sustatu dira aurre egindako urraketen tratamendua: horra hor, batetik, Terrorismo Biktimen Legea (29/2011 Espainiakoa eta 4/2008 Euskadikoa), eta, bestetik, Memoria izenekoa (52/2007 Legea). Bietan hildakoak, zaurituak eta oso urraketa larriak izan arren, estandar juridiko eta erantzun desberdinak izaten ari dira. Hitz gutxitan: berdina desberdin tratatzen da.
Horren aurrean egia-batzordearen goiburua, lehenengoa, zera izan beharko litzateke: larritasun berbera duten urraketa guzti-guztien tratamendua bateratzea. Eta bigarrenik osotasuna egiten joatea, ofizialak ez diren urraketak argitara ateratzen. Horrek eskatzen du, eta larrienetatik hasita, bizitza-eskubidea (hildakoak), osotasun fisikoa eta psikikoa (lesionatuak), edo askatasuna —sexu-askatasuna zein mugitzeko askatasuna batik bat— modu larrian jasan duten urraketa guztien egia azalaraztea: hots, funtsean, ETAk hil, bahitu eta lesionatutakoak; Estatuak hil, bahitu eta lesionatutakoak. Horiek izan behar dira, gure gizartearen aurrean aurrez aurre begiratzeko moduan eta zalantza barik jakiteko moduan argitu behar direnak.
MODUA. Egia ateratzeko modua, ordea, egokia behar da izan. Ezin da edozelan egin. Prozesuan dago, lehenik eta behin, gakoa. Gertatu denaren irudi osoa, sinesgarria eta denona izan beharko litzateke helburua. Oraindik ere baten bat baldin badago kontu hauekin politika txikia egiteko gogoz, jarreraz edota jardunez, lan honetatik kanpo gelditu beharko litzateke herriaren onerako. Bukatu da norberaren ondare ideologikoaren aldeko egia-lana egiteko aldia: hura lehenago bukatu beharko zitekeen giza-eskubideen kultura behar bezala eta maularik gabe barneratuta izan bagenu. Dena dela, orain egia-batzordea eraikitzea eta bultzatzea herri-gai bilakatu beharra dago, kultur politiko guztien ondare. Hori lortzea, ordea, ez dator zerutik: prozesua sortu eta babestu beharra dago.
Urraketa larrien mapa sinesgarria eta denona sortzeko bi baldintza bete behar dira lehenengo fase batean: bata, gobernua —bai Eusko Jaurlaritza, bai Aldundiena, bai gaurkoa, bai etorriko dena— kanpo gelditu behar da. Gobernuek ez dute familia ideologiko guztiak ordezkatzeko egokitasunik. Bultzatu beharko dute egia-lana, finantzatu beharko dute egia-batzordea edo nahi den izenez funtzio hura betetzen duen erakundea. Baina ezin du batzorde horren barruan kontrola eduki. Orain arte Eusko Jaurlaritzak ibilbide bat egiten joan dira, ETAren biktimekiko funtsean. Estatuaren biktimekiko, ordea, ibilbidea hastapenetan dago. Dena dela bietan formula berbera saiatzen ari da: gobernuak bultzatzen du eta ahalegintzen da Legebiltzarraren sostengua ahalik eta zabalen lortzen. Formula horrek daukan ahulezia nagusia bada lana ezin dela babestu politikariek setakeriaz hura erabili nahi dutenean. Horregatik heldu da formula-aldaketa egiten hasteko. Gobernua ibilbidearen lidergotik kanpo gelditu behar da giza-eskubideen politikak, biktimen politikak eta bereziki «egiaren osagaiak» erabakitzerakoan. Eta, orduan, nor arduratuko da?
Hemen, bigarren baldintza: ideologia-familia guztien artean autoritatea duten pertsonek osatu behar dute batzordea. Eta autoritateak esan nahi du sinesgarriak izango direla egia bilatzerakoan. Bitan pentsatu beharko lukete gure politikariek zein puntutaraino memoria-zentroak eta antzekoak sortzeko moduan gauden, sortzeko unean denon edo ia denon kontsentsua ez badute. Zentro horiek ez badute jende anitzaren konfiantza, borroka politikoa elikatzeko balioko dute, ez ordea gai minberotan lokarriak askatzen joateko. Hortaz, lupaz bada ere, bilatu beharko dira pertsona egokiak, alderdi politikoetatik at, sen onez eta modu independentean, giza-eskubideen arauei bakarrik men eginez lan egingo dutenak. Kosta ahala kosta autoritatedunak bilatu eta topatu beharko ditugu, herri txiki honetan denok elkar ezagutu arren eta denok nonbaiten «kokaturik» egon ei arren.
Batzuetan, aurrera egiteko gelditu beharra dago. Orain arte egin den lana biktimen alorrean ez da hutsala izan. Baina egoera politikoaren aldaketak are argiago uzten ari da beste moldea behar dugula: alegia, egia-batzordea. Erakunde berri honek, hortaz, orain arte egindakoa jasota —aterako diren Dekretuena barne horien edukia duina bada—egia ateratzeari lehentasuna eman beharko lioke, ahalik eta herriaren gehiengo oso zabalak esan ahal izan arte: «Hauxe da giza-eskubideen urraketek osatzen duten mapa». Hori lortzen ez badugu, orain arteko eztabaida sektarioari kateaturik jarraituko dugu, hildako eta lesionatuak elkarri aurpegiratuz. Egia-batzorde on batek, ordea, egia prepolitikoa sortzeko zimentarria izango genuke, atzean gobernua eta legebiltzarra lagun, baina interferitu gabe. Indarkeria eta politika ezberdintzeko hainbat aldiz eskatu duguna ez al da garaia ideologia-familia guztiek haien buruei eskatzeko? Erronkei eusteko jaioak garen euskaldunok ez gara ba gauza izango?
EHko Egiaren batzordea: abiapuntua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu